Ondo etorri Athleticen historiara!

Andoni Iraola - Ondo etorri Athleticen historiara!

12 urte. 12 urte pasa dira. Barcelona izan zen Athleticen aurkaria San Mames zaharrean eta Barcelonaren aurka bere azken partidua jokatuko du Andoni Iraolak bietan Ernesto Valverde entrenatzailea dela. Ibilbide kapikua izan dela esan dezakegu. Ibilbide oparoa ere bai. 500 eta piku partidu jantzi du Iraolak kamiseta zurigorria eta ia 40 gol sartu ditu. Aukerak izan zituen beste kamiseta batzuk janzteko baina Bilbon geratzea erabaki zuen usurbildarrak. Bielsaren lehen denboraldia amaitu eta gero, Espainako selekzioan Eurocopara joateari ezetz esan zion ebakuntza batera joatearren. Atzera zezakeen baina ez zuen egin nahi izan. Eredugarria. Konprometitua. One-club man.

15 urteez San Mamesera joan naiz eta Rivaldo, Zidane, Messi edo Cristiano bezalako jokalari bikainak ikusi ditut baina inork ez du baloia kontrolatzeko Iraolaren dotorezia izan. Zoragarria da Iraola baloi bat oin artean duela ikustea. Ziur zaude ez duela galduko eta zeozer ikusgarria asmatuko duela. Guztiok Manchesterren partidua daukagu buruan, Uniteden 3 atzelariak gainditu zituenean. Torinoren aurka maisutasuna ez dela galtzen gogoratu zigun, banako gola sartu zuenean. Neuk ere gogoratzen dut Real Madridi Bernabeun sartu zion gola, bertan Athletic-ek 0-2 irabazi zuenean.

Badago gol bat buruan iltzatuta daukadana. 2006-2007 denboraldian Athletic Santanderrera joan zen hil ala bizko partidu batera jokatzera. Athletic bigarren mailarako bidean zihoala zirudien eta Racing oso indartsu zebilen. Partidu zoroa izan zen. Racingek partiduari buelta eman zion eta 4-2 jarri zen norgehiagoka amaitzeko gutxi falta zela. Athleticek berdintzea lortu zuen Iraolaren gol bati esker. Zoramena bizi genuen. Iraola beste talde batean egon zitekeen tituluak irabazten baina Bilbon geratu zen. 8 urte pasa dira eta Kopako final batean eta zurigorriz jantzita jokatuko du bere azken partidua. Ez da amaiera txarra.

Ez naiz nor esateko futbolak titulurik zor dion Iraolari. Hori futbolak esango du. Hori bai, txalo zaparrada eta omenaldi bat zor diogu Athleticzaleok, Iraolak merezi duen eskerrona adierazteko. Jokalari bikaina eta pertsona konprometitua izan da talde eta zaleokin. Gaur lagin bat utzi dugu. Ekainetik aurrera, Athleticeko jokalari izateari utzi eta mito bilakatuko da Iraola. Eskerrik asko Andoni! Ondo etorri Athleticen historiara!

APURKA APURKA Iritzi xelebreak, gogoeta alderebesak etabar. 1988an sortua eta 1989an jaioa. Ikasketez giza-zientziak eta komunikazioan lizenziatuta. Egun Berbaizu Euskara Elkartean lanean, bihar batek jakin.