Estatugintzaz

Estatugintzaz

Estatuez gaindiko indarren existentzia onartzen den heinean, gehitu ahalko nuke, lasai askoan, Estatuak beraiek direla gauzen egoera kapitalista honen jarraipena ahalbidetzen dutenak (zaila delako lotura ukaezinak haustea), errazagoa delarik alternatiba antikapitalistak (herrigintza) Estatugintzaren bitartez baino, maila xeheagoko alternatiben bidez burutzea. Alternatiba libertarioek hartuko lukete tokia hemen: autogestioa, beharrizanen araberako ekoizpen-ereduak, elkar-laguntza etab. Iraultzaileagoa izan liteke kontsumo-eredu kapitalistekin haustea (hamabost kamiseta izan beharrean hiru edo laurekin konformatzea, plastikozko botiletako ura edan beharrean, iturritik hartzea etab.), ekoizpen bitartekoak nazionalizatu eta eredu berarekin jarraitzea baino

Ergelez doa jokoa. Ergelez eta azkarrez, ezinbestean. Ergeltasun absoluturik ez dagoen heinean azkarrak egon behar baitu ergela zer/zein den ebazteko; ergeltasuna azkartasunaren aurkakoa dela argitzeko. Neure gain hartzen dut enbidoa -ezer ulertzen ez duen ergela naizela (zinez diot)-, baina, bide batez, Estatuaren izaeraren inguruko zirriborro bat gauzatzeko lizentzia hartuko dut. Zirriborro prekarioa eta gabea; ene uste garatu-gabeen zertzeladen ordezkaritza. Neure buruarentzat argigarria izan litekeena eta inolako guda-asmorik gabe –gerra galtzera kondenatua bainago-, menia-adierazpen gisa interpretatu ahal dena. Arrazoi unibertsalak lausotzen diren eremu teorikoan, ez da inolako asmoa inori zer-nola pentsatu behar duen adieraztea, batik bat, ondorengo azalpenak politika pixkat dakien edonork badakizkielako. Har itzazue, hala, lerrook nire barne ulehermena jopuntu duten zirriborro aldakor gisa. Denboraren mugak eta horri atxikiriko jakintasun mugatuak determinatu egiten baitu hausnarketa bera.

Burokrazia eta tirania

Weber-ek demokraziaz zuen kontzeptuak egun ere bizirik dirau, hortik abiatuko baita da Estatu modernoaren legitimazioa. Ulertzen da Weberren hiru dominazio tipoak ez direnez araztasunez ematen, horiek erreminta kontzeptual gisa konprenitu behar direla. Definizio ez-normatibo bat izango litzateke Weberrena; Dominazioan oinarritua -(herrschaft), ez erdeinuz, obedientzia aurkitzen duen indar legitimo gisa baizik. Hankabikoak, bere subjektibotasunean, janzten duelarik indar hierarkiko hori legitimitatez-. Obedientzia aurkitzea bera legitimotzat hartuko da, beraz, legitimitate horrek hiru dominazio-tipo subjektibori erantzun ahal diolarik; karisma, ordenamendu juridikoa, eta tradizioa. Hiru tipo idealen arteko hibridoa da demokrazia Weberren ustez, Estatu liberal modernoa legitimatzen duena. Dominazio karismatikoan (karismaren interpretazio ez-autoritario baten baitakoa) izango luke hastapena (hankabikoak, bere subjektibotasunean, lider sendoak hautatzen baititu aurrena) eta burokrazian eta ordenamendu juridikoan oinarritutako dominazio arrazionalarekin bereganatuko luke halako egonkortasun bat. Tradizioak ere, bistan da, bertan eragina duelarik.

Burokraziaren baitako berdinketa soziala berebizikoa da egungo Estatu liberal demokratikoak ulertzeko: norbanakoaren jatorria eta klasea ahanzturik, gaitasuna baino ez delako kontuan hartuko Estatuko aparatu burokratikoaren konposizioan. Halabehar saihetsezina omen da burokrazia.

Zer da, bada, burokrazia, erantzulerik ez duen nagusitasun-sistema konplexu bat baino? Hala dio Hannah Arendt-ek: “Burokrazia bulego-sistema konplexu bat da zeinaren erantzukizuna inoren esku ez dagoen (denena eta inorena ez da erantzukizuna aldi berean). Pentsamendu politiko tradizionalaren arabera, tirania zera da: inori konturik eman (accountability) beharrik ez duen gobernua. Esan daiteke, inorena ez den nagusitasun hori (erantzulerik ez duena) guztietan tiranikoena dela”. Kafkaren Joseph K. berberak irudikaturikoa, burokraziaren tiraniaren adibide maximotzat.

Globalizazioa: Estatu independenteen falazia

Globalizazioa dela-eta Estatuaren gailentasuna zalantzan jartzen duten teoriak badira. Geopolitikari dagokionez, eztabaidak hiru esparru teoriko hartuko lituzke, nik dakidala: globalistak, eszeptikoak, eta transformazionalistak. Globalisten aburuz, globalizazioa prozesu ekonomiko bat da zeinetan Estatuek euren eragin-esparrua mugatuta ikusten duten (edo ez). Globalizazioa, ulertzen da, 1947tik AEBk egosten jardun duen hegemonia ekonomiko baten gailentasuna da, 1991tik aurrera erabat gailenduko dena mundu-mailan. Bada Estatuek 1648ko Westfaliako Itunaz geroztik ezarritako lurralde-mugen gaindiko indar ekonomiko bat, gauzen egoera berrasmatzen duena.

Transformazionalistek, bestalde, ukatu egingo dute globalizazioa prozesu ekonomikoa dela. Globalizazioa ez da fenomeno berri bat, eta Estatuak dira indar-ahalmen handiena duten eragileak. Michael Mannen eskutik, Estatuak indar-kolektiboaren kristalizazio moduan ulertuko dira (Estatua aparatu burokratiko hutsa eta dominazio-erraminta baino ez dela ukatuz). Itxura eta forma anitzeko Estatuak, berrelikadura etengabean dabiltzan bi motatako indarren baitan: azpi-egiturazkoak -hor legokeelarik herrigintza: Estatuaren eraginkortasuna (hiritarren onarpenean oinarritua) bizi-modu edota pauta orokor batzuk betearazteko- eta despotikoak –erabaki-hartze prozesuan parte hartzen duten aktoreen baitakoak-.

Erantzun moduko lerroon eragile izan den aurre-artikuluaren funtsa Mannen teorian oinarrituta legoke -baina baita teoria hobbesiar kontraktualistan ere. Alegia, mesfidantzan eta kaos orokorrean –egoera naturalean- murgilduta dauden hankabikoek sortzen dute Leviathan munstroa (gaizkia) mundua bizitzeko toki bilakatzeko. Ez dago herririk ordezkaritzarik gabe. Ordezkaritzaren bitartez ematen zaio forma eta batasuna gizabanakoen masa amorfoari. Itun bikoitza: hankabikoa/gizartea eta gizartea/Gobernua-.

Mann-en teoriarekin bat, esaten da: ahalmen politiko handiena duen erakunde-multzoa Estatua da –batetik-, eta bertatik bideratu behar da herrigintza –bestetik-: eguneroko bizi-modua, herri-eredua. Baieztapen horrek bi eragozpen nagusi lituzke, punpalasterrean: aurrenak, lehen puntua jarriko luke zalantzan, eta bigarrenak, bigarrena. Estatua ahalmen politiko handiena duen erakundea dela onartuz gero bakarrik onar daiteke egungo Estatuak independente direla: Euskal Herria prozesu independente/burujabe hipotetiko batean murgilduta dagoela. Guztiz baztertuz badela egungo geopolitika nagusiki baldintzatzen duen indar ez-ukigarri bat, Estatuen jarduna mugatzen eta bideratzen duena: kapitala. Mannek esango luke kapitala ez dela hain ukiezina, baduelako jabe ukigarri bat; dela ekoizpen-eredu x edo finantza-erakunde y. Nik neuk, finantza-kapitalari subordinatutako ente dependente gisa ulertzen dut Estatua, egun. Ez dut onartzen, beraz, lehenengo baieztapena.

Estatuez gaindiko indarren existentzia onartzen den heinean, gehitu ahalko nuke, lasai askoan, Estatuak beraiek direla gauzen egoera kapitalista honen jarraipena ahalbidetzen dutenak (zaila delako lotura ukaezinak haustea), errazagoa delarik alternatiba antikapitalistak (herrigintza) Estatugintzaren bitartez baino, maila xeheagoko alternatiben bidez burutzea. Alternatiba libertarioek hartuko lukete tokia hemen: autogestioa, beharrizanen araberako ekoizpen-ereduak, elkar-laguntza etab. Iraultzaileagoa izan liteke kontsumo-eredu kapitalistekin haustea (hamabost kamiseta izan beharrean hiru edo laurekin konformatzea, plastikozko botiletako ura edan beharrean, iturritik hartzea etab.), ekoizpen bitartekoak nazionalizatu eta eredu berarekin jarraitzea baino.

Azken horrek Arnaldo Otegik pasa den urteko urrian Berriari eginiko adierazpenen aurka egingo luke, esaterako, adierazi baitzuen “sozialdemokraziak —iparraldeko ereduak hartuz— defendatu dituen hainbat neurri ekonomiko eta sozial egun iraultzaileak direla —sektore publikoaren defentsa, politika sozialak…—, besteak beste, oligarkiaren aurkako neurriak daudelako”.

Anarkismo “zaharkitua”

Anarkismo indibidualista (Stirner eta Armand), kolektibista (Bakunin, Reklus), mutualista (Proudhon), komunismo libertarioa (Kropotkin, Malatesta), anarko-sindikalismoa (CNT-AIT), eta anarkismo garaikidea (anarko-feminismoa, anarkismo antiespezista etab). Baditu adarrak anarkismoak, askorako emango luketenak (Bakuninen eta Marxen arteko eztabaida mamitsuak dokumentatuta daudela jakinik, are gehiago), dudarik gabe aberasgarriak direnak (mespretxatzeko joera nabarmena dagoen arren, gauzen egoeraren aurkako mugimendu serioena direlako: ikusi Pandora eta Piñata operazioak) eta denak ondo azaltzeko gai ez naizenak. Hala ere, guzi horiek badituzte trazu amankomun batzuk, askorentzat, suntsitzaileak direnak, eraikitzaileak baino. Bigarrena eztabaidagarria da (ea Estatuari alternatiba serio bat eraikitzeko gai diren). Aurrena, baina, nahiko ebidentea (Estatua, dela kapitalista, dela komunista, beti autoritarioa dela, eta iraultzaile gisa kalifika litekeen arren, gutxi duela askatzailetik).

Marxismoarekin bezala, asko du anarkismoak ere gaurkotzeko, interpretatzeko, iraultza industrialaren baitako gizartearen eskemak herdoildurik daudelako eta ekarpen feministak, ekologistak etabarrak aintzat hartu behar direlako, besteak beste. Baina erreminta kontzeptual gisa baliagarriak dira biak, anarkismoak determinismo ekonomiko marxistaren aurka egin arren etab. (Besteren baterako utzi beharko anarkismoa, testuaren luzera dela-ta).

Ondorioz, xehe

Onargarria da, errealitate materiala kontuan izaki, Estatugintza identifikatzea ongizate-maila areagotzeko tresna nagusitzat. Hortik Estatuaren izaera autoritarioa eta zapaltzailea ukatu eta anarkismoaren ekarpenei muzin egitera badago alde bat. Izan ere, Estatugintzak ospitaleak, eskolak, etab. eraikitzen dituen moduan, kartzelak, gomazko pilotak, eta interes alderdikoietan eta klase-interesetan oinarritutako lege-ordenamendu orokorrak sortzen dituela (hankabikoa sozialki baldintzatuta dagoela onartu gabe eta ad hoc zuzenbidea baztertuz), jakinekoa bezain garrantzitsua da. Orain arteko paradigma hoberena izatetik egoera hobezina izatera badago tartea. Teoria anarkistak onartzearen tartea, hain justu; Estatuaren baitan oinarritutako gizarteak inperfektuak direla onartzearen tartea. Paradigma hoberenak, beharbada (eztabaidagarria), baina inperfektuak/eskasak, ekarpen anarkistei esker dakigunez.

(Jatorrizkoa ZirriBorroak blogean)

4 pentsamendu “Estatugintzaz”-ri buruz

  • Abertzaleon artean “Estatulatria” deritzon gaixotasuna aski zabaldurik dago. Ulergarria deritzot, gure errealitate etnikoarekin identifikatzen ez den Estatu batenpean egoteak gure subiranotasuna gauzatuko duen Estatu bat desiatzera garamatza. Horren ondorioz, batzuek uste dute Estatu propioak euskaldunon arazo guztiak konponduko dituela, bereziki hizkuntza eta kulturari dagokionean.

    Karlistak izan ziren XIX. mendeko anarkistak, foruak eta erdi-mailako erakundeak aldarrikatu zituztelako Liberalismoaren eskutik zetorren Estatu zentralismoaren aurka. Euskal Foruak aztertu eta konturatuko zarete nola euskal izaera politiko tradizionala zein libertarioa den.

    Ondo dago artikulua, baina anarkismo moten sailkapenean anarkoprimitibismoa eta nazional-anarkismoa ahaztu dituzu.

  • Inor ez du uste Estatu bat arazo guztiak konponduko lituzkenik, guk gurea kudeatu ta izan nahi degu, onerako edo txarrerako, ta erratzen bagera, gu izango gara erratzen garenak, ez beste batzuk gure ordez.
    Euskararei dagokionez, Islandiera (300 mila hiztun) oso osasuntsu dago, Islandieraz ikasten dute, Islandierera dute interesatzen zaikien liburu guztiak, Islandiera ikasi behar dute horra dihoazten atzerritarrak….
    Euskarak 3 bider hiztun gehio izanda, asko gaizkiago dago.

    Espainian jarraituz, gurea defendazteko beti indarrak xahutzen egon beharko gera gurekin bukatzen duten arte.

    Lehengo Euskal estatua guk erabakitzeko zer nahi degun, ta gero beste modu batera eraiki nahi badegu herria, eraikiko degu, baina Estadu batek ematen duen indarra gabe…

    • Islandiarrak bere hizkuntzarekiko konpromisoa eta atxikimendua dute, euskaldun askok folklorismo hutsa daukate. Euskaraz bizi nahi izateko kamiseta asko baina gero liburuak, egunkariak, serieak, filmak, jolasak, eta abar erdaraz kontsumitzen dituzte. Zergatik daude hainbeste liburu islandierara itzulita? Hizkuntza horretan kontsumitzen delako, eska dezagun gure kontsumoarekin euskarazko edukiak eta azkenean egongo dira.

  • Arrazoi oso osoa daukazu. Egia borobila.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude