EHZuzenean: errepikatzeko moduko edizioa

Emir Kusturica & The No Smoking Orchestra, Flickr
Emir Kusturica & The No Smoking Orchestra, Flickr

Orduak aurrera joan ahala, herriko plaza betetzen joan zen, zelaietan kanpinak ugaritzen hasi ziren eta komunetako eta dirua aldatzeko ilarak ere luzatzen hasi ziren, guztira, 12.000 pertsona inguru bildu baitzituen ostiralekoak.

The Bellrays amaituta heldu ginen Gibel Herri eta Urbeltzeta arteko zelaira, hau da, eszena nagusia eta eszena ttipiaren arteko gunera. Palestinako banderak astitzen ari zen ikuslegoa oholtza txikiari begira, Fermin Muguruzak zuzendu duen “Checkpoint Rock” dokumentalaren harira palestinako doinuak ekarri baitzituzten EHZ-ra. Indartsu aritu ziren bi emakume palestinar hip hop-a abestuz, baina, giroa, Fermin Muguruza eta Sorkun taula gainera igotzean berotu zen. «Yalah Yalah Ramallah» abestiak gaueko kontzertuetarako gogoa piztu zuen.

Agertoki nagusiaren inguruak leporaino beteta zirenean igo zen Manu Chao oholtzara, Radio Bembako musikariekin batera. Handik aurrerakoak, erritmoa, zoramena eta ahots urratuak. Publikoak guztia eman zuen, eta Manu Chaok publikoari nahi zuena ematen erantzun zion, “Clandestino” edo “Desaparecido” bezalako abesti mitikoekin. Muguruza taula gainera igo zenean gaua gorenera heldu zen, “Dub Manifest” eta “Sarri sarri” abestiekin. Bi musikarien arteko kimika izugarria da eta hori nabari da.

Ordu eta erdi beranduago, se acabó, se acabó, se acabó esanaz amaitu zuen Manu Chao-k kontzertua… Segundu batzuz eszenatokira begira jarraitu zuen publikoak agur faltsu baten esperantzarekin. Baina, “La despedida” abestiak ez du nahasmendurako aukera handiegirik uzten eta berehala sakabanatzen hasi zen Heletako zelaietan bildu zen jendetza. Guztiak barra alderantz egin zutela dirudi, Emir Kusturica & The No Smoking Orchestraren kontzertua hasi aurretik zerbeza bat lortzea odisea izan baitzen eta zelaiaren beste puntara heltzea, Willis Drumond entzutera, utopia hutsa.

Zaila zirudien Manu Chaok jarritako erritmoari eustea, baina Emir Kusturica & The No Smoking Orchestraren kontzertua espektakulu hutsa izan zen. Hainbat musikari mozorrotuta igo ziren eta Nele Karajilic abeslaria deskriba ezinezko jantziarekin azaldu zen, hego eta guzti. Ijituen rock indartsuak harrera ona izan zuen eta publikoarekin komunikatzeko arazorik ez zuen izan Karajilic-ek. “Do you agree? Fuck you MTV” eta antzerako gerra oihuak abestien lelo bilakatu ziren. Kusturicak indartsu astindu zuen gitarra, baina, jendea bibolina jotzen zuen Dejan “Leopold” Saparavalo-rekin geratu zen txundituta, batik bat. Instrumentuarekin kasik malabarak egiten baitzituen.

Laburregia izan zenaren irudipena eta giharretako mina izan zen hurrengo egunean geratu zitzaigun sentsazioa.

Larunbata eta igandea, lasaiagoak izan ziren, jende aldetik behintzat. Azken egunean haurrekin hurbildu zen jende ugari, kontzertu, antzerki eta bestelako emanaldiekin egun pasa ederra egitera.

Larunbatak ere eman zuen berea. Arratsaldez jo zuen Deabruak Teilatuetan taldeak eta oraindik zelaian publiko urria batu arren indar handiko emanaldia izan zen. Aritz Mendieta abeslaria ikuslegoaren artean aritu zen, dantzan, gelditu gabe. Ondoren Che Sudakaren erritmo dantzagarriek motorrak berotu zituen gau luzeari begira. Harrera ona izan zuen Bartzelonan errotutako taldeak.

Puppetmastaz izan zen apustu indartsuena eta jendeak sutsuki jarraitu zituen txotxongiloen esanak eta hip hop, funk eta elektro musikaren erritmoa. Zelaiaren goiko aldetik begiratuta batera mugitzen zen masa homogeneoa zirudien ikuslegoak. Panpinak atzean utzi eta taldekideak taulara ateratzean egin zuen eztanda gauak.

Heletako lehen jaialdiak arrakasta itzela izan du, eta jendeak hiru egunetako ajeaz osatzeko denborarik ere izan gabe, errepikatzeko gogoa duela dio. Zaila izango da, zinez, aurtengo giroaren pare jartzea, berriz ere.

Hemen topatuko duzue azken egunotan EHZ-n jazotakoaren berri.