Errepresio beltzetik errepresio zurira

Errepresio beltzetik errepresio zurira –

Joan den larunbatean Bilbon egin zen manifestazioa ikusgarria izan zen. Herri honetan ekimen gutxik biltzen dute elkartasunak biltzen duen jendetza (gizonezkoen futbolak, eta gutxi gehiago). Batek baino gehiagok galdetzen zion bere buruari zenbait iraungo zuen 47en epaiketak, eta hipotesi baikorrenak atzo baieztatu ziren: hilabeteak iraun zitzakeen prozesu judizial bat 25 minutu eskasetan amaitu da.

Errepresio beltzetik errepresio zurira
J.DANAE/FOKU (Berria)

Akusazioak onartzearen truke fiskaltzak minimora jaitsi ditu kartzela zigorrak, eta ondorioz, gehienak ez dira espetxean sartuko. Gehienak, ez denak. Arantza Zuluetak eta Jon Enparantzak espetxera itzuli beharko dute, “zuzendaritza” izatearen akusaziopean zigor handiagoa jarri baitie. Bost hilabete inguru egin beharko dituzte kartzelan.

Bi lagun hauek elkartasun lezio handi bat eman dute. Amaia Izkoren adierazpenen arabera, “modu kolektiboan hartu genuen erabakia, baina bi pertsona hauen borondatean oinarrituz”. Haien konpromisoak eta sakrifizio pertsonalak ahalbidetu dute akordioa, eta 45 preso gehiago izan beharrean 45 militante gehiago izatea kalean lanean presoen (eta beste hamaika aferen) alde.

Espetxean izatea ez da samurra, eta are gordinagoa da espetxe barruko espetxea: isolamendua. Arantza Zuluetak oso ongi daki zer den hori. 2014ko urtarriletik 2017ko otsailera epaiketarik gabe, urrunduta eta bakartuta izan zuten. Antzeko egoeran izan zuten gatibu Jon Enparantza ere. Beraien eskuzabaltasuna eta ardura kolektiboa goraipatzekoa da.

Badirudi epaiketa honekin Garzonek zabaldutako aroari itxiera ematen zaiola, makrosarekada handiena eta hauekin lotutako epaiketena. Baina kasu, “dena ETA da” dotrina ez da amaitu, eta mesedegarri zaien artean birtzikatu eta berrerabiliko dute, behin eta berriz: Altsasukoak, “gorroto delitua”, “gorazarrea”, presoei sustengua ematen dietenak, herri mugimendua… pentsa, zenbait katalani eta baita Podemoseko hainbat laguni ere jarri die etiketa. Deskuidatzen bazara, eskubaloi talde bat ere ETA izan daiteke, eta horrela, infinituraino. #GoraAnaita

“Makos frontea”. Izorrai.

Auzipetuek akusazioa onartu behar izan dute, hau da: medikua edo psikologoa izatea, abokatu lanak egitea, senideak sustengatzea, presoen eskubideen alde aritzea… ETAren estrategiapean dagoela. Hori dela eta pozik agertu dira AVTkoak, haien ditxosozko “errelatoa” indartzen duelakoan; eta, harrigarriki, ezkertiar eta abertzale askok irentsi dute elkartearen mezua. Haiek hedabide gehienak dauzkate, boterea hezkuntzan kaka sartzeko, eta hori horrela zen lehen eta horrela da orain; baina errelatoa ere herritarrok eraikiko dugu, distantzia motzean, eta horretan sententzia honek ez du ezertan aldatzen urtetan ikusi dugun beste zerbait: mehatxupean (tortura gela batean, edo epaitegi batean) zerbait onartu behar izatea, Inkisiziotik gaurdaino iritsi den tradizio espainiar bat da. Bestalde, inork ez du sinesten akusazioak egia direnik, ETAko edo “ETAren aginduetara” lidergoan zebilen norbaiti ez zitzaizkiolako 3 urte eta erdiko zigorrak jartzen.

Estatuak ez dio inoiz uko egingo errepresio beltzari: presoak, torturatuak, hilak… baina gutxiago baliatuko ditu, eta oso kasu zehatzetan erabili, errepresio zuriari geroz eta protagonismo handiagoa emanez: pankarta jartzeagatik isuna, eserialdi batengatik epaiketa, adierazpen askatasuna defendatzeagatik espetxe zigor “txikiak”… eta lantzean behin, beltza. Modus operandi hori oso aproposa da beldurra zabaltzeko, eta ondorioak konfrontazio mailan eta herri mugimenduaren eragiteko gaitasunean islatuko dira, inork ez baitu prestutasun handirik izango pankarta bat jartzeko 500€ko isuna jarri badiote, edo eserialdi batean parte hartzeko urte bat eta sei hilabeteko espetxe zigorra badarama bizkarrean.

Zurikeriak orain zentzu bikoitza izan dezake, zeren errepresio zuria edonori toka dakioke: zuri, zuri, zuri… zuria.

Errepresio beltzetik errepresio zurira

Errepresio beltzetik errepresio zurira

Errepresio beltzetik errepresio zurira

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.