Konstituzionalak kazetariei kamera ezkutuekin jardutea debekatu die

cmara-oculta-cuatroIrudi eskubidea eta intimitatea, informazio eskubidearen gainetik. Hala erabaki du, eta aurrerantzean hala epaituko du, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak. Beraz, kazetaritza ikerketaren zilegitasuna edozein izanda ere, kamera ezkutuaren erabilera debekatu egin dute, gutxienez, esparru pribatuetan.

Erabaki irmoa hartu du Espainiako Konstituzionalak: “Zilegitasunik gabea da kamera ezkutuaren erabilera kazetariaren jardunean”. Arrazoien artean “prentsa horiak” sarri bide hauek erabili izana erabiltzen du, El Pais egunkariak argitaratu duenez. Informazioaren “nabarmentasun publikoa” gorabehera, intimitateari eta irudi eskubideei eman die babestuak izateko lehentasuna.

Dena den, epaiak “eremu pribatuan” eginiko kamera ezkutuko ikerketez hitz egiten du -esparru horietan erabiltzen da batik bat teknika hori-. Hala, ez du argitzen ea leku publikoetan halakorik egitea zilegi den ala ez.

Epai honek kasu zehatz bat jorratu du: Kazetari batek estetizista baten lantokira jo zuen bezero plantak eginez. Osasun alorrean baimenik gabe lan egiten duten pertsonen jarduna salatu nahi zuen saioak.

Reporteros Sin Fronteras elkarteak kritikatu egin du epaia, “tresnak kriminalizatzea” egotzi dio.

Zer uste duzu zuk?

Kamera ezkutuaren bestaldea

Zilegitasuna eta neurri legalak alde batera utziz, errealitatea da kamera ezkutuak sarri-sarri hedabideen manipulazioa duela atzean. Grabaketak hasi baino lehen emaitza nolakoa izango den aurreikusten dute kazetariek. Hala, albistea ez dagoen lekuan zer kontatu/saldu sortu behar dute. Ez da hau kazetari guztien ekinbidea, baina gertatzen da.

Horren adibide paradigmatikoa bilakatu da hurrengo bideoa:

Bi kazetarik ezker ideologiako taldetako pertsonekin harremanak estutu eta biolentziarekin duten harremana erakutsi behar dute. Hitzaldi batean infiltratu zirenean, kamera harrapatu zieten eta sarean eskegi zuten edukia oso osorik. Grabazioak erakusten du nola kazetariak oso modu baldarrean saiatzen diren informazioa lortzen eta nola tristetzen diren nahi dutena lortzen ez dutela ikustean.