Espainiako Estatuak iruzur egiten jarraitzen du

Espainiako Estatuak Erregio edo Gutxiengoen hizkuntzen Europako Itunaren betetzeari buruzko laugarren txostena argitaratu berri du. Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak aztertu eta honen gaineko iritzia eman dute. Azpimarratu egin dute bai Estatuak zein Nafarroako Gobernuak informazio asko ezkutatu dutela, eta hainbatetan ez dutela egia osoa agertu.

Espainiako Estatuak iruzur egiten jarraitzen du Espainiako Estatuak iruzur egiten du beste behin ere – adierazi du Paul Bilbaok. Egin duen txostenean ez zaie erantzuten zuzenean Adituen Batzordeak zein Ministroen Kontseiluak egindako gomendioei eta eskaerei. “Kontraesankorra da Itunak Nafarroan duen aplikazioa, eta nahien arabera irizpide desberdinak baliatzen dituzte agintariek” azaldu du Bilbaok.

Espainiako estatuko administrazioari dagokionez, Europako Ministroen Kontseiluak bi eskaera zehatz egin zituen; lehenik, hizkuntza gutxituen presentzia bermatzea eta euskarazko zerbitzua emango duten langile nahikoak egongo direla bermatzea, bestetik. Bada, Bilbaok azaldu duenez, “ez du zehazten zenbat langile dagoen, postuen artean kopuru handi bat baloratu egiten dela dio hitzez hitz, baina ez du daturik ematen. Are gehiago, gezurrak esaten ditu, besteak beste, Gizarte Segurantzan dena elebietan dagoela diotenean, izan ere,TCak adibidez gaztelania hutsean daude”.  Onartezin jo du Kontseiluko kideak lehengoa “mantentzea” positibotzat aurkeztu izana. “Berdin jarraitzea ez da aurrera egitea, hori ezin da onartu”, esan du.

“Espainiako Estatuak, Europako Ministroen Batzordeak justizian egindako gomendioei ere ez die erantzuten; izan ere, langile gaituak kontratatzea eskatzen zen, eta beraiek diote meritu gisa hartzen dela kontuan. Zehaztasunik gabe. Botere Judizialaren Lege Organikoaren 231. artikulua jartzen dute beste behin txostenean, eta aurreko ebaluazio batean iradoki zieten artikulu hori aldatzeko. Honek guztiak erakusten du ez dagoela inolako borondaterik“, Bilbaoren esanetan.

Nafarroako gobernuari dagokionez, argi adierazten da hemen ere krisiaren aitzakia baliatu duela neurriz kanpoko murrizketak egiteko. Akaso, larriena da Nafarroako Gobernuan hartutako hainbat erabaki eta neurri ezkutatu dizkiola Europako Kontseiluari, Euskaltegiak eta hedabideak diru-laguntzarik gabe utzi ditu legea bera urratuz. Hedabideen alorrean, Euskalerria irratiaren lizentzia dela eta Nafarroako Gobernuak irratiari lizentzia emateko gomendioari erantzunez dio Nafarroako, Estatuko eta Europako araudiaren kontra doala eta auzi honi buruzko gomendioa bertan behera uzteko eskatzen du. Bada, bitxia Nafarroako Gobernuak Europari gomendioak aldatzeko eskatzea, hain zuzen ere, Espainiako Auzitegi Gorenak irrati lizentzien banaketa baliogabetu duenean irregulartasunak argudiatuta.

“Euskarabideaz dio euskararen garapenerako zuzendutako diruak kudeatzeko sortu zela. Ez du esaten, ordea, %90 egiturak jaten duela”, argitu du Petriatik.

Hezkuntzari dagokionez, ugariak dira aipatu beharrekoak. Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntza euskaraz bermatzeko konpromisoetatik  ez da bakar bat ere betetzen, esaterako, Iruñeko haur eskolen afera, eremu ez-euskaldunean euskaraz ikastea ez ahalbidetzea, Bigarren Hezkuntzan eredurik ere ez definitzea, PAI ereduaz ezer ez jasotzea edota D ereduko ikasleak truke programetatik kanpo uztea aipatu ditu Behatokiko zuzendariak adibide gisa.

Justizia administrazioari dagokionez, txostenean aipatzen da itzulpen eta interpretazio zerbitzua eskaintzen dela; bada, oztopo larriak daude prozedura bat euskaraz burutzeko nahiz eta itzultzaile zerbitzua erabili eta eremu euskaldunean ez dago epaitegi bakar bat ere.

Bestalde, Nafarroako Gobernuak lehenetsi egiten du erdaldunek funtzio publikoan lan egiteko duten eskubidea euskaldunak euskaraz artatuak izateko duten eskubidearen aurretik. Bi eskubide horiek bateratu beharra dagoela dio, baina neurri horiek euskaldunei kalte besterik ez die egiten

“Nafarroako Gobernuak lanpostuak hornitzeko deialdietan euskara merezimendu gisa baloratzeari uko egiten dio. Are gehiago, euskararen ezagutza kontuan hartzekoa den lanpostuetan ere ez du aintzat hartzen euskararen ezagutza egiaztatzeko neurririk. Oposizio izenez mozorrotu nahi izan da praktikan oposizio-lehiaketa zena, euskara aintzat hartu gabe, ingelesaren ezagutza merezimendu gisa baloratzeko”, esan du Petriatik.

Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionean, Behatokiko zuzendari Garbiñe Petriatik, harrigarri jo du 2010-13 epealdian onartu diren arauen artean 2/2012 Legea (Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen Dekretutik zehapenak kentzen dituena) aipatzea hizkuntzaren aldeko lege gisa; izan ere, zehapenak kendu izanak legea ez du kontsumitzailearen hizkuntza-eskubideak bermatzeko urratsik ematen. Araubidean ez dela aldaketarik egon ikusten da orohar.

Hezkuntzaren alorrean, derrigorrezko hezkuntza amaitutakoan ikasleek eleanizdunak izan behar dute eta ez da erabaki irmorik hartu ez EAEn, ez eta Nafarroan ere ikasle euskaldun eleaniztunak sortuko dituen eredu bat abian jartzeko. Lanbide Hezikteari ere erreferentzia egin dio; “derrigorrezko hezkuntzan gehiengoak D eredua hautatzen duen bitartean, Lanbide Heziketan ez da hori bermatzen eta ikasle horiek erdalduntzera behartzen dituzte. Arlo honetan arazoa benetan potoloa da eta gizartearen beste esparru batzuetan ere eragina duena”.

Bestalde, Europako Adituen Batzordeak kezka agertu zuen Ertzaintzaren inguruan. Petriatik azaldu du; batetik Ertzaintzaren lehen hizkuntza-eskakizunak ez du euskaraz aritzeko gutxieneko gaitasunik bermatzen. Eta okerragoa dena gainera, bigarren plangintzaldian Eusko Jaurlaritzak ez ditu neurri zuzentzaileak hartu eta lehenengoan egindako akats berberak errepikatuko ditu”.

“Aurreko ebaluazioetan beltzune izan da osasun-zerbitzuen alorra. Osasun-sisteman gurea bezalako hizkuntzen sustapenaz gomendio zuzena eta berezitua egin zion lehen aldiz Europako Ministroen Kontseiluak. Bada, 2013an onartu zen Planean ausartago jokatzeko aukera ez du baliatu”, azaldu du Behatokiko zuzendariak.

Txosten honen harira egingo duten lanketaren berri eman du Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok. “Espainiako Estatuko Administrazioari eta Justiziari dagokionez ELEN erakundearen zuzendaritza-bileran erabaki genuen Herrialde Katalanak, Galizia, Aragoi eta Euskal Herria elkarrekin joatea eta dokumentu bateratua prestatzea”, esan du. Bestetik, Kontseilua eta Behatokia Euroitunaren balorazioari buruzko txostena prestatzen hasiko dira eta Europako Kontseiluko Adituen Batzordeari helaraziko diote. Halaber, aurrekoetan bezala Adituak Estatuan bisita egiten dutenean haiekin egoteko asmoa ere badute bi erakundeek.

Espainiako Estatuak iruzur egiten jarraitzen du

Euskararen normalizazioa azkartzeko lan egiten duten erakundeen eta eragileen bilgunea da Euskalgintzaren Kontseilua. 30 talde baino gehiagok osatzen dute, eta, batasunaren indarraz baliatuz, euskararen normalizazioa azkartzeko hizkuntza-politiketan eragitea du xede. Kontseilua sinetsita baitago euskara dela gizarte kohesionatu, justu, demokratiko eta berdinzaleago bat eraikitzeko tresna. Helburu hori jomuga hartuta ari da lanean 1998. urteaz geroztik.