Estali eta ukatu

Estali eta ukatu –

Aste honetan Espainiako Auzitegi Gorenaren eskandaluen enegarren kapituluan, Quim Torra Kataluniako presidentearen inhabilitazioa izan da prentsako azalak bereganatu dituen albiste nagusia. Baina hara hor isilpean gertatu den beste gauza bat: Gorenak sexu abusuak egotzita zegoen Gazteluetako irakasle ohiari 11 urtetik bi urtera jaitsi dio espetxe zigorra. Hau da, Auzitegi Gorenak Bizkaiko Auzitegiak leporatutako sexu abusuen bost gertakari baztertu ditu “biktimaren adierazpen hutsagatik frogatu ezin direla” arrazoituta.

Gaztelueta kasua

Hamabi hamahiru urte zituen José María Martínez Sanz tutoreak klasetik behin baina gehiagotan ateratzen zuenean bere bulegora joan zedin. Bere belaunetan esertzen zuen bere erekzioa igarri zezan. Beste batean, emakume baten irudiarekin masturbatzera behartu zuen, eta uzkitik hainbat objektu ere sartu zizkion. Sexu jazarpenak bukatzen zirenean, ikastetxean zuen boterea baliatuz, mehatxupean gertatutako inori ez kontatzeko gogorarazten zion.

Epaiketan klase-kide ohi bakarrak aitortu zuenez, hainbestetan ateratzen zuen eta hain zen nabaria, gainontzekoen burlak eta irainak jasotzen hasi zela eta Gazteluetak oraindik ezeztatzen duen eskola-jazarpen bat hasi zen. Irakasleak berak areagotu zituen praktika horiek, biktima publikoki irrigarri utzi eta bakartzeaz arduratu baitzen. Eta horrela, biktimak sexu jazarpenak jasotzeaz gainera, behin eskolaz aldatu eta gero jarraitu zuen bullying-a hasi zen.

Hor izan zen lehenbizikoz hitz egin zuen momentua. Bi urte luzeren ostean. Gurasoei Gaztelueta ikastetxeko ikasleen mehatxuak (hil mehatxuak ere) eta irainak jasotzen zituela kontatu zienean, bai sare sozialen bidez eta bai fisikoki kaletik ere.  Eta arrazoia, José María Martínez Sanz tutoreak klasetik gehiegi ateratzen zuela bere bulego ilunera joateko. Hamabost urterekin, lehenbizi eskola jazarpena eta gero sexu jazarpenak aitortu zituen, eta psikologikoki izugarri astindu duen prozesu bat hasi zen.

Pixkana-pixkanaka, terapiaren bitartez, garai hartako gertakariak ahal zituen bezala hitzez adierazten joan zen, familiaren babes osoaz baina inolako laguntza instituzional gabe. Izan ere, hasiera batean ez zuten jakin nora jo, nola hasi prozesu hura, semeak lotsaz eta errudun sentituz kontatzen zuena aurrera eramateko. Izan ere, EAEko ikasleen %50a inguru matrikulatuta dagoen ikastetxe kontzertatuen sarean, izan erlijiosoa edo ez, inspektore publikoek ezin dute ekin sexu-jazarpen kasuetan.

Estali eta ukatu

Eta hor Gaztelueta sartu zen, Opus Dei ordenako gizonentzako Leioako ikastetxea, Imanol Goyarrola zuzendaria duena. Erasotzailea babestu (defentsa ordaindu zioten), eta biktima eta haren familia urratzeaz arduratu direnak; biktimak nolabaiteko arazoren bat izan zezakeela iradokitzera ausartu ziren prentsaurreko batean. Motz gelditu ez, eta biktimaren akusazioa zalantzan jartzeko web orri bat ere sortu zuten, “ebidentziak eta datuak jasotzeko”  casogaztelueta.com.

.

Errua biktimarena da

Eta orain Gorenak zera esan du: biktimak jasandako gehiegikeria handienak ez zituela hasieratik kontatu (haurra zenean), baizik eta 19 urte zituenean eta beraz, testigantza horien sendotasuna halabeharrez murriztu egiten dela.

.

Errua biktimarena da (berriro)

Gaztelueta kasua Auzitegi Gorenaren beste eskandalu bat da. Baina gogora ditzagun Gazteluetako gainontzeko irakasleak, biktima maiz ateratzen zuela konturatu behar zutenak, guraso elkarteak, klasekide zapaltzaile eta konplizeak (epaiketan ikastetxeak inposatu zuen testigantza berbera eman zutenak). Gogora dezagun eliza, isiltasunez guztia estali eta ukatzen duena. Eta gogora ditzagun diru publikoz ordaintzen ditugun ikastetxe opako horiek, finantzaketa publikoa baina kudeaketa pribatuegia dutenak. Gogora ditzagun den-denak.

Eta gogora dezagun Gazteluetako kasua Aita Santuak barkamena eskatzen duen bakoitzean, barkamena eskatu, eskatu dezala, baina justizia eta barkamena ez dira berdinak eta guk justizia ere aldarrikatu behar dugu.

Estali eta ukatu

Zer duzu buruan “Estali eta ukatu”-ri buruz

  • Eskola kontzertatuetan inspektoreek ezin dute ekin sexu jazarpena ikertzen…
    Orokorrean, inspektoreek ez dute gogo handirik erakusten inolako jazarpenik ikertzeko. Normalean zuzendaritzekin ados jartzen dira eta irakasleen aurkako bulliynga ez dute aztertzen. Eta segurutik ikasleen aurkakoa ere ez. Gainera Espainiako Tribunal Gorenaren epai honekin…beste zio bat ezer ez egiteko.