Estatu zentralizatu bat zer den

Estatu zentralizatu bat zer den –

Iparraldekoek eta Hegoaldekoek ez dugu oraindik beti ondo elgar ulertzen eta horrek kalte handia eragintzen dio elgarrekin entrenitu beharko ginukeen hausnarketaren kalitateari.

Euskara batuak on asko ekarri du arazo hau konpontzeko eta bere erabilera sustengatu behar da berriro batzuetan  agertzen den euskalkien alderako preferentzia esklusiboaren kontra.

Estatu zentralizatu bat zer den

Bainan ulertezintasuna gehiago dator bi inperialismo desberdinen pean bizitzetik.  Hortik datoz  quiproquo asko, hitz eta kontzeptu  beren azpian bizipen sozial, ekonomiko edo politiko desberdinak ditugulako.

Momentuz adibide batetik hasiko gara, alegia, gure aldean dagon nehun bezalako zentralismotik.

Lehen ez baldin baginakien ere, azken hamarkadeek Hegoaldean frogaturik, orai badakigu, ororen buruan autonomia bera ere ez dela soluzioa.  Euskararen egoera latzari buruz Zuzeun-en irakurgai diren artikulu larrituak horren lekuko.

Alta, gure aldeko askok, gu zentralismo horren sarraski kulturalarekin egunero bizi garelako aise pentsa genezake autonomia nahikoa litzatekeela gure aldean hiltzekotan dagon gure euskara salbatzeko.

Esperientzia desberdinek sortutako bizipen desberdinen gatik hasten dira orduan dialogo elkor edo elkor dialogo ugari.

Denok gauza beraz hitz egin dezagun entseia gaitezen azaltzen, egunero pairatzen ez dutenei, zer den Frantziako zentralismoa.

Hemen ez dago kuporik Frantziako estatuak, zergen bilketa totalitario baten bitartez,  mozkin guzia zuzenean kontrolatzen du eta ustiatzen.

Diru baliabide guziak eskuetan dauzkala, berari dagokio finantziatzioa atzera bueltatzea goitik behera bere aparato administratibo guzian behera nahi duen politikaren egiteko eta horrentzat kontsakratu nahi duen diruarekin.

Horrek konkretuki erran nahi du, entitate administratibo batek aktuatzen ahal duela Parisek onartzen  dion  eta diruztatu nahi dion marko bakar bakarrean.

Horrek konkretuki erran nahi du politikari lokal bat, ez badu bestetik parte hartzen politikaren definizioan estatuaren maila gorenean, klun edo txontxogilo bat dela, besterik ez.

Erran gabe doa ere maila goreneko politikaren definizioan parte hartzen duen politikari lokala, euskaldun izan arren, frantses politikaria dela ez eta nehundik ere gurea. Bestenaz ez zen sekula  maila hortaraino iritsiko.

Bainan Frantziako estatuaren eskuetan baliabide guzien kontzentrazio horrek badu beste ondorio inportanterik :

Españako  estatua kupoak emandako baliabideei esker kapaz baldinbada politikari zenbait edo partido bat gordeka erosteko, aldiz Parisekoa dauzkan baliabide guziekin kapaz da erosteko bai politikariak, bai partidoak, bai zindikatuak, bai udaletxeak, bai administrazio osoa eta baitaere… gu bezalako populu minorizatuak haien osotasunean eta haien iniziatiba herrikoi guziekin

Hots, zerga bilketari eta repartitzeari esker, demokrata frantses guziek beraientzat batzutan arrazoiz defendiatzen dituztenari berari esker, inposaketa eta korrupzioa da funtzionamendu modu normala gu bezalako populu minorizatuentzat ere, edo, sustut hobeki erraiteko.

Kasu, orai Frantziako estatuak  dena erosten du bainan denen agerian eta  araiz errepublikako legalitate peto petoaren barruan.

Urruneko egoera honen perspektibaren aurrean, iraultza denborako gure arbasoak, Lapurdiko biltzarrekoak batez ere  bainan bai ta  beste probintzietakoak ere, garrasiaka hasi ziren, ezbazuten ere asko gehiago egin ahal izan.

Gu aldiz erabat egokitu gara  eta, gaizo inozentak,  gainera  uste dugu haiek baino abertzaleagoak garela.

Asko maite dutan Simone Weil filosofo frantsesak ( 1914-1943, badaezpadaere, berriki zendu den ministro guziz errespektugarriarekin, hala ere ez nahasteko) pentsatzen zuen zentralizazioa eta datxikon korrupzio joera hau  erregeekin hasiak zirela jadanik aspalditik. Errealitatean, 1789 eko iraultzalariek ez zituzten azken bururaino ereman baizik.

Noiz izanen dugu bada denon erakunde nazional duin  bat horrelako egiak gu guzioi ulertarazteko  eta munduan aurrean aldarrikatzeko errespektagarritasun gosez paralisatuak  diren administrazio eta partido guzien gainetik ?

Beraz anartean, derragunari arreta eman othoi, eta, ez dezagun beti erran, gauzak ondo pisatu gabe, berdin dela Hegoaldean eta Iparraldean. Horrek beharrezkoak ditugun elkarrizketa eta datxikon  inteligentzien  zorrozketa  zailtzen ditu eta.

Estatu zentralizatu bat zer den

Uztariztarra, Uztaritze-Olaberriako kooperatibista jubilatua

2 pentsamendu “Estatu zentralizatu bat zer den”-ri buruz

  • Aupa Beñat:

    “Noiz izanen dugu bada denon erakunde nazional duin bat horrelako egiak gu guzioi ulertarazteko eta munduan aurrean aldarrikatzeko errespektagarritasun gosez paralisatuak diren administrazio eta partido guzien gainetik?”

    Nire iritziz egon badago, eta Udalbiltza izena du. Findu behar da, indartu, beste zentralitate eman behar zaio? Bai. Baina zure galderari erantzunez, Udalbiltza da, edo izan behar luke, alderdi eta administrazio zatiketen gainetik kokatzen duzun “erakunde nazional duin” hori, ene ustez.

    Ondo izan

    • Benat Castorene 2018-01-20 11:06

      Udalbiltza administrazio zatiketen gaineko erakundea dela ? bai arrazoi duzu eta ez da guti gure nazio osotasunaren sendimendu eskasa ikusita
      Egia da, administrazio bokazioa du nabarmenki eta denek ezagutzen ditugu esperientziak nun oso ona izan baita errola horretan.
      Bainan, orduan, administrazio guziek antzera badu ekidinezinezko errespetugarritasunaren gosea.
      Aldiz alderdien gainetik dagola ? iduritzen zaut ezetz momentuz
      Izan ere, ETArekin problema bat gertatu zenean, urratu zen eskuin ezker haustura zonatik edo EAJ/EH arrakalatik.
      Bestetik, iragan hurbilean ere ikusi dugunez, nola bizi publikoan engaiaturiko hautetsiz osatuta denez, errepresioaren helmenean dago sobera.
      Behar duguna ez eiki da errepresioaren helmeneko administrazio bat, eskuin ezker arrakalaren gatik eztanda egiteko betiko arriskuan, edo errespetugarriatasunaren gosez paralisatua.
      Ene iduriko, pundu guzietan, justu kontrarioa behar ginuke. Erakundeak ez ote du lehenik erresistentzia aldarrikatu eta antolatu beharko?
      Horrek ez du kentzen, finduz udalbiltza tresna oraindik erabilgarriagoa izan litekeela.
      Ez adiorik Beñat (erran ohi den bezala: bi Beñat hiru gizon !)