Espainiarrek ETAren eta ezker subiranistaren aurkako salbuespen neurriak mantentzea nahi dute, inkesta baten arabera

gente_calleEspainiako CIS erakundeak argitaratu duen inkestak ñabardurarako leku gutxi uzten du. Jokaleku berriko iritzi batzuk: %5o ilegalizazioak mantentzea nahi du eta %60 presoak hurbiltzearen aurka dago. 

ETAk urriaren 20an armak behin betiko utzi zituela iragarri bazuen ere, Espainiak trinko eusten dio “arerioari urik ez, lixiba baizik” pentsamoldeari. Hala ulertu behar diraCISen inkestaren emaitzak.

ETAren erabakiaz

Espainiako iritzi publikoak ez du ETAren adierazpen historikoa sinestu; bataz beste, 4,12ko sinesgarritasuna eman diote. Hala, %57ak uste du ETAk atzera egin eta atentatuei ekingo diela berriz.

Inkestatuen gehienak “ETAren inguruaren aurkako erabaki judizialei” eta poliziaren eta Guardia Zibilaren ekintzari ematen dio ETAk adierazpen hori egin izanaren meritua. %36ak besterik ez du uste ezker abertzalearen baitatik ETAri egin zaion presioak eragina izan duenik, halaber, %20k ez daki ezker abertzaleak eragina izan duen ala ez. %52k uste du ETAk ez duela adierazpena egin “bide demokratikoekinkonbentzituta” dagoelako.

Ondorio bat honakoa izan daiteke: Espainiar askok uste du ETAk armak gogoz kontra utzi dituela eta antolatzeko gai denean berriz atentatuei ekingo diola.

Presoenganako neurriez

Euskal presoak hurbiltzearen aurka daude espainiarren %60, alde %30. Beste presoei legeak eskaintzen dizkien onurak etakideei ematea gaizki ikusten du %64ak. Etakideak autoritateen aurrean borondatez aurkeztuta ere inolako “neurri eskuzabalik” ez ematea nahi du %48ak.

ETAko presoek onurarik jasotzeko aurrez neurri batzuk bete behar diren galdetu diete, %40ak ezetz uste du, baietz %33k. Onura jasotzeko baldintzen artean %44ak barkamena eskatu behar dela dio, kontrara, %5arentzat bakarrik da esanguratsua ETA inoiz itzuliko ez dela bermatzea.

Ñabardura dakarren datu bakarra honakoa: %42ak uste du (%46a kontra dela) Espainiak eta Frantziak ETArekin presoei buruz hitz egin behar dutela.

Baldintzak aldatu badira ere, salbuespen neurriak normaltzat jotzen dituzte espainiarrek. Hartara, etakideek duten zigor erantsia bidezkotzat jotzen dute egoera berrian ere. 

Politikaz

Espainiarren %50ak uste du ETAk behin betiko armak utziko duela esan badu ere ez direla “ezker abertzaleko alderdi guztiak” legeztatu behar.

Etorkizunera begira  “bakea betikotzen bada” autodeterminazioaz erreferenduma izatea ontzat jotzen duten galdetu diete: %49 aurka dago eta %28 alde.

Antza, espainiarrek ez dute ilegalizazioa ETA ahultzeko bakarrik dela uste, baita ezker abertzalearen proiektu independentista oztopatzeko dela ere. Euskal Herriak Espainian izaten segi beharko du, herritarren borondatearen gainetik.

Zein garrantzi du orain Espainiako iritzi publikoak gai hauetan?

PPren gehiengo absolutuak iritzi publikoaren presioa murriztu dezake. Izan ere, Espainiako Gobernuak barnean izango du oposizioa, ez kanpoan. Hala, PPren erabakiak “arriskatuak” izanez gero horiek ulertzeko erraztasun handiagoa izango du gizarteak. Hau da, dagoenetan gogorrenak. PPk, prozesuarekiko jarrera malgutzen badu jendartearen konfidantza izaten segiko luke eta “eskuzabaltasunaren ideiak” jarraitzaile gehiago lortu ditzake.

Baina, bestetik, Espainian ETAren inguruan dagoen iritzia oso monolitikoa da, eta PPn ere askok eta askok ez dute pauso bakarra emateko borondaterik. Gainera, Euskal Herrian mendekuzko neurritzat jotzen direnak normaltzat ikusten dira Espainian. Hala, salbuespen neurriak leuntzeak ordain/errendizio gisa ikus daitezke eta ez jarrera zuhur gisa.

PPren jarrerak misterioa izaten segitzen du. Batetik, EAEko PP Aralarrekin eta Eusko Alkartasunarekin biltzen da, baina, bestetik, Espainian talde parlamentarioa eta hitza ere kendu nahi diote. Hala ere, ezker abertzaleak PPk egoerara moldatzeko denbora beharko duela onartu du, bai Antiguedaden hitzetatik, baita Otegiren elkarrizketatik ere.

Euskal Herriak ahal duen heineko presioa egin beharko du Elefantea edo Trasatlantikoa mugitu dadin.

 

Lokarrik ere gaiari buruzko inkesta bat zabaldu du gaur, baina emaitzak oso modu lausoan eskaini ditu. Oro har, euskal herritarrak prozesua bide onetik doala uste dute eta Gobernuak ETArekin hitz egin behar deritzote.

Espainia, ETA, Ilegalizazioa, inkesta

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude