Erreka lehor nahi dute?

Erreka lehor nahi dute? –

Ezagun dugu azken egunotan Gasteizko Udal gobernuak Errakaleor auzoa hustutzeko egiten ari den saiakera. Ez da harritzekoa, hiriek beti izan baitute periferiei susmoz eta zeharka begiratzeko joera. Eta ez gara ari hemen hainbeste periferia geografikoei buruz, periferia sozialei buruz baizik. Izan ere, Errekaleor zerbait bada, ohiko hiri-bizitzari ixkin egin eta hiri-auzo-bizitza beste modu batean antolatu daitekeela erakusteko esperientzia da, dudarik gabe. Beste mundu bat posible dela diotenen erakusleiho, ikasleku edota ispilu paregabea, egunerokoan, beste auzo bat eginez, beste mundu bat eraikitzea posible dela erakusten ari direnena.

Erreka lehor nahi dute?Kontua da errekaleorren, Smart City, Slow Food… eta enparauez jardun beharrean, auzolanaz, elikadura burujabetzaz etabarri buruz jarduten dutela. Bai, beste mundu bat egunez egun, euskaratik eta euskaraz egiten ari direla, alegia. Badirudi ordea, horrek ez duela hainbesteko glamourrik, anglizismoak markatzen dutela praxiaren kategoria (morala?). Beste leku batzuetan, focus group eta pilot experiment-ak izango liratekeenak Errekaleorren auzo-batzarrak eta autogestioa baitira.

Horrela, estandar ofizialetatik eta noski instituzioen hatzaparren kontroletik kanpo dabiltza eta, ez dute inongo unibertsitateko irakaslerik bidali euren kasua aztertzera, ez diete ikerketa-ekintza-parte hartzailerik garatzea proposatu, ez eta, are gutxiago, izan dute instituzioen laguntza eta bultzada halako esperientzia bat aurrera eraman ahal izateko.

Horren ordez, Errekaleorrera energia kentzera, argia moztera joan dira. Errakaleor biziz zipriztindu duen jendea bertatik bota nahi dute. Elikagaientzat ez ezik, bizitza sozialerako, kulturalerako, ekonomikorako eta euskararentzat lur emankorra bihurtu dutena, lehortu nahiean dabiltza. Hiriaren erdigunera, ohiko estandarteetara eraman nahi dute berriro. Periferia deserosoa desegin.

Zorionez, auzotarrek erakutsi dute beste auzo bat egiteko gai direla, beste mundu bat amesteko eta egunez egun egiteko gaitasuna dutela. Horregatik, ziur gaude gaitasun horren emaria ez dela agortuko eta bidea egingo duela. Aupa zuek!

Erreka lehor nahi dute?

Kontseilua