Esazu hitz bat eta osatuko naiz

Esazu hitz bat eta osatuko naiz –

—Zorra!

Horrela bukatu zen atzo aurrez aurre bizi izan nuen eztabaida bat. Eztabaida edo bakarrizketa, oraindik ez nago ziur. ZORRA, barra atzean zegoen neska-mutilek edari miragarri gehiagorik atera nahi ez ziotelako edo. ZORRA, gizonezko mozkorrak zerbitzari emeari, jaramonik ez egiteagatik. Zer zor zeukan, bada, tabernariak ahobero horrekin?

Lagun bat eta biok, Mundaka Festival-en afaltzen, terraza osoan gu bakarrik, andra edar bi, eta barra atzean neska-mutil gazte gazte bi. Orroak entzuten ziren musikapetik, erru-orroak, erro urrudunak. Andra eder biok ez genuen tautik entzuten baina aurpegiek hitz egiten zuten.

Esazu hitz bat eta osatuko naizZutik egoteari uzteko gutxi falta zuena neskaren arretaz jabetu nahian, bere atzetik, barran zehar arrastaka bareen gisan, arreta eske eta builaka barra ere ia lurrera botaz. Barrako mutikoa bien artean jartzen, nolabait, ikusi ezean dena bukatuko zelakoan.

Zelatan geunden, arduratuta. Mutilak alde egin zuen laguntza eske neska bakarrik utziaz, baina ez zegoen bakarrik, gu geunden berarekin. Nire laguna tipoarengana hurbildu, sorbaldan jo, segurtasunekoak datozela esan eta ekaitza baretu, dena bat. Zilborrera begira geratu zen momentu batez, baina ez zuen nahi zuena lortu eta oka egin zuen: —Zorra!

Zergatik? Nor zen zorduna ba? Edo nor zegoen sor*? Bere buruarekin zorretan zegoela ondorioztatu genuen, eta zaila izango zitzaiola guztiz kitatzea.

.

*SOR: Gor lekeitiarreraz, “sorra da, ez dau entzuten”.
Esazu hitz bat eta osatuko naiz Esazu hitz bat eta osatuko naiz Esazu hitz bat eta osatuko naiz

Ahantzi edadeak - Kazetaria eta sare sozialetan aditua. Hara eta hona bideak egiten. Batzutan geldi, baina ez gehiegi. #Umorea #Blogak #Euskara