Ertzaintza Ta Ares (ETA)

ares12--644x362

Legebiltzarrean agerraldia egin dute gaur goizean Ares, Pastor eta konpainiak, Iñigo Cabacasen heriotzaren harira. Zer esan asko eman du, baita niri ere. Barkamena, gezurrak, erantzukizuna, demagogia, ikerketa, kontraesanak…

Gaurko goiza lanean pasa baduzu, (zorionekoa zu) ziur asko ez duzu, Iñigo Cabacasen heriotzaren harira, Rodolfo Ares, Pastor, Varela eta konpainiaren Legebiltzarreko agerraldiaren berri izan. Bazkalorduko deskantsuan albistegiren bat ikus-entzuteko aukera suertatu bazaizu aldiz, barkamena sendo eskatu eta erantzukizun politikoa bere gain hartu duen gizon eredugarritzat hartu duzu Ares agian.

Zuzeneko emisoa ikusi dugu bai nik eta baita beste askok ere. Gehientsuenak sutan gaude. Sutan bai, demagogia erakustaldi lotsagarrian, ertzainak gizartearen eraso etengabeak jasotzen dituzten biktimen pare jarri dituelako Aresek, urte luzeetako portaera goraipatuz eta haien segurtasuna beste edozeren gainetik (herritarren eskubideenetik ere bai) kokatzen dela adieraziz. Ez hori bakarrik, ezker abertzalea zein ETA behin eta berriz aipatuz, ertzainaren jarrera oldarkorraren (eta zeharka bada ere) Iñigoren heriotzaren erantzukizuna gainetik kendu nahi izan du. 17 bider aipatu du ETA, bitan hildakoa. Etengabe kritikatu du heriotza arma politikotzat erabili izana, indarkeria poliziala arma politiko bortitza dela onartu gabe.

Horrez gain, hedabideetan aipatuko ez dituzten inkoherentziaz beterikoak izan dira diskursoak:

  • Ehundaka jarraitzaile artean, oso denbora gutxian aurkitu dituzte ertzaintza agertu aurreko “istiluak” piztu omen zituztenak, bi dozena agente artean aldiz, ez dakite oraindik zein izan zen Iñigo hil zuen gomazko bola jaurti zuena.
  • Kirruli inguru hartan, 7 kamara daudela onartu dute, baina halaz ere, erantzuleak aurkitzeko ikerketa sakonak beharrezko direla azpimarratu.
  • Kasu guztiz isolatua dela adierazi dute, nahiz eta astebete lehenago arrazoi berberengatik Xuban ere heriotz arriskuan izan.
  • Ertzaintzaren buruak arma horiekin apuntatzerik ez dela aipatu du, eta segidan, gerrira apuntzeko agindua eman zutela.

Jarrai nezake, gezur, manipulazio eta demagogia adibideekin, baina ez nuke inoiz bukatuko. Barkamena eskatu dute, erantzukizuna haien gain hartzen dutela esan (nahiz eta gainetik behin eta berriz kendu) eta 2013tik aurrera arma hauek erabiltzeari utziko diotela adierazi, bai, beste aukerarik izan ez dutenean izan bada ere. Horrekin batera baina, politika eta aitzakia merkeak erabili dituzte gertatutakoa estaltzeko, justifikaezina dena justifikatzeko mila bide bilatu eta indarkeria polizialaren apologia argia egin.

Aresek noski ez ditu indar polizialaren eraso desproportzionalak bizi beharrik izan, baina, euskal gizartearen gehiengoak bai, eta oso argi du: arazoa ez da Xuban edo Iñigorekin gertatutakoa, urte luzetako ertzaintzaren jarrera oldarkor, probokatzaile eta bortitza baizik.

Aurretik ere bagenekien arren, gaurko batzarra ikusita ezkutaezina da euskal gobernuaren legitimitate eza. Menpeko diren hedabide eta “segurtasun” funtzionarioetaz ere ezin ezer onik espero. Hauteskundeak nahi baino urrutiago dira oraindik, Iñigo Cabacas ere bai, artean, beste aukerarik ez da: mobilizazioak.

Gaiarekin lotutako esteka interesgarriak:

– Blogean bertan: Tiroak eta norabideak

– Albistea Berrian

– Erreakzioak Foro Polician 

– Borroka Garaia Da: “Se están riendo a la cara”

 

NIRE KONTRA ESANAK