Eskratxea

Ni ere eskratxeen alde nengoen;  Kontutan hartuta aldeko zein kontrakoen argudioak, batzuek eta besteek zer ordezkatzen duten, eta garrantzitsua dena, bakoitza zeren alde borrokatzen den, ez da zaila erabakitzea zein lubakitan egon nahi duzun. Penatzen nintzen halako ekintzak jasaten zituzten politikarien senideek asko sufritzen zutela entzutean, baina iruditzen zitzaidan lau pegatina eta oihu batzuk ezin zela gobernuko alderdiko politikari baten seme-alaba izatea baino traumatikoagoa izan. Hala ere, eta ustekabean, gaiaren inguruan nuen ikuspuntua errotik aldarazi dit beste batzuek, beren lubakiko partaidetzat hartu beharrean, lubakiaren justu kontrako aldean kokatu nautenean: Egun, ni naiz eskratxea nozitzen ari dena.

Orain dela aste pare bat hasi zen dena, manifestari bakarrarekin, etxeko atetik metro pare batera, zuhaitz batetik zintzilikatu zen armiarma batekin, eta ordutik hona, egunetik egunera, dozenaka, zientoka batu zaizkio. Armiarma txikia zen, ezdeusa, baina armiarma azken finean. Txikitatik gorrotatu izan ditut armiarmak. Ez dakit oso ondo zergatik. Izango dut agorafobia, tanorexia, edo antzeko zer edo zer. Egia esate aldera, armiarma hark eskaini zidan goitik beherako begiratua ez zen gozoa izan. Herra zerion bere begiradak, gorroto alimalekoa. Armiarma txikiari iskin egin, eta etxera sartu nintzen, gertatukoari garrantzirik eman gabe. Biharamunean, baina, goiz jaiki, eta komuneko atean beste bi aurkitu nituen, Eusko Jaurlaritzak argiro zehaztu duen 3OO metroko babes eremua urratzen zutenak.  Zertxobait larrituta, egun hartan ez nuen dutxa hartu. Hurrengo egunean ez nintzen telebistaren aurrean eseri, eta bestean ez nintzen ohean sartu. Azkenerako etxean sartzeari utzi diot, armiarma saldo batek okupatu du eta. Ez dakit zer nahi duten, zer aurpegiratzen didaten. Pentsatzen jarrita, gogoratu naiz batzuetan, lurrean ikustean, zapaldu egin izan ditudala. Batzuetan baino, askotan. Ia beti. Nire zapatila zoletan izango da haien arrastorik. Hala ere, hori ez da horrela jartzeko nahikoa arrazoi, ezta?

Eñaut Barandiaran

MARTITZENA 13