Esaldi malerusa

Esaldi malerusa

Gaiztoa; pozoitsua; azpijoko galanta; lotsagabea; maleziatsua. Esaldi malerusa.

“Ondarroako herritarrak primeran ari dira erantzuten Lehendakariaren eskariari”.

Pasa den astean Gaur Eguneko albistegian entzundako esaldia duzue honakoa. Oraindik ez zen lantegiko istripua gertatu. Bi hots, bihotz, bi hotz; besarkada handi bat.

Esaldia etxebizitzen kontuaren bueltan zetorren. Dakizuen bezala, luizi batek eraman ditu kasik ez dakit zenbait etxebizitza bloke, eta ia ehun familia inguru beren etxeetatik atera eta ezin itzuli daude. Familientzako batere xamurra ez den egoera batetik abiatuta esaldi horretaraino iritsi da ETB.

Esaldi malerusaDirudienez, momenturen batean lehendakariak elkartasunerako deialdia egin zuen; edo etxe hutsak zabaltzeko eskaria; edo nork daki, ez daukat idearik ere zer esan zuen eta ez du axola. Zeren eta esaldia malerusa da oso. Nik ikusi ditut Ondarroako biztanleak beren herrikide bat babesten, beren gorputzak poliziaren aurrean jarriz; zaharrak barne; eta bertakoa izan gabe, ikaragarrizko harrotasuna sentitu nuen herri horretan dagoen kastaz. Langile batek bere ogibidean bizia galtzen duenean, bere familiak jakingo du ondoen zer tamainako babesa jasotzen duen, baina nik eskua sutan jarriko nuke ezagutzen ditudan ondarrutarrengatik, eta ez nintzateke erreko. Ondarroan elkartasunagatik dabiltz Iparra galdu baik. Ondarroan badira mila afera. Badirudi Ondarroako herritarren eskuzabaltasuna, elkartasuna eta herritarrekiko maitasuna ez dela haiengandik atera zuzenean, baizik eta Lehendakariak hori eskatu dielako; eta aizue, “Ondarroako herritarrak primeran ari dira erantzuten lehendakariaren eskariari”.

Ondarroan, eta nire herrian, elkartasuna lehendakariak asmatu aurrekoa da. ETB, aurrena Otegiri egindako tonu txarreko elkarrizketa, ondoren Urkulluri egindakoa ezti hutsa, eta orain esaldi hau. Gaur beste bat, bihar beste bat eta etzi nork daki. Disimulatu ere gaizki egiten dute. Ia bale, kopon.

Esaldi malerusa

Zer duzu buruan “Esaldi malerusa”-ri buruz