Errepublika(k) ezkerretik eraikiz

Errepublika(k) ezkerretik eraikiz –

  1. Errepublikak, Kant-en esanetan[1], jainkoen, erregeen, eta gizarte estamentaletik gizakia EMANZIPA dadin, Ilustrazioaren asmoekin bat egiten du[2]. Hau da; Askatasuna, Berdintasuna eta Senidetasuna, alegia, Fraternitatea hirutasunean oinarrituriko gizarte antolamendua dela ERREPUBLIKA.

Alabaina, Frantziako Iraultzatik hona, munduan zehar izan eta diren Errepublika gutxik (eta hauek une konkretu batzuetan soil soilik) bete izan du itxaropen hori.

a.- Askatasuna. Batez ere AEBn eta egungo EBn, indartsuenak ahula zanpatzeko modu darwinistan ulertzen da, hori baita neoliberalismoaren oinarria.

Demokrazia parlamentarioa osagai formaletan oinarritzen da. Hau da, sufragio unibertsala, antolatzeko askatasuna, adierazpen eta zirkulazioa askatasuna, giza eskubideak, eta abar. Eskubide horiek guztiak, oso elementu garrantzitsuak dira, eta ezker eraldatzaileak bereak egin behar ditu mespretxatu beharrean; ordea, askatasunari buruz duen ikuspegia askoz  zabalagoa eta sakonagoa dela azpimarratuz; alegia, ez dagoela benetako askatasunik gizakiak bere oinarrizko beharrak ase ezin dituenean. Horrek berdintasuna ezartzea ekartzen du.

b.– Berdintasuna. Dena den,  ez edozein moduko berdintasuna. Berdintasuna eta askatasuna elkarri eskua emanez joan behar dute. Izan ere, Berdintasuna oinarri izan duten erregimen batzuetan, Sobietar Errepublika ohian esaterako, berdintasuna askatasunaren aurka ezarri zen modu oso despotikoan. Errepublika zentralistetan, berriz, Frantzian adibidez, hezkuntzan eta kulturan guztien kalterako den uniformatzearekin lotzen da; dela Euskara, dela Yihab-a.

d.- Eta Fraternitatea? Hirukotearen arreba txikia. Etorkin uholdeetatik babesteko[3], armadarekin eta poliziarekin defendaturiko estatuek, errepublikak direnak ere,  gizakiarekiko, hurkoarekiko Fraternitatea guztiz baztertua dute. Eta ez bakarrik estatuek; Lehenengo Amerika!, edo ez dakit zer lehenengo, oihukatzen duten errepublikazale horiek ez dira hirukotasunaren aldekoak, ez horixe.

Zer diferentzia, Asturiaseko 34ko Urriko Iraultzan sortu zen Proletalgoaren Anaitasunaren Batasuna aldarriarekin (UPH gazteleraz) Edo II. Errepublikaren alde etorri ziren Nazioarteko Brigadek azaldu zuten solidaritate fraternoa. Usten dut  Che Guevara izan zela esan zuena, internazionalismoa herrien arteko samurtasuna dela. Nik ere hala uste dut.

Fraternitatea, bizitza lehen lerroan jartzea, edo existentzia duin bat bermatuko duen zaintza; eta ez merkantzia, (kapitalismoak dena bihurtzen baitu merkantzia: osasuna, lurra, ura, lan indarra).  Horra hor feminismotik datorkigun egitasmoa, guztiz errepublikazalea dena; gizakiaren existentzia mantentzea delako errepublikazaletasunaren lehen oinarria.

Zein da gizartearen lehen helburua? Gizakiaren ezinbesteko eskubideei eustea. Zein da eskubide horietako lehena? Existitzearena. Lehen lege soziala da, beraz, gizarteko kide guztiei existitzeko bideak ziurtatzen dizkiena; lege guztiak horren mende daude, jabetza barne[4]. Hitz horiek Robespierrerenak dira. Robespierre errege-erreginaren eta nobleziaren zenbait buru mozteagatik egin da ospetsu; baina hilketa horiek (eztabaidagarriak fraternitatearen ikuspuntutik) kontu zirkunstantzialak ziren beretzako. Bere asmoa baitzen gizakia banpiro zurrupatzaileetatik askatzea.

Asmo horiekin bat eginik, uste dugu errenta unibertsala, beste hainbat baliabide publiko komunekin batera -osasuna, hezkuntza, etxebizitza, zainketak,  energia, garraioa, ura, kultura, eta abar-, ez dela pobreziari eta bazterketari aurre egiteko mekanismo bat soilik; baina baita askatasun efektiboaren irismen soziala zabaltzeko ere. Bestela esanda, oinarrizko errentak “askatasunean elkarrekikotasuna” sendotzen lagundu behar du; berdintasunaren oinarri politikoak pentsatu izan dituenean, tradizio errepublikanoak beti aipatu izan duena,.

Marxek argi eta garbi esan zuen: “gure gaitasunen arabera” ekarpenak egin ahal izango ditugu, “gure beharren arabera” lortzen den neurrian. Bi errealitateak elkarren eskutik doaz. Bada, oinarrizko errenta bezalako tresnak, negoziazio prozesuak aktibatzeko palanka bihurtzen dira; behar ditugun baliabideak dira, xantaiatik libratu eta autonomiaz sortutako eta hedatutako bizitza-proiektu indibidual eta/edo kolektiboak zirkulazioan jartzeko, era autonomoan sortuak eta zabalduak. Hortik aurrera soilik hartzen du zentzua, emantzipazio gisa, elkarrekikotasunaren eta gizarte lankidetzaren idealak.

 

  1. Sozialki berdinak, gizalegez desberdinak eta guztiz libreak izango garen mundu baten alde”, aldarrikatu zuen Rosa Luxemburgek.

Errepublika(k) ezkerretik eraikizAlegia; iraultzaile marxista ez ezik, emakumea izaki gure Rosa, eta bigarren ideia horrekin, gizakiaren aniztasuna hartzen du kontuan. Jaiotzez denak gara berdinak (halaxe dio AEBko Konstituzioak); baina baita ikuspegi askotik desberdinak. Esate baterako,  LGTBI+ kolektiboaren eta gehiagoren atzean dagoen aniztasuna. Eta gauza bera, Herri, nazio eta kolektibitate etnikoen aldetik ere, nire uste apalean. Errepublikaren hiritartasun berdintasunaren aitzakiarekin, zenbat herri zigortu eta asimilatu ez ote dira.

Errepublikanismoaren ildotik, beti iruditu izan zait artifizial xamar dela eredu nazional alemaniarraren (ustez erromantiko-etnikoa) eta frantsesaren (ustez errepublikano-hiritarra) artean egiten den banaketa. Era berean, eredu historizistaren eta eguneroko plebiszituaren artean egiten dena; ez baitago naziorik (diktadura-egoeretan edo garbiketa etnikoetan izan ezik) bere Konstituzioetan balio hiritar errepublikanoak bere gain hartzen ez dituenik; eta, aldi berean (pare bat salbuespen izan ezik), hizkuntza ofiziala (frantziar errepublikanoak euskararen ofizialtasuna aldarrikapen etnikotzat jotzen du, baina frantsesa hizkuntza ofizial bihurtu berri du); eta beste horrenbeste gertatzen da kosmopolitismoarekin eta abertzaletasunarekin.

Alde horretatik,  komeni da ez ahaztea garai modernoko Frantziako eta Amerikako lehen iraultzak egin zituztela Nazioa eta Aberria kontzeptuekin hornitu nahi zituztenek. Internazionalaren ondoren gehien abestu den kantu iraultzailea dugu Marsellesa. Alons enfant de la patrie!….

Charles Taylor federalista kanadarraren hitzetan, “humanismo zibikoak ‘lotura sendoa behar du komunitatearekin”. Beste era batera esanda, ‘Abertzaletasuna kosmopolitismoa bezain beharrezkoa da, Estatu demokratiko modernoak autogobernuarekin oso zorrotzak diren enpresa komunak direlako’.

 

  1. Hori dena kontuan dugu guk Euskal errepublika aldarrikatzen dugunean.[5]

Izan ere, guretzat, errepublikak (Espainiar Estatu mailan, Euskal Errepublika gurean), eta ez errepublika bakarra azpimarratzearekin,  independentzia aldarrikatzeaz gain, prozesu konstituziogile propioa, norberarena, gurea, eta ez menpekoa, bultzatu behar dela aldarrikatzen dugu; harremanak izan ditzakeena beste Herriekin (Katalunia, Galizia, Andaluzia); eta, nola ez!, espainiar errepublikazaleekin ere, monarkia botatzeko, baina bide propiotik abiatuz. Horri euskal bidea deritzogu. [6]

Lehenengo eta bigarren Espainiako Errepublikek, Trantsizioak, izugarrizko frustrazioa ekarri zuten Euskal herritik begira.

Ezin dugu ahaztu Bigarren Errepublikari zenbat kostatu zitzaion Euskadiren Estatutua onartzea; Gibraltar Vatikandarra bihurtuko zenaren aitzakia; eta azkenean golpearen ondoren onartu zuten in extremis. Espainia puskatzearen beldur atabikoa, eskuinen zein ezkerrean, oso indartsua izan da. Calvo Sotelok berak  nahiago zuen Espainia gorria puskatua baino! Eskerrak bazeudela Espainia gorria, Espainia puskatua! ziotenak[7]. Horietako bat  Larrañaga euskal komunista. Baina, zoritxarrez EPK ez zen uste berekoa.

Frankismoaren aurkako erresistentziak Espainiar Estatuaren izaera soziala eta plurinazionala aldatzeko abagunea ireki zuen, printzipio gisa autodeterminaziorako eskubidea onartuz. Printzipio hori, ordea, trantsizioaren paktuaren aldarean oso azkar sakrifikatu egin zen (Errepublika bera bezala).

Laugarren egokiera baterako lekurik ba al dago? Balizko III. Errepublika Espainiarra, demokratiko eta plurinazionala, non Euskal Herria askatasunez koka daitekeen?

Oso zaila iruditzen zaigu (Kataluniakoa lekuko,[8] Ibarretxeren planari emandako erantzuna,…), ezinezkoa ez esatearren.  Kontutan harturik auzi nazionalak daraman bilakaera negatiboa,  badirudi aukerarik egokiena litzatekeela bitartekorik gabe eta zuzen sartzea, Zazpi Herrialdeak osaturiko Esan bezala nazio soberano eta independente gisa, elkarrekin libreki bilduriko nazio eta herriez osaturiko Europa federal batean.

Dena den, esan bezala, konfederazioaz edo independentziaz[9] ari bagara, garrantzia duena da gaurtik nolako estrategia bultzatzen dugun argi eta garbi adieraztea. Guretzako, eta errepublikak aipatzearen zentzua, eta ez errepublika bakarra, hortik doa: esan nahi baita, prozesu konstituziogile propioa, norberarena, gurea eta ez menpekoa bultzatu behar dela; harremanak beste herriekin izan ditzakeena (Katalunia, Galazia, Andaluzia) eta nola ez! eta espainiar errepublikanismoarekin ere, monarkia botatzeko, baina bide propiotik abiatuz. Horri euskal bidea deritzogu.


[1] Gogoratu hiru estatu errekonozitzen zirela: Lehena monarkia, bigarrena kleroa eta hirugarrena gizarte zibila edo burgesia, laugarrena herri xehea iraultzan bertan agertu zen.

[2] Ilustrazioak emantzipazioa heldutasunarekin lotzen zuen, alegia, gizakia adin heldutasunera iritsi zela, eta gizakia dionak gizon-emakumeak, herriak, eta abar dio

[3] Une honetan, gerra, hondamendi klimatikoa, errepresioa edo gosea direla, 80 milioi desplazatu  daude munduan.

[4] Espainiako II. Errepublikako Konstituzioaren 42. atalaren arabera, jabetza interes kolektiboaren menpe jartzen zen

[5] Izan ere, atzera begira, Espainiar II. Errepublikak zenbait aldetik izugarrizko aldaketa ekarri zuen gutxietsi ezin duguna. Baina, nahi eta ezin ibili zen askotan eta akats handiak egin zituen ere Ezin ahaztu Andaluziako Casas Viejas-en Asaltoko Indar errepublikanoek, anarkisten masakrea egin zutekoa; 34ko Urriko iraultza delakoa zanpatzeko, berriz, Franco eta legioa bidali zuen, kristoren sarraskia onartuz. Abd el-Krim-ek Afrikar koloniak askatzeko eskaera egin zion Errepublikari eta honek ez zuen onartu, bere kalterako izan bazen ere; Marrokotik  atera baitziren kolpismoaren abanguardiako indarrak. Errepublikak erronkatzat zituen bi erreforma nagusiak: Nekazaritzarena bata (latifundioen zama, lur ez-emankorrenak eta nekazari lurgabeena), eta Armadarena bestea (ez zegoen munduan soldadu, ofizial eta jeneralen arteko halako desoreka zuen armadarik), erdipurdi geratu ziren, inor poztu gabe. Horrek ekarri zuen nekazarien matxinada eta urriko iraultzarena zein armadaren basakeria.

[6] . Kataluniako auzian aldebakarreko edo bi aldeko estrategiaz asko hitz egin da. Jakina, nahiago da gatazkari irtenbidea lortzeko bi aldekoen arteko elkar ulertze bat izatea konponbidea lortzeko. Alabaina, bigarren hori (estatuak) ez badu hitzi egin nahi, itxi egiten bada edozein tratuari, orduan , zailtasunak zailtasun, alde bakarreko bidea besterik ez da geratzen. Ez da ahulenaren gogoa gauzak zailtzea edo gogortzea, beharrezkoa ez ba da, bederen.

[7] Alegia, Espainia delakoa gorria bihurtzen bazen, Espainia izateari utzi behako zion, Sobietar Batasunaren antzera, Errusia Sozialistaren ordez Sobieten Batasuna bihurtu zena, hots, sobietetan oinarrituriko Estatu plurinazionala. Hori hain garbia ez zela eta horrek izugarrizko tentsioak sortuz beste nazioekin, Errusiarrek pisu handiegia zutelako? Egia da ere, baina inperioaren itzaletik alde egiteko ahalegina hor egon zen.

[8] .Marxek argi eta garbi esan zuen “ herri bat zapaltzen duen herria ezin da libre izan”. Engels iritzi berekoa da Alemaniak Polonia zanpatzearen inguruan: “Nazio bat ezin da askatu, eta, aldi berean, beste nazio batzuk zapaltzen jarraitu”, eta gaineratu zuen, “Poloniako askapen nazionalaren aldeko apustua Alemaniako demokraten interesen aldeko zela”. Izan ere, Alemania askatzea ezinezkoa izango zen “Polonia Alemaniaren zapalkuntzatik askatu gabe”.

[9] . Alor horretan askotan nahaste edo gaizki ulertze bat izaten da independentzia-konfederazio binomio horrekin. Independentziak, zazpi herrialdeek osaturiko Estatu independentea esan nahi du; bestelako Europa sozialagoan kokatuta inongo interferentziarik gabea. Alabaina, Estatu hori, hiru lurraldeen (Erkidegoa, Nafarroa eta Iparraldea) arteko konfederazio moduan antolatuko litzateke; bakoitzak bere bide eta erritmo propioa izango luketenak Estatu horren partaide izateko. Estatu horren izena Euskal Herria izango litzateke, edo Confederacion Vasco-Navarra, erdaraz, edo beste hirugarren izendura. Denbora eta tresna egokiak izango dira horretarako.

Errepublika(k) ezkerretik eraikiz
Errepublika(k) ezkerretik eraikiz
Errepublika(k) ezkerretik eraikiz  Errepublika(k) ezkerretik eraikiz
Errepublika(k) ezkerretik eraikiz  Errepublika(k) ezkerretik eraikiz

Oreretarra. Idazlea eta politikaria. Alternatiba alderdiko kidea.

11 pentsamendu “Errepublika(k) ezkerretik eraikiz”-ri buruz

  • Galdera bat: eskuinetik eraiki daitezke errepublikak?

    https://eu.wikipedia.org/wiki/Errepublika

    “Errepublika Erregea Estatu Burutzat ez daukan gobernu mota bat da.”

    Eta kitto: ez da ezkerrekoa ez eskuinekoa.

  • 1.Errepublika askok izan eta dira eskubitarrak: gaur egungo Polonia, Hungarria, eta ez gobernu kudeatagatik soil soilizk, berfen konstituzioetan uzten duten arratoan bazik.
    2.Errepubklia Frantziako iraultzaren baitan Erregeari buru moztea baina askoz gehiago izan zen:gizarte estamentala rekin bukatzea,
    3.Errepublika mota asko daude: Sobiet btasuna errepublika zen, eta EEBBal ere, biak hala baiak ezin desberdinak. Kuba errepublika dugu, eta Brasil ere bai… dena den, nik rgumentatu nahi izan dut, erreoublika ezkerretik erakitzeko zein baloretan oinarritu behar geinateke, eta III. Errepublia espainiarra eta I. euskal errepublika jarraitzaleen aldetik dagoen eztabaidan nire hautua azaldu. Ez dut inongo asmorik dotrina modurik inposatzeko asmorik, argumentuak dira (El declive de la fraternidad, Domenech liburu zoragarria irakurtzeko gomendatzen dut), eta bakoitzak ikus beza ados dagoen hala ez.

  • Ederki, erantzuna estimatzen dut.

  • Espainian republica berreçar badadi, Franciaco republicaren bidetic joanen dirade tiroac. Denac berdinac, denac espainolac.

  • Neuk ere susmo berbera dut, Josu.

  • Ederqui, E.
    Republica Espainian ezquerrarequin lothurico cerbait beçala aurkezten deraucute, baina republica berri batean VOXecoa edo PPcoa içan liteque presidentea, governua eta majoritate absolutoa. Badirudi possibilitate hau ahanci beçala eguiten çaicula.
    Adeitassunez

  • Berriro dit, nik ezkerretik eraikitako balorekin lotzen dut errepublika, hor sartzen ditut hiru ladarriak gehi gizalegehena, alegia aniztasunarena. baina, bai Frantzian zein espainian Errepublikan eskubiak ere goberna dezake. Are gaur hain monarki zallenak direnak ere. II Erepublikan, CEDA sortu zen aurreko monarkizaleak errepublikan agintzeko ere, konturatu zirenean monarkia traba zela. Eta, batez ere, nik Euskal errepublika independentean sinestn dut, barnera begira hiru eremuen artekean kondederazio gisan antolatu daitezen.

  • Alderdi politikorik gabeko Estatu baten alde nago. Auzolana izango litzateke Estatuko prestakuntzaren oinarri estrukturala.
    Erakunde herrikoiaren egitura horizontala nabar zuzenbidean oinarritua, zuzenbide baskoia edo Pirenaikoa bezala ezagutzen dena.
    Hautetsi edo hautesle izatea aukeratuko lukete auzolaneko edozein osagaik, hau da, nabar herritartasuna eskuratzen duena.automatikoki Auzolaneko kide da, bere eskubide eta betebeharrekin.
    Estatuburua hautatuko litzateke zuzeneko sufragio unibertsal bidez.
    Behin aukeratuta Nabarrako Erregina edo Erregea izendapenaren pean hartuko zuen kargua.
    Errepublika Monarkikoan artikulatutako lehen Estatua izango ginateke eta haren izen ofiziala Nabarrako Erresuma izango litzateke.
    Gure hitzaurrea Nabarrako Erresuma Errepublika Monarkikoan eratua izango litzateke.
    Barne mailan, demokrazia eta Errepublika terminoen ordez -bertako ohituraengatik- auzokrazia eta Auzolana terminoak erabiliko lirateke.
    Nabarrako Erresuma nabartarren auzolana.
    Prozesua amaitu eta subiranoak izango ginenean erregealdia ondorengotza lerroz desagertu eta erregealdiari Auzolan lerroz jarraitu zitzaion.

  • Kaixo Freud, hori gaur egun burutzea posiblea al da? Ba al dago EHtik at auzolanaren eredurik munduan (agian Suitzan edo AEBetako komunitareren bat)?

    Beharbada populua herrikoiagoa zen garaian errezagoa zen horrelako sistema bat ezartzea, baina gaur egungo egoeran (indibidualismoa, demografia mugimenduak…) posiblea litzateke?

  • Kaixo Hego. Gaur egun nabar Estatu lurralde okupatuatetik kanpo Auzolana ondorengo nabartarrek eta nabar naturalek esportatu zuten eta azkenenan horietako batzuek azkatzaileak izango ziren hegoamerikako zenbait herrialdetatik.
    Auzolana lurralde horretara geratzeko iritsi zen.
    Kabildoak, herri-elkarteak, auzo herrikoien taldeak eta baita CDR kubatarrak ere Nabar zuzenbidean islatutako auzolanean dute jatorria.
    Bat nator zurekin indibidualismoa eta populazio globalizatzeko modua oso ostopo zaila dela herriaren esentziara itzultzeko, batez ere azpiratuak, gure kasuan bezala. Baina asken finean dena ezinezkoa dirudi egin arte.

  • Benat Castorene 2020-12-22 09:32

    Hego, gaurko tendentziek “indibidualismoa, demografia mugimenduak…” eszeptiko uzten zaituzte. Suposatzen dut Freudi dagizun eskaera kezkatua gure gizarte osoaren “auzolan” motako eraldatze bati buruzkoa dela.
    Horrela bada eraldatze orokor baten alderako zure duda arrazoizkoa da.
    Auzolana , hainbat baserriren artekoa, piskabat ezagutzeko suertea ukan dut nahiz eta ez dut gogoratzen auzolan hitza bera asko erabiltzen zen. Hobeki bizitzeko egiten zen eta fini. Horren arrasto ederrak gelditzen dira orandik zenbait lekutan.
    Ohitura hori, dakidanez, laborantxa zibilizazioak( ez bakarrik euskaldunak) sortutako praktika zen, lanari eta elkarbizitzari zegokion gehien bat, ez politikari, eta mundu hori suntsitua izan da. Beraz bererraikitzeko gizartearen bizimodua irauli behar litzateke. Beraz auzolanak inspiratzen ahal gaitu bakarrik ekimen kolektibo eta mugatuak sortzeko.
    So egiten badiogu kanpoko mundu zabalari, ekimen asko sortu dira gehienetan giza indibidualista hon kolektiboki eta solidarioki aurre egiteko ( pare bat ezagutzen dut frantzian herri tipiekin lotuak biak) baita populu iragarritako desagerpen bat ekiditeko ere, adibidez berrikitan ikasi dut Hego afrikan bazegoela. afrikaner batzuek sortutako herriska bat basamortuaren erdian.
    Ni estonatzen nauena da nola ezker eskuin abertzalez eta euskaltzalez beteriko herri batean ez den horelako ekimenik ikusten.