Erresistentzia

Erresistentzia –

Duela aste bete edo, testu bat eta GIF bat jaso nituen whatsappean. Gaur, bigarren GIFa jaso dut.

Interesgarriak direlakoan, hona testuko zenbait pasarte eta bigarren GIFa:

“(…) Etsaiaren intoxikazio eta propaganda aparatuek kontrakoa sinetsarazi nahi diguten arren, EZ, EZ DA NORMALA!”.

“(…) Alarma egoera bat bizi dugula esaten ari zaizkigu, egoera berezi bat, edo, beste era batera esanda, birusaren aurreko egoera normala zela. Baina menderatuok beti egon behar dugu alarma egoeran, egoera ezin larriagoa delako batetik (mendeko gauzkate), eta etsaiek kontrakoa nahi dutelako, otzan eta lasai nahi gaituztelako, bestetik”.

“(…) Eta zer da egoera iraultzeko egin beharrekoa? Lehendabiziko urratsa gure gaitzari izena jartzea da, DIAGNOSIA.

Ahobizarrik gabe botako dugu: gure oinaze guztien iturria Espainia eta Frantziako estatu inperialistak dira, eta gaitz larria dira, hilgarriak zinez, inperialisten helburua gure herria likidatzea delako, eta ez dute hori lortu arteko onik izango”.

“(…) Inperialistek ere euren birusa oharkabean zabaldu nahi dute gurean. Badakite hori dela biderik ziur, merke eta eraginkorrena. Ez dezagun ahaztu botereak aspaldi ikasi zuela bortxaren erabilera hain ebidentea ez denean, herri menderatuak botere hori legitimatzen duenean, askoz errazago mantentzen dela herri hori manupeko. Boterearen arrakasta haren urruntzeko eta ezkutatzeko gaitasunarekiko zuzenki proportzionala dela dirudi”.

“(…) Eta, bestalde, etengabe saiatzen dira gure jardun kolektiboa oztopatzen: hiru lurralde garela sinetsarazi nahi digute, euskara gutako bakoitzaren hizkuntza hautuaren arabera indartuko dela, eskubide kolektiboak (autodeterminazioa) ezabatu eta norbanakook bozkatu behar ditugun eskubide indibidualekin ordezkatu behar ditugula (erabakitzeko eskubidea)…”.

“(…) Behin DIAGNOSI zuzena eginik, SENDABIDEA berez-berez datorkigu begi aurrera: sendabidea etsaien okupazio sistema osoa desmantelatzea da. Doazela hemendik!”.

“(…) Okupazioaren normalizazioa da gure gaitza. Herriaren normaltasuna irtenbidea: EUSKAL HERRIAK BERE SUBIRANOTASUN NAZIONALA berreskuratzea”.

“(…) Krisialdi honetan, ageriko bortxaren intentsitatea igo egin den arren, guk ezin dugu mugatu gure jarduna intentsitate hori jaitsi dezatela eskatzera (“atera militarrak gure kaleetatik”, “utzi haurrei etxetik irteten”, “zabaldu Behobiako muga”…). Eginkizun horretan dira gaitzaren hedapenean kolaboratzen dutenak, gaitzaren sintomak normaltzat saltzen saiatzen diren “autonomistak”, gaitzari aurre egiteko gaitzean “sakontzea” proposatzen dutenak. Inola ere ez. Erresistentzia mugimendu batek ez dio inoiz zilegitasunik aitortzen okupatzaileari. Haien erabakiei ez diegu erreparatu ere egin behar. Okupazioaren aurkakoa da gure jarduna. Guk ez ditugu kritikatzen okupatzaileen erabakiak, legeak, (ustezko) eskubide murrizketak, (ustezko) zentralizazioak… Guk gure orbitaren mintzura maite dugu, ez dugu segundo bakar bat ere galdu behar haiena hobetzen saiatzen. Ez dugu esklabo alai izan nahi. Guk okupazioa akabatu nahi dugu. Beste edozein egoerarekin EZ GAUDE KONFORME!”.

Erresistentzia