Estatuaren prostituzio sarea

prostituzioa Estatuaren prostituzio sarea gure hirietan aise topa daiteke, nora begiratu jakinez gero.

Gaur irakurri dut albistea egunkarian. Beren burua prostituitzera behartzen zituzten hainbat emakume nigeriar Bilbon, eta hori posible egiten zuen sarea bertan behera geratu da; polizia espainiarrari esker. Lau lagun atxilotu dituzte, eta bost askatu. Horrelako albisteak entzundakoan, bihotz oneko jende askok arnasa lasaiago hartzen dutela esango nuke.

Baina nire ustez gauza ez da hain sinplea. Bestelako hamaika aferetan bezala, poliziak ezer gutxi konpontzeko balio du; krimenaren jatorria ez baitago norbanakoan, kolektiboan baizik, eta horrelakoetan konponbidea hezkuntza eta politika dira.

Albisteak islatzen duen gatazkaren bueltan lau aktore nagusi identifikatzen ditut mementoko azterketa labur batean oinarrituta: sarearen arduraduna, emakume kaltetua, Estatua eta herritarra. Prostituzio eta engainu sare honen jabea egoeraz aprobetxatzen den kabroi galanta da, horren bueltan zalantza gutxi: emakumeak lan promesa faltsuekin engainatzen ditu, ondoren 50.000€ bueltako faktura asmatzen dute, eta hori dena gutxi balitz errotuta dituzten sinesmenekin mehatxatzen dituzte nigeriarrak(budua, esaterako). Kontua da emakumeak, bigarren aktoreak, horrelako zehar bide bat aukeratu duela Europan sartzeko, engainatuta bazen ere. Zergatik?

prostituzioaHor sartzen da hirugarren aktorea, Estatua. Denok ikusi dugu nola jokatu duen Europar Batasunak Ekialde Hurbiletik iritsitako errefuxiatuekin. Xuhur. Makur. Zakur. Neguaren gordinenaren atarian, lau trapu zarpailekin, familia osoak kilometroak eta kilometroak egiten dituzte, azkenik burdin hesiak topatzeko. Horregatik batzuk mafietara jotzen dute kamioi edo barkuetan ezkutuan pasatzeko, edo edozer gauzaren gainean jartzen dira itsasoa zeharkatzeko, edo lan promesa faltsuak egiten dizkien ezezagunengan jartzen dute konfiantza. Ondoren Bilboko putetxe batean behartuta egon behar izateko. Burdin hesiak saltatzeko modu ezberdinak daude. Estatua da prostituzio sare honen sortzaile eta erantzule nagusia.

Azkenik, herritarra. Emakume hori prostituzioa modu librean egiten ari den edo ez galdetzen ez duena. Bere patrikako sosekin ekonomia ilun hori ahalbidetzen duena.

Estatuaren prostituzio sarea