Esloganak puztu, ideiak hustu

Esloganak puztu, ideiak hustu –

Ideia hegemonikoen lehian bizi gara. Badirudi denok iruditegi positiboa edo eraldatzailea transmititzen duten hitzak politikoki geureganatu nahian gabiltzala. Askotan horrenbeste erabiltzen dira, ezen hitzon karga ideologikoa galdu edo hustu egiten baita.

 

Esloganak puztu, ideiak hustu

Guztiona dena guztion ardura da. Egun, Eusko Jaurlaritzaren leloa da hori. Egon zaitez lasai, guztiona dena, gutxi batzuek kudeatuko dute. Bestaldetik, ez dakit oso ondo Gobernuak gaztelerazko Bien Común horren itzulpen moduan hartu duen edo benetan teoria ekonomiko eta politiko gisa hartu duten eta haien gobernua kapitalismoaren alternatiba moduan ikusten duten.

Euskal Herrian “herri proiektu” kontzeptua ere aspaldi erabili izan da. Horrela definitu ziren ikastolak edo AEK. Zenbait euskal komunikabide ere horrela sortu ziren, baita auzoz auzo boluntarioen lanaz aurrera atera diren zenbait egitasmo ere. Baina denak izan behar du eboluzioa, dena berrasmatu behar da. Gaur bertan irakurri dut Berrian Arantxa Tapiaren ustez, Euskaltel “herri proiektu” bezala jaio zela, eta horrela jarraitzea nahi dutela. Bitxia da batzuek “herria” ulertzeko duten modua.

Auzolan hitzak euskaldunon izaera komunitarioa barnebiltzen zuen. Gertukoa. Honakoa definitzen zuen kontzeptuak: komunitatea guztion artean.

Orain hobeto ulertzen dut zergatik EAJk hauteskunde hauetan herrigintza eslogan gisa erabiltzea erabaki duen. Azken urteetan gure herriko zenbait pentsalari eta aktibistek azaleratu dute herrigintza berritzearen beharra Euskal Herria beste estadio politiko batera eramateko, edo behintzat herri moduan bizirauteko. Praktika politiko berri gisa ere teorizatu dute. Gogoeta sakona, esparru oso ezberdinetan egiten ari dena eta seguru asko jeltzaleen komunikazio langileen belarrietara ondo eman duena.

Esloganak puztu, ideiak hustuMelodia polita da, hegemonikoa izan daitekeena: herria egin. Kontua da nola egiten den herria XXI. mendean eta gure errealitatetik abiatuta. Argi geratu den bezala, batzuentzat herrigintza Euskaltel den bitartean, beste batzuentzat Izarkom sustatzea da. Iberdrolaren dorrea Bilbon nagusitzeko apustua egiten dugunean herria egiten dugu, edo Goiener egitasmo jasangarri eta kooperatiboak hirian bere lekua duenean egiten dugu? Kutxabank pribatizatzea da herria egitea edo guztion aurrezkiak Koop57n edo Fiaren jartzea? Mercadona moduko supermerkatuetan urrun ekoiztutako kalitate eskaseko produktuak erosiz egiten dugu herria edo gertuko produktuak Laboren erosten ditugunean? Hiri eskaintzaren barruan Karmela edo Bizinahi moduko espazio komun, sortzaile eta askeak egotea nahi dugunean edo nahiago dugunean hiritik urrun gazteek aisialdia merkatal zentroetan pasatzea?

Hitzen atzean ideiak daude. Batzuek ideia horiek edukiz bete nahi dituzte auzolanean. Horretara dator Plaza Hutsa ekimena, pasa den larunbatean Portugaleteko merkatuan egin genuena. Kasu honetan helburua herrigintza eremu urbanoetan praktikatzeko deia egitea da, bere berezitasun, apustu eta estrategia propioekin. Hegemoniaren guda honetan beharrezkoa delako eustea auzolan, herri proiektu eta pro komun hitzen atzean dauden ideiei.

Baita ozen esatea ere herrigintza Bilbo metropolitanoan egiten dugula edo ez dugula herririk egingo. Ez behintzat pertsonak erdigunean jartzen dituen herria.

Esloganak puztu, ideiak hustu
Esloganak puztu, ideiak hustu

Guztia guztiona! Hiri komunaren aldeko militantea (Otxarkoaga, Bilbo). Denak ezinezko dirudi egiten dugun arte. @otxargorri