Eskopeta nazional baskoa

Otso gaiztoa ehiztari jatorrak


Fede ezberdinetako euskal herritarrak batzen dituen tresna
eskuz esku dabil gure inguruan, nahiz nekez aipatzen den bere bertute handi hori. Tresna mirakulutsuak eskopeta du grazia, eta bere inguruan elkartzen dira gozo-gozo, bateko eta besteko ekologistak ez, baina bestelako unionista nahiz abertzale asko bai… jeltzaleak eta ezker abertzalekoak ere!!!
Alabaina, nekez hitz egiten da herri honetan ehizaren bertute handi horretaz, ehizaz oro har gutxi hitz egiten baita hedabideetan, onerako ez bada. Tabua dira ehizaren ondorioak gure gizartean, itxura denez. Eta ez luke behar, zeren ehizak, jende askotarikoak elkartu arren, akats ttipi bat dakar berarekin: hil egiten duela, alegia. Izaki errubakoak, sarritan libre jaioak eta zinez ederrak hiltzen ditu, gainera.
Ehiztariak eta eskopeteroak.
Ehiztarien hitzetan,euren arteko gehienak arauen jarraitzaile zintzoak dira, baina, ba omen dira, “tarteka” antza, eskopetero deitzen dituztenak ere. Arauei, epeei eta debekuei izkin egiten dieten horiek.
Gutxi omen dira, baina oso eraginkorrak behar dute izan, zeren egiten dituzten txikizioak ugariak baitira.
Eta bietatik bat, edo oso arriskutsuak, edo uste baino ugariagoak behar dute izan, ehiztari zintzoek ezer ere ez baitute salatzen lagun arteko hitz aspertuetatik haratago. Baina egin, izugarriak egiten dituzte.
20 baimen… 60 hildako
Euskal Herriko mendiak elektrifikatuak dirudite animali ez baserritartuentzat.
Otsoari, adibidez, tinko eusten diogu geure mugetatik at. Dabilela Espainia aldean nahi badu, geuretik agertzen bada “erregulatuko” baitugu, legeari eta arauari helduta, hori bai.
Basurdea “izurritea” da, esango dizu edozein ehiztarik. Hain da izurritea ze, Euskal Herrian bizirauten dutenak izenetik eta abizenetik ezagunak diren ia, eta gure ehiztari gehienek Espainietara alde egiten baitute basurde ehizara. Eta zer esan, basurdea 30 lagunek inguratu eta gero, akabatu eta hamaseikoari  (4×4) lotuta, ikusgarri herrian bueltaka aritzeko ohitura duten (eskopetero? ehiztari?) horiez…
Orkatzak izurrite omen dira eurak ere. Hain dira izurrite ze, ikusi ere egiten dira batzuetan, gure errepide, autopista eta urbanizazioen artean geratzen diren mendietan pasieran zoazela. Hortaz, “erregulatu” egiten dira orkatzak ere, eta eremu bakoitzeko kopuru bat hiltzeko baimena ematen zaie eremuotako ehiztariei. Baimenak eman bai, baina jarraipen “handiegirik” ez da egiten, eta ehiztari zintzoek aitortu ohi dute emandako baimenetatik oso gora direla hildakoak; “eskopeteroak, badakizu…”
Oreina ere ehizatzen dute, inon agertuz gero, eta azeria, eta hegaztietan 40 espezie inguru, tartean ubarroiak (ehizatu ez, barka, “erregulatu”), arrainak jateko ohitura gaitzesgarria dute-eta babu alenok! Lertxunak eta han hemenka baizik ez diren ageri igarabak ere gero eta sarriago aipatuak dira, balizko “erregula-gai” gisa. Mugitzen den ia oro, labur esanda. Azkenik, urteetan estutu eta hutsarazi ondotik, baliagarri gertatzen ez zaizkien zakur ezin fidelagoei ehiztari askok eta askok ematen dieten tratuaz beste egun batean hitz egingo dugu…
Kirol bitxia zinez
Kirol gisa aurkezten zaigu ehiza. Kirol bitxia, alajainkoa! Basurdetan doazenean, ejerzitoa mobilizatu dela pentsa dezake mendizale gizajoak, hainbeste patrol eta eskopeta kontaezinak, baxurde baten edo biren atzetik. Usotarako jarduna ere ez da kirol makala, lekuan kieto, 3 (edota 5) tiroko errepetidorak eskuan, uso gaiztoak (eta haien atzetik letorkeen belatz gaixoa) noiz igaroko zain…
Baina ehiza-moldeetan erregina, birpopulazioko ehiza legez bataiatu dutena da.
Honatx: ehiza-eremuan, haztegiko ehunka eper, galeper edo faisai askatu, eta guztiak akabatu arte irauten du tiro festak. Hegaztiok, haztegikoak izaki,  oiloen portaeratik gertuago daude euren anaia-arreba basatienetik baino. Ez da ba harritzekoa, “kirol” molde honetan parte hartzen ez duten ehiztariek “oilozale” deitzea jardun horren zaleei. Sarri, goizeko 7etan hasi, eta (goiz bereko) 10ak edo 11etarako guztiak hilko dituzte.
Zirraragarria benetan.
PPrekin are hobeto
Ehiza lege berria prestatzen dihardu PP. Antza denez, marka guztiak hautsiko dituzte arautegi berriarekin, eta ehiztariak egun baino mendiaren are jabeago bilakatuko dira aurrerantzean. Ez da kexarik entzun inguruotan, ezta inongo ezkerretatik ere.
Ez legoke gaizki, egun tabu den jardun honen gaineko eztabaida zabaltzea, gure mendi, baso eta larreetan izaki basatirik bizirik utzi nahi badugu, gure hanka biko ondorengoen mesedetan baino ez bada ere.

5 pentsamendu “Eskopeta nazional baskoa”-ri buruz

  • Ehiztari-ehiztaria 2013-12-09 13:04

    Bada garaia bai, honelakoetaz hitz egiteko, herri bakezale, feminista eta ekologista honetan, non eskopeteroen aurretik panpox-panpox joatea ezker abertzaleko neskatila batzuen ametsa ere baden oraindik…

  • Eta zer esan haietako askoren jarrerari buruz? Batidan dihardutela haien albotik pasatzera ausartuz gero, haien begirakuneak eta komentarioak jasan behar. Beraiek putoamoak dira eta besteok haien goiz ederra izorratzera goazen ergelak. Hori bai, beraiek dira munduko ekologistarik handienak, horretan ez dago inolako zalantzarik!

  • Mendiaren ugazabak dira bai, zurketari edo maderero industrialekin batera, eta lotura estua daukate agintariekin. Besteak beste, leku askotan, ehiztariak eta zurketariak dira mendian egindako ibilgailuentzako bideak (beste atal baterako hori ere) erabiltzeko baimena duten bakarrak… zer dela eta?
    Basurdetara doazenean mendiko bideak ixteko eskubidea aitortzen zaie, eta dagoeneko, PPren lege berriarekin, hasi dira ehiza egun jakinetan oinezko ez armatuei mendian barna ibiltzea debekatzen!!!
    Hor islatzen da gure administrazioa publikoen ohiko jarreretako bat, eta dagokigun kasuan ez da egoten alde handirik “eskuinekoen” eta “ezkerrekoen” artean.
    Gurean otsoari egurra beltz ematen zaio, baina lobbyak ondo zaintzen ditugu gero…

  • Beste adibidetxo bat:

    Ehiztariek, bakartutako etxeekiko eta baserriekiko hartu beharreko segurtasun distantzia.
    Orain arteko 50 metroak (!) beharrean, 150 izatea proposatu zuten ehiztariek, 200 Jaurlaritzak eta 300 ekologistek. Azkenean ehiztarien nahietara makurtu ziren EAJ, PSE-EE eta PP.
    Lobby ankerrak.

  • Espainian hasi dira dagoeneko lege berria saiatzen.
    http://www.youtube.com/watch?v=ytmXHwYm1j0&feature=youtu.be