Erriberan transgenikoen aurka

Erriberan transgenikoen aurka –

Erriberako Ekologistak Martxan taldeak hitzaldi bat antolatu du Tuteran, Jose Ramon Olarieta izango duena hizlari; Olarieta ingeniari agronomoa da, eta irakaslea Lleidako Unibertsitatean. Nafarroa Transgenikorik Gabe Plataformak txosten bat entregatu zion Tuterako udaletxeari, eta hitzaldia, funtsean, txosten horren ahozko azalpena izango da. Informea hilabete honetako udalbatzan eztabaidatuko da.

Erriberan transgenikoen aurka

Olarietak liburu bat idatzi du gaiaren inguruan: “Benetan seguruak eta beharrezkoak al dira?” 500 ikerketa eta txosten baino gehiago hartu ditu aintzat egileak, eta bertatik ondorioztatzen duena badela aski oinarri zientifiko prebentzioaren alde posizionatzeko.  Esan bezala, Tuterari dagokion txostena Nafarroako Transgenikorik Gabeko Plataformako kideek garatu zuten: Amigos de la Tierra, Lantxurda Taldea, CPAEN, Ecologistas en Acción/Ekologistak Martxan, EHNE, Greenpeace, Landare, Mugarik Gabe Nafarroa, Mundubat, Red de Semillas, Sustrai Erakuntza, CECU eta COAG.

Eskaera garbia da: Tutera “Transgenikorik Gabeko Lurraldea” izendatua izan dadila, glisofatoaren erabilera debekatu eta tokikoak eta ekologikoak diren produktuen aldeko apostua egitea Udalak kudeatzen dituen tokietan.

Genetikoki eraldatutako organismoak ereitea, herbizidak botatzea edota glisofatoa erabiltzea praktika oso arriskutsuak dira, nekazaritza eta elikadura jasangarriak mehatxatzen dituzte, eta arriskutsuak dira ongizate publikoarentzat, sozioekonomikoki kalteak eragiteaz gain. Nekazaritza eta abeltzaintza jasangarriek oinarri bat sortzen dute landa eremuan, biztanleria egonkortzea, eta ondare eta lehengai naturalak kalitatezko produktuak sortzean bideratzea. Ekologikoan lan egiten dutenen kantitateak sekulako gorakada bizi izan du azken urteetan, eta enplegua eta aberastasuna sortu eta banatzeko motore esanguratsua da.

Landa eremua eta herri txikiak zaintzea geure kultura zaintzea da. Geure ondarea, natura, kalitatezko nekazal ekoizpena, tokiko ekonomia eta gizakion osasuna babesteko, derrigorrezkoa da jasangarritasunaren aldeko apustua. Egun hauetan Nafarroako 24 udal dira, oraingoz,  norabide horri heldu dietenak,  tartean Iruñea, Lizarra eta Tafalla.

Erriberan urratsak eman behar dira lurra eta honek ematen diguna zaintzeko, eta Euskal Herriak ere indarra egin behar du honetan, kontutan hartuta bai guk eta bai kontsumitzen ditugun animali asko bertatik datozen zerealekin elikatzen direla.

Erriberan transgenikoen aurka

4 pentsamendu “Erriberan transgenikoen aurka”-ri buruz

  • Ezjakintasuna eta superstizioa. Glifosatoa ez da arriskutsua ondo erabiltzen baldin bada (edozein produktu fitosanitario bezala), eta orain arte mundo osoan zehar ez da inoiz inor kaltetua izan transgenikoak jateagatik. Inoiz baino jaki seguruagoak ditugu eskura, inoiz baino kontrol handiagoak daude, eta inoiz baino jende gehiago hori guztia posible egin duen teknologiaren kontra.

    Izozkailua beteta dutenen kezka eta beldur postmodernoak…

  • Gizakirik ez da kaltetua izan (edo ez da demostratua geratu kaltetua izan denik), baina ekosistema bai kaltetzen ari dela modu beldurgarrian. Azken urteetako erleen galera jarraitu besterik ez dago nekazaritza industriala ekartzen ari dena ikusteko. Edo elikagaien propietateen murrizketa. Eredu honek gaurko ogia eta biharko gosea dakar, lurra agortzen denean gorriak ikusiko ditugu

  • Monsantok patentaturiko hazi transgenikoak erosten dituztenek zera firmatu behar dute kontratuetan: ez dituzte erabili, gorde edo salduko euren uztetako haziak. Horrek dependentzia zuzena eragiten du erakunde multinazional kriminalarekiko, euren prezioen esklabu bilakatuz, isun eta salaketen beldur. Eta hori nahikoa ez den egunean, ez dute arazorik izango terminator-haziak merkaturatu eta zinezko elikadura-dependentzia eragiteko nazioengan. Subiranotasun nazionala ez da soilik Espainia eta Frantziarengandik independizatzea, baita ezkutuko inperio horiengandik ere.

  • Eta minbiziak inoiz baino gehiago…

    Glifosatoaren eragina kantitate ttikitan narrastietan, aztertua dago, eragin penagarriekin.