Errelatoarekin endredaturik

Errelatoarekin endredaturik –

ETAren behin betiko su-etenaren ostean hasi zen errelatoaren inguruko bataila. Orduan, Jorge Fernandez Diazek argi eta garbi azpimarratu zuen: “Errelatoaren batailan ETA garaitu behar dugu distantziakidetasunik gabe” (Hay que vencer a ETA en la batalla del relato sin equidistancias – Nous devons vaincre ETA dans la bataille de l’histoire sans équidistance).

Errelatoarekin endredaturikHorretarako, adierazpenez gain, diru ugari bideratu zuen, besteak beste, Gasteizen bukatzen ari den Terrorismoaren Biktimen Memorialaren eraikuntzan, edota berarekin batera idazten ari den “benetako kontakizunean”.

Hasier Etxeberria zenak testuingurua ondo islatu zuen: “Ematen du ez baduzu ETAren aurka hitz egiten edo idazten, ezin duzula beste ezer egin. Ez zara demokrata, ez zara giza eskubideen aldeko, ez zaituzte biktimek hunkitzen, hiltzaileen aldekoa zara… Conditio sine qua non da zernahitarako, edozertan hasi aitzinetik eskatzen den pasaporte etiko/moral bat.”

Ordutik hona, hainbat liburu eta artikulu argitaratu dira, eta egia esan, ez dute berritasun handirik ekarri. Duela urte batzuk “Basta Ya” plataformaren inguruan sortutako diskurtsoa errepikatzen dute behin eta berriro. Hots, ez da existitu inoiz inolako euskal gatazkarik, terrorista mitomano batzuk Estatu demokratiko baten aurkako lehia besterik ez da izan; eta bien bitartean euskal gizarte gaixoak beste aldera begiratu zuen. Mozorro ezberdinekin jantzi da mezua, historiografiatik literaturaraino, eta hedabide handiek lau haizetara zabaldu egin dute.

Kontakizun hori defendatzen dutenek antinazionalistatzat hartzen dute beraien burua, nazionalismo guztiak txarrak baitira. Era berean, badirudi nazionalismo espainola ez dela existitzen. Badakigu nazio guztiak asmatuak izan direla; espainola, aldiz, espiritu santuak sortu omen zuen.

Bestalde, Estatuko indarrek erabilitako bortizkeria anekdota hutsa besterik ez da izan; alegia, Martin Villaren teoria mantentzen da: “Gureak akatsak dira, haienak krimenak”. Paco Etxeberriak torturaren inguruan zuzendutako lanak hankaz gora jarri du tesi hori. Izan ere, Joxe Azurmendik nabarmentzen duen bezala: “tortura onartzea da onartzea Estatua ez dela Zuzenbide Estatua. Eta inola ere ez dugu sinetsi nahi Basaestatu batean bizi garela”. Are zailagoa da onartzea Estatuak hil egin duela; ez zen funtzionario isolatu batzuen kontua, Estatu baten estrategia bat baizik. Horregatik, biktima batzuk bigarren mailakoak dira, eta beste batzuek ez dute ezta inolako onarpenik.

1978ko erregimenaren sakralizazioa ez da berria, hori dela eta, are kezkagarriagoa da Frankismoaren zuriketa. Pau Casanellasek eta Daniel Escribanok horretaz ohartu ziguten: “Euskal Herriko sektore politikoren batek borroka armatuari eutsi izana estakuru moduan erabili izan dute frankismoaren izaera errepresiboa leuntzea helburu duten diskurtsoa eta politikak taxutzeko. Eginkizun horretan, historia itxuragabetzea, zapalkuntza frankistaren adierazle nabarmenak aintzatestea eta borrokalari antifrankistak gutxiestea batera etorri dira”.

Zilegi da edozein kontakizun defendatzea, zilegi ez dena errelato hori inposatzea da, eta benetan kezkagarria da edozein kritika isiltzea edo terroristatzat hartzea. Ez da kasualitatea egia ofiziala zalantzan jartzen duten raperoak zein twiteroak espetxeratuak izaten ari direla. Nire ustez, errelato bakarra pentsamendu bakarraren adierazlea besterik ez da. 

Finean, batzuek neutraltasunaren eta objektibotasunaren bandera zabaltzen dutenean, niri Ruperren bertsoak etortzen zaizkit burura: “Nik ere nahi nituzke halako segurtasunak eduki, baina gauzak zer diren, kontuak ez zaizkit ateratzen ongi”.

Errelatoarekin endredaturik
Errelatoarekin endredaturik
biolentzia, errelatoa, Errelatoarekin endredaturik, ETA, euskal herriko historia, gatazka, historia, okupazioa
Jon Martinez Larrea

Historialaria

4 pentsamendu “Errelatoarekin endredaturik”-ri buruz

  • Ene Jon:

    ETAren hilketa gehien-gehienak Franco hil eta gero gertatu ziren. Ez hori bakarrik, lehen hauteskunde demokratikoak eta gero hiru urtetan ETAk beste joandako urteetan baino askoz heriotz gehiago eragin zituen: 300 hildako 1977 eta 1981 urteetan. Horregatik Frankismoaren antzespenetaz aritzea ETAk demokrazian frankismoan baino gogorrago jokatzen zuenean, frankismoaren aitzakia deblauki deusesten du. Bai, Jon, Frankismoa aitzaki bat zen zenbait matarife iraultzaileek jendea hiltzearen eskubidea har zezaten.

    1977tik aurrera, gainera, ETAk bere “objetibo”en abanikoa ireki egin zuen, 80 hamarkadan bonba-kotxea zerabilen dozenaka jende hiltzeko eta 90garrengo hamarkadan ezker abertzaleak “sufrimentuaren sozializazioa”ren oparia egin zigun. Orduan politikariak, PPkoak eta PSOEkoak, izan ziren helburu.

    Beraz iruditzen zait oso gusto txarreko ETAren historiaz balantze bat egin beharra eta 78ko erregimenaren kontakatilua batutzea. ETAren gogorkeriak gure herriak jasan izan duen askatasun murrizketa handia izan da eta giza-eskubideen kontrako erasorik bortitzena, gainera. Franco hil egin zen baina ETAk sekula baino gehiago hiltzen zuen eta gainera dispositibo berriak atera zituen ezker abertzaleak maukatik, adibidez Kale Borroka komandotxoak.

    Kritikak egiten direnean horiek oinarri piska bat eduki behar dute. Zure kasuan oinarri falta hori nabaria da.

  • Jon Martinez Larrea

    Ene Bentazar,
    Ez dakit gaizki adierazi dudan, baina artikuluaren helburua ez zen ETAren ibilbidearen balantze bat egitea, errelatoaren batailaren inguruan puntualizazio batzuk egitea baizik.
    Ez dut ukatzen ETAren bortizkeria eta horren ondorioak. Hala ere, uste dut ezin dela ukatu Estatuak ere bortizkeria, askotan estralegala, erabili duela. Torturatzea zein hiltzea ( BVE, GAL, polizia berak) ez zen funtzionario batzuen gehigikeria, Estatu estrategia bat baizik.
    Bukatzeko, Frankismoaren aipuari buruz Daniel Escribano eta Pau Casanellasen testuaren lotura uzten dizut
    https://www.jakin.eus/aldizkaria/artikulua/frankismoa-ikusezin-biolentzia-politikoaren-inguruko-%C2%ABoroimen-historiko%C2%BB-instituzionala/314
    Artikuluak urte batzuk eduki arren, gaurkotasun handikoa da.

  • Ez naiz ni pasaporte etiko/moralen zalea, norbakoitzak bere historia pertsonala du eta gizaki partikularrak bere historia propioari zor dio leialtasuna. Hori bai, unibertsalki konkluditu behar denean edota etika/moralaz mintzatzean egoera orokor bati buruz (Euskal Herria eta ETA kasu), arau minimo batzuen errespetua derrigorrezkoa iruditzen zait. Euskal Herriko egoeraz askotan askok (eta ez aldebakarrekoek) duten begioker joera salatzekoa da.

    Estatuaren gogorkeria egon da eta estatu aparailuek horretan parte hartu dute, dudarik ez dago. Gertatzen dena da inork ez dituela GALeko militanteak edota torturatzaileak heroi gisa hartzen. Hori ez da gure herrian gertatzen ETArekin: ezker abertzalekoek ETAko militanteak heroi gisa hartzen dituzte, eta beren ekintzak txalotu edota justifikatzen dituzte. Izan ere, hor dugu Arnaldo Otegi Sortu eta Bilduren buruan eta bahitzaile ez damutu bat da. Niretzat, giza-eskubideen ikuspuntutik, hori egoera aberrantea da.

    ETAk ekintza-errepresio-ekintza espirala eratu zuen estatu frankistaren aldetik errepresioa areagotu nahiean eta espiral horrek martxan jarraituko zuen demokraziaren barnean. Estatuaren erantzun legegabea, noski, erabat gaitzesgarria da. Baina ETAk bilatzen zuen ere bere ekintzen justifikagarri. Horregatik, frankismoaren aipua iruzurti xamarra iruditzen zait beti. Frankismoan sortu bai baina ETAk bereziki demokraziaren barruan jokatu zuen eta berak sortutako alternatiba politikoak hauteskundeetan parte hartu eta kargu politikoak izan zituen eta erakundeak kudeatu. Esku batean egurra eta bestean kudeaketa politikoa, salatu egiten zen estatu horren egituren barnean. Hori ere kontuan izan behar da.

    Eskerrik asko zure gisako erantzunarengatik eta ondo izan

  • ganbaratxotik 2018-05-05 11:38

    Betikoa da. Historian zehar makina bat aldiz gertatua. Gizarte orotan jazotzen den portaera errepikatua . Jendarte edo kolektibo orok, gutxiengo, talde edo norbanako batzuk markatzen ditu. Gaiztekeri guztien errudun egiten ditu gaiztakeriaren ikur bihurtuz. Gaitza HAN dago ez dago HEMEN. Haiek dira arduradun BAKARRAK. Han dago minbizia,.Horrela bestelako ardura guztiak zuritu eta kito. Erreza eta xinplea jakina. Eta agian beharrezkoa kolektiboaren kohesioari eusteko, humanoa. Baina inola ere ez da bidezkoa, justua. Ez baita EGIA OSOA. Espainian errelato bakarra inposatu nahiko dute. Uste dut Euskal Herrian aniztasun handiagoa dagoela eta izango dela. Bakoitzak bizi duenarena + besteenarenaren batura ahalik eta kontsentsuatuena. Baina gero KONTAKIZUNA dator. Argi bereiztu beharrekoa errelato politiko, subjetibo edo humanotik. Eta hor bai ikerlari independenteek (Unibertsitatea, Hedabideak) lan handia dutela benetan gertatu dena argitzen. Gertatutakoaren kronika erreala egin behar da, datu objetiboenekin eta froga fisikoekin, izen-abizenekin, tokiak, eta aktekin. Oraindik historiaren protagonista zuzenetako batzuk bizirik ditugula burutu beharreko erronka ezinbestekoa: EGIA OBJETIBO OSOA.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude