Errekor lotsagarrien hirian, emakumeen etxerik ez

Errekor lotsagarrien hirian, emakumeen etxerik ez –

Bilboko Udalak lortu du berriz ere. Ikuskizun erraldoien hiriak, enegarren aldiz, errekor bat erdietsi du; baina tamalez, oraingoan ere, txarrerako. Dagoeneko Bilbo da Emakumeen Etxerik gabeko Hego Euskal Herriko hiriburu bakarra.

Hiru urteko parte-hartze prozesu aberasgarri baten ostean, irailean ireki zuten Sorginenea Gasteizen, eta urriaren hasieran Iruñeko Emakumeen Etxeak ateak zabaldu ditu, aurreko udal gobernuaren konpromisoaren emaitza.

Errekor lotsagarrien hirian, emakumeen etxerik ezDonostiako Emakumeen Etxearen eredua jarraituz, Gasteizko proiektua aurrera eramateko espresuki sortutako elkarte batek kudeatuko du zentroa, Udalarekin batera, hitzarmen baten bidez. Eredu arrakastatsua, dudarik gabe. Izan ere, bederatzi urte igaro dira mugimendu feministaren hauspoari esker Donostiako Emakumeen etxea zabaldu zenetik eta, denbora honetan, eskualde osoko emakume, trans eta bollerentzat erreferente argia bihurtu da espazio hau, ez bakarrik bertan biltzen diren zerbitzuengatik, baizik eta erabiltzaileek eurek identifikatzen dituzten beharretatik abiatuta erantzunak eskaintzen zaizkielako. Emakundek argitaratutako ikerketa batek ere berretsi egin du emakumeen eraldaketa prozesuetan etxe hauetan garatzen diren ahalduntze eskolek duten garrantzia. Eta egun, inork ez badu zalantzan jartzen elkargune feminista hauen garrantzia, galdera argia da: Bilbon, zergatik ez?

Hemen baldintza guztiak ditugu Emakumeen Etxe bat izateko (gutxienez bat, Euskal Herriko hiririk handiena delako, eta jendetsuena beraz): batetik, Bilboko mugimendu feministaren eskakizun historikoa dela; bestetik, mugimendu horren saretze gaitasuna eta izaera anitz zein indartsua dugu; aurrekontu nahikoa, 562 milioi eurorena 2019an, Bilboko Udalak inoiz izan duen handiena. Eta guzti hau nahikoa ez balitz, badago proposamen zehatz bat mahai gainean, hain zuzen ere Galtzagorri talde feministak prozesu parte-hartzaile baten ondorioz egindakoa: Bilboko auzo garaietarako Emakumeen Etxea, Koloretxe, Udalarekin batera kudeatzea proposatzen dute, beste hainbat tokitan egiten den bezala.

Baina hara non, Bilboko Udaleko agintariek behin eta berriro ateak ixten dizkiotela proiektu hau errealitate egiteko aukerari. Akaso guretzat ametsa dena, beraientzat amesgaiztoa delako: Feministekin elkar ulertu beharra, hitz egitea, adostea, erabakiguneak partekatzea… Tamalez, PNV eta PSEko gobernua ez dago prest guzti honi merezi duen arreta eta ahalegina eskaintzeko; ez du, inondik inora, feminismoarekin batera elkarlanean aritzeko asmorik. Haientzat, azken finean, feminismoa itxurakeria baino ez da, inondik inora praktika politiko bat.

Ez dira jabetu, alabaina, gizartea bera aldatzen ari dela, eta kalean behin eta berriro ikusi dugun bezala, mugimendu feministaren indarra geldiezina dela. Asteburu honetan Durangon egingo diren Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministak horren erakusgarri izango dira, milaka baikara bertan parte hartu eta elkarrekin hausnartzeko izena eman dugun emakumeok.

Duela urte batzuk, erailketa matxista baten aurrean, alkateak esan zuen ez zekiela zer gehiago egin zezakeen indarkeria matxistaren aurrean. Itxurakeria baino ez. Izan ere, Bilboko mugimendu feministak askotan helarazi dizkio proposamenak, Aburto entzungor azaldu den bitartean. Proposamen horien artean, behin eta berriro, Emakumeen Etxea egon da. Benetan ez al daki Aburtok zer egin?

Errekor lotsagarrien hirian, emakumeen etxerik ez

Irundar Bilbotartua. Mundu eta Euskal Herri alternatiboa eraikitzeko erronkan @EHBilduBilbo-ko zinegotzi eta @Alternatiba-ko kide.

2 pentsamendu “Errekor lotsagarrien hirian, emakumeen etxerik ez”-ri buruz

  • Insistentzia 2019-11-05 11:42

    Denboran atzera doa ezkerra. Orain, guztia erreproduzitzeko organoen arabera sailkatzen, erdiaroan bezala. Emakumeen artea, emakumeen etxeak, emakumeen ikerketak, emakumeen klubak, emakumeen diru laguntzak, emakumeen grebak, emakumeen manifestazioak… Emaiezue beste bost urte, eta eskola segregatu uniformedunak eskatzen hasiko dira, boteretze eta desboteretze jantzi kodeak inposatuz, pasilloetan mural beldurgarri propangandistikoak jarriz, guztiak formazioan irukiaren sinboloa altxatzen, gizartearen gaitz guztien errudunak seinalatzen desboteretuak izan daitezen… Ez al du beste aurrekari historiko lazgarri baten antza mugimendu honek?

  • Dena eraiki soziala omen da, hankartean zakila duzun arren. Zakila izanez gero biologikoki ezgaia zara zakilik ez duenaren tokian jartzeko, zakilik ez duzunean mundua erabat ezberdien ikusten delako. Baina kontuz, denok berdinak gara, zakilik ez dutenan izan ezik, horiek ez dira berdinak, horiek zakildunak baino hobeak dira, arlo fisikoan izan ezik, hor zakildunek pribilegio ikaragarria dute.

    Mundua eta boterea emakumeentzat!! Gizonak ixo! Berdintasunaren alde!!