Eskola zertarako

Eskola zertarako –

Amagoia Gurrutxaga kazetariak Euskadi Irratiko Faktorian.

.

Eskola zertarakoLagunak bidalitako mezu batekin hasi zen dena: datorren ikasturtea erabat linean egiteko aukera mahai gaineanĀ  dutela inguruotako hainbat hezkuntza arduradunek, horixe zioen. Eta fibrilatzen hasi nintzen. Neure tele-lana etxeko bi umeen tele-eskolekin eta zaintzarekin uztartu ezinean bi hilabetez bizitako esperientziak ez zidan beste ezertarako eman. Osteguneko kontua da.

Astearen erdia etxetik eta beste erdia ikasgelan egingo ote duten irakurri nuen gero. Ez zidan gorputzaldi txarra arindu. Dagoeneko ikasia dugulako etxe guztietan ez dagoela ez espazio fisikorik, ez girorik, ez azpiegitura teknologiko nahikorik, ikasle guztien hezkuntzarako eskubide unibertsala bazterketarik gabe gauzatzeko. Zertara dator hau dena, orduan? Ikastetxea ala etxea, beste ikasketa eremurik ez balego bezala ari zaizkigu etengabe; ikasgai gehienak kanpoko ekintzen bitartez lantzeko eredu pedagogiko aski kontrastatuak ez baleude bezala.

Telebirusak seko jo gaitu. Duela bi hilabetera arte pantaila betekadatik babestu behar genituen ume eta gaztetxoak pantailan luzez konfinatzeaz mintzo gara, zaintza eta telelana aipatu gabe. Etxea eskola bihurtzen badiete, heldu bat ondoan izan beharko dutenean adingabeek, zaindari. Tele-eskolaren sokak, ezartzen bada, heldu askoren telelana ekarriko duenean berekin, izan irakasle, izan zaindari. Emakumeak izango direnean etxean geratuko diren gehienak. Tele-agintariek jarri ote dituzte halakoak ere beren tele-bileretako mahai gainetan; baietz pentsatu nahi dut, baina ezetz esaten dit orain arte ikusi diegun jardunak. Geuk jarri beharko ditugu, beraz, ezinbestean. Auzia ez delako nola bukatuko duten hainbat ikaslek ikasturte hau, ezta ere non aparkatuko ditugun datorren ikasturtean gizarteko kide gazteenak. Benetako auzia betikoa da funtsean, zertarako dugun eskola, puntu zehatz honetaraino ekarri gaituen sistemaren ekoizpen katerako 2.0 piezak diseinatzeaz haratago.

Eskola zertarako

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.