Eskerrik asko, Urtaran

Eskerrik asko, Urtaran

“Errekaleorreko sua itzali nahian bota duzun haize ufadak txinpartak berritu eta indartu dizkigu guri ere”, dio Alea agerkarian argitaratutako Gasteizko Gaztetxearen idatziak.

Eskerrik asko, UrtaranGasteiz. Maiatzak 18. Bihotzak salto izugarria eman dit. Taupadak azkartu zaizkit berehala. Nire barrenean mugitzen diren inurriak ugaritu egin dira, eta inoiz baino langileago ikusten ditut. Kuriosoa, ezta? Argindar mozketa batek energia berriztagarria sortu du bat-batean. Su txiki ezberdinen itsaso honek epeltasunez betetzen nau. Eta hara! Duela hamabi urte Gasteizen sortu zen “sutea” datorkit gogora. Poltsikoak diruz bete nahian milaka aitzakia xelebreekin nire paretak eraitsi nahi zituzten garai horiek. Ai Alfonsito, zelako garaiak! Muinoko etxea Golumek bere eraztuna bezain sutsu eskuratu nahi zenuen, 5. dorrea, parkinga, teleferikoa, …  eraiki nahi zenuela “argudiatuz”. Baina, zein kuriosoa den kuriositatea, zenbat eta putz gehiago egin, geroz eta txinparta gehiago sortu.

Txinpartetatik beste milaka su txiki berri sortu daitezkeela erakutsi genuen, hurbiltzen den oro piztuz. Su txiki hauek txoko ezberdinak indarrez betetzen jarraitu dute, gaur egun hirian ditugun oasi ezberdinak mantenduz. 2005. urteko Gaztetxe egunean hirian sortu zen elkartasun eta babesari eta oasi ezberdinek egindako lan guztiari esker nire zimenduak gogortu egin dira;  eta zutik mantendu naiz ia 30 urte luzez (eta brasa ematen jarraitzeko geratzen zaizkidanak, pajaritos!!). Eta zerk bultzatzen nau hau guztia egitera? Bada, Sarrionandiaren hitz magikoek zioten bezala, maitasun hitzak batzuetan, ustekabean, maitasuna adierazten baitu.

Gure egunerokotasunean traba ezberdinak eduki ditzakegu, inurritegiaren lana moteldu edota leunduz. Jakin badakigu gure indarrak beti ehuneko ehunean mantentzea utopiko bezain zaila izanen dela. Baina hara, pasa den ekainaren 3an Gasteizek sentitu zuen herri boterea, jaun andreok, kolosala izan zen. Muxuak, laztanak, irribarreak, dantzak, saltoak, besarkadak eta negar malkoek borborka piztu zuten hiria. Bai Errekaleor auzo askeak antolatu zituen jaietan zein ekainaren 3an gure inguruan arnas zitezkeen konplizitatea eta maitasuna ikaragarriak izan ziren. Denok helburu berdin bat daukagu: Egunero mila era ezberdinetan zapaltzen gaituen sistema nazkante honi aurre egitea.

Horregatik guztiagatik, eskerrik asko Urtaran! Errekaleorreko sua itzali nahian bota duzun haize ufadak txinpartak berritu eta indartu dizkigu guri ere. Personajillo batek gutaz esan zuen esaldiarekin guztiz ados gaude: geroz eta azkarrago zabaltzen den olio orbana gara, eta bidean jartzen zaigun harri bakoitza altxatzerakoan beste ehunka proiektu okupatu eta autogestionatu berri agertuko dira. Silvioren hitzei men eginez, beharrezkoa bada zerua erreko baitugu bizitzeko! Errekaleorrekin egiten saiatzen ari zarenari esker gure lanerako gogoak berpiztu egin zaizkigu, gure erromantizismo utopiko honetan lanean jarraitzeko gogoak ehuneko ehunean jarri zaizkigu berriz. 2005.urtean gaztetxea babestera atera ginen berdinak gara, eta gure ahizpa den Errekaleor defendatuko dugu, argi eduki ezazu!!

Errekaleor Bizirik! Asko maite zaituztegu!

Eskerrik asko, Urtaran

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.