Eskerrik asko amona

Eskerrik asko amona  –

Eskerrik asko amonaMundu erdiarentzat ez bezala, gure familiarentzat iragan igandea ez zen europar hauteskundeen egun ospetsua izan. Guretzat maiatzaren hogeitabosgarrena gure ama eta amona Felisari lur eman genion eguna izan zen.

Lehengo belaunaldien gisara, ez du ez lan gutxi egin gure amonak. Emazte, ama eta azkenik amona, beti ingurukoak zaintzen ibili da, etxekoak mimatzen. Halabeharrez, azken hiru urte eta erdian gertukoenek zaindu dute bera, maitasun miresgarriz, medikuen aurreikuspen guztiak gaindituz.

Gure amona ezagutu zutenek jakingo dute azken urteak gurpildun aulkian egin zituela, mugitzeko gaitasunik gabe. Kanpotik begiratuta tristura eragin lezake, eta gezurra esango nuke ingurukoen erruki zantzurik nabaritu ez dugula esango banu, baina gure amonak bere dependentzia eta guzti, bizitza erosoa eraman du azken arnasaldi arte. Gorputza antzu geratuko zitzaion, baina ezerk ere ez zion kendu bere umore bizia, bere ateraldi bitxiak eta hizketarako gogoa. Une ederrak oparitu dizkigu, eta hori ondotxo dakigu bai guk eta baita bere zaintzaileak ere, amonaren “aingeru guardakoak”. Izebak ezin hobeki ipini zion titulua, horixe izan baita, zerutik eroritako aingerua.

Baina gure amonak zerbait lortu badu, gure familia oraindik eta elkartuago egotea izan da, ezbairik gabe. Seme-alaba bakoitzak bere denbora eta dedikazioa eskaini dio amari, eta harro esan dezaket inoiz ez dudala keinu itsusirik ikusi. Felisa beti izan baita eurentzat mundura ekarri zituen ama, eta ez zama.

Horrelako gauzak pentsatzeko astia eman zidan tanatorioan nengoen bitartean. Agian bihotza bigunduta nuelako izango da, baina inoiz ez nuen sentitu hainbeste familiaren berotasuna eta garrantzia. Elkartean egin ohi ditugun otorduez gogoratu nintzen orduan. Niretzako oso bereziak dira, urteak aurrera egin ahala oraindik hor gaudela adierazteko keinu bat, familia familia dela, odola beti odol.

Atzo aspaldian isuri gabeko malkoak isuri nituen. Eta eliz kontuak urruti xamar geratzen zaizkidan arren, atzo sinestuna izatea desiratu nuen osabak bertso horiek abestu zituenean. Seguru baitnago amona pozik egongo zela senarra eta semearekin elkartzeko itxaropen ederrean.

Berak utzitako hutsunea lau hormaz haratago doan arren, bihar ere argituko du egunak. Bitartean, harro eramango dugu berak utzitako abizena.

Eskerrik asko, amona.

2014-05-26

Eskerrik asko amona

2 pentsamendu “Eskerrik asko amona”-ri buruz

  • Eskerrik asko, Olatz, tarte honetan hain ugariak (eta beharrezkoak) diren mota askotako eztabaiden artera samurtasun puntu hau ekartzeagatik. Bizitza bezain xumea, bizitza bezain gaiz-gozoa.

    • Olatz Peñagarikano 2014-05-27 16:05

      Mila esker Aitor, estimatzen da. Oraintxe esan duzu egia, bizitza gazi-gozoa da, kontrastez josia. Eta poztekoa da horrelako ekarpenak egin ahal izateko leku bat izatea, tarteka norberaren alde humanoa ateratzeko.