Errezeta: Paella

 

Eguzki bila bidaiatzen duten atzerriko turistentzat, Espainia paellaren lurraldea da. Berdin zaie Valentzian egon, Coruñan edo Segoviako paraje bakartietan, haiek paella dastatzera etorri baitira. Horregatik, ez da batere harritzekoa Espainiako zein Euskal Herriko toki turistikoenetako jatetxeetako kartetan paella egotea bai ala bai: Bilbo, Zarautz, Donostia… Terrazetako paella sasoia estreinatu berri dugunez, zergatik ez zara animatzen zu zeu etxean paella eder bat egitera? Hamaika era daude paella prestatzeko, baina hona hemen gure proposamena:

Osagaiak

  • 5 koilarakada oliba olio
  • Baratxuri-buru bat
  • 3 piper txorizero edo 5 piper lehor oso, zuztarrik gabe
  • 4 piper berde
  • Kg erdia txerri haragi, gizenik gabe eta puskatan
  • Oilasko izter bat, hezurra kendua eta puskatan
  • Katilukada bat tomate saltsa
  • Kg erdia arroz
  • 1,3 l haragi salda edo ur
  • Gatza

Egiteko era

Baratxuri-burua garbitu eta ale guztien goialdea ebakiko dugu. Paella (arroza maneatzeko padera berezia) edo kazola apal batean ipiniko ditugu ondoren, olioarekin batera. Otordura arte ez ditugu baratxuriak paellatik aterako. Piper txorizeroak edo lehorrak garbitu eta paellan jarriko ditugu txigortzen, baratxurien ondoan. Eginak daudela ikusi orduko, atera eta motrailu batean utziko ditugu, geroxeago erabiltzeko.

Paella berean (bertan dirau betiere baratxuriak) erregosiko ditugu piper berdeak eta, nahi izanez gero, geure gustuko beste barazki batzuk. Puntuan daudenean, paellako bazter batean erreserbatuko ditugu (atera gabe) eta libre geratu zaigun aldean frijituko ditugu, su bizian, oilaskoa eta txerrikia, azaletik txigor daitezen. Tomate saltsa erantsiko diegu txigorturiko barazki eta haragiari, eta ongi nahasiko dugu ondoren guztia.

Paella beroa dagoela gaineratuko dugu arroza eta gozatzen edukiko dugu pixka batean. Salda edo ur beroa eransten hasiko gara ondoren. Ura erabiltzen badugu, salda pastilla bat erantsiko diogu. Ongi nahasi eta gatza emango dugu ondoren.

Ongi joko ditugu orduan piper txorizeroak edo lehorrak motrailuan. Iragazki batera pasa eta arrozaren alde guztietara igaroaraziko dugu, saldak haren kutsua jaso eta kolore gorria har dezan. Motrailuaren jogailuaz baliatuko gara piperren kutsua ongi zabaltzeko. Kolore gorrixka bat (marroia edo) nagusitu denean ikusi orduko, 15 minutuan utziko dugu egosten dena, su bizian hasieran eta eztiagoan ondoren, jakia ukitu gabe eta paellari noizean behin eraginez.

Ondoren, arroza saldatsuegi edo lehorregi ez dagoela frogatu eta gero, sutatik aterako dugu paella eta, zatar garbi batez estali ostean, gutxienez 10 minutuan utziko dugu pausatzen, zerbitzatu aurretik.

Errezeta gehiago: sukaldean.com

Errezeta Paella

3 pentsamendu “Errezeta: Paella”-ri buruz

  • Hau egin deunak, eta barkatuk ahal dit, ez du ideia zipitzik ere, arrastorik ere, erraten dena, Paella Valentziarra, untxiz eta oilaskoz egiten da.Bestela ez da eta paellla. Geurean arrozak egiten ditugu, balentziarrak baino anitzez hobeak. Inork ba al du dudarik?

  • Erran behar nuke entenditu duadalal baina ez nago ziur. Motrailu hor mortairua al da ? Eta bestela, nola daude baratxuri horiek?