Erregeorde dixit

Erregeorde dixit –

Erregeorde dixitEz gaude honez gero PNVren diskurtsoarekin harritzeko harekiko etsiak aspaldian jo baikintuen, politika orokorreko eztabaida edo deritzoten horretan entzundakoak entzunda amorru puntua baina, ezin saihestu, amorru puntua bolatxoa ere izatera ailegatu zena, haren aurrean oposizio den horretatik ateratako erantzuna edo erantzun eskasi erabatekoa. Ez dago ezer antza, unionismoak parlamentu horretan daukan armarik fidel eta zorrotzenari aurre egiten dionik.

EGONKORTASUNA

Urkullu jaunaren aspaldiko hitz kuttuna. Ni ez naiz filologoa baina egonkortasunak, egotearekin du zerikusirik, egonkortasuna nahi dutenak egoteko nahi izango dute, egonean edo, eta nik dakidala, egonean egon nahi izaten du dagoen tokian gustura dagoenak. Baina egon, non? Garbi dago, dagoen tokian: Orain dugun Espainiako erresumako marko juridiko, antidemokratiko eta guztiz autoritarioan, hor beste inon ez du ikusten PNVk bere burua eta (bere) egonkortasuna izateko aukera. Hau da, oraintxe bertan Europan egongo den estaturik kili-koloen, hauskorren eta zaurgarrien, alegia, ezegonkorrenean, egonkortasuna nahi du basku batzuen lehendakariak eta horregatik egiten du beti, eta ez edonola, marko juridiko horren defentsa itsua. Normala da beste aldetik, haiei zoragarri joan zaien markoan egonean segi nahi izatea. Defentsa itsua esan dugu, halaxe joan baitzen lehendakari hau, Puigdemontengana zoritxarreko urriaren 26 hartan itsu-itsuan, suhar, bera izan baitzen ordukoan Espainolen Cid Campeadorrik handiena, matamoros porrokatuena, pordiosyporespainia. Nik behintzat, ez diot inoiz halako suharrik antzeman Carme Forcadellen edo Jordi Cuixarten edo besteon askapena eskatzeko.

Oraingoan ere, hauteskundeak direla eta ez direla, espainol politiko klasea zoragarri pasatzen ari denean, bera da, antza, gehien aztoratu den agintaria Espainiaren ezEGONkortasun politikoa dela kausa. Logikoa da haiek, espainolek, egonean egoterik ez badaukate guk (zeintzuk gara gu?) ere ez. Baina hau, horrela, bere horretan ezin esan eta bela azalduko digute gu paradisuan (mikroklima, oasia…) bizi garen alde honetako baskuak ondo babestuta egongo garela eta berak defendituko gaituela Espainiatik datorren kaka-nahaste lizun horretatik, gu askoz jatorragoak baikara haiek baino.

Galdera berez dator: zer ote da Lehendakariak hain irmo defendatu behar duen hori? Nik, kasuren batean, uler nitzake halako esanak, eta imajinazioa martxan jarrita imajina dezakegueuskal-herri edo hego euskal-herri edo lau probintzi edo herrixka euskaldun batean biziko bagina, euskara besterik entzuten ez den parlamentu bat, bertan egoteko euskalduna izatea beharrezkoa litzakeelako noski;erdal adarrik gabeko eskola bat eta euskara hutsez funtzionatzen duen unibertsitateabagenu eta pobrerik gabeko gizarte batean biziko bagina non inor ez bailitzateke inor baino gehiago…tira, orduan ulertuko nuke, gu zati bateko baskuak defenditzeko eta babestekogrina. Baina ze arraio dauka Urkullu jaunak Euskal-erdiko horretan defenditzeko sistema neoliberalista gupidagabe bat ez bada beren negozioak egiten segitzen duen bitartean herri ez baina gizarte gero eta espainolagoa bihurtzen segitzen uzteko?Ezer askorik ez.

Honetatik guzti honetatik nik hauetxek ondorioztatuko nituzke:

1-Estatu guztiz EZEGONKOR baitan EGONKORTASUNA ahuntzaren gaueko eldarnioa dela jaioberriak ere ikus dezakeena da. Espainia estatu bat guztiz ezegonkorra izateaz areago halabeharrez arrokaren kontra jotzera jitoan doan txalupaxka da. Baina abertzaleen espektroko inori ez zaio, egun, hau horrela azaltzea

2- Munduko estaturik egonkorrenaren atzaparretan egongo bagina ere guztiz ezinezkoa litzateke gure egonkortasuna baldin eta -egiten ari garen bezala- hizkuntza, kultura, hau da, geure burua saltzen ibiliko bagina.

3-PNVk EGONKORTASUNA dioenean zera esan nahi du: bost axola guri herria galbidean uztea eta beste bost, gezurra nagusi den estatu ustel baitan egotea baldin eta gure negozioak egiteko aukera ematen digun bitartean; beste aldetik politikan itxurakeria batzuk egiteaEspainian baino hobeto egitea nola ez den gauza batere zaila, ba, bapo, ze onak garen gu!Finlandiarekin ez dute inoiz konparaziorik egiten. EGONKORTASUNAk zera esan nahi du: Daudela gauzak, daudenean, guri ez ukitu ezertxo ere.

Ezker abertzaleak, baina, segitzen du jeltzaleak subiranisten zakuan sartzen. Bistan da: Katalunia da euskal nazionalismo osoa ipurdi-bistan utzi duena.

PNV da Gernikako estatutuaren eskumenen transferentziaren atzerapenari mozkinik handiena atera diona. PNVk ez du inoiz inolako kezkarik eskumen horien atzerapenarengatik. Aitzitik ere, atzerapen horretatik bizi izan da eta boto zakukada ikusgarria eman dioen mezu argia zabaltzeko aukera izan du berrogei urteotan: “Lasai, espainol maltzur horiek ez digute orain eman nahi, baina gu gara horiekin negoziatzeko gaitasuna daukagun bakarrak eta ekarriko dugu”. Eta horrela berrogei urtez.

Arrazoia ordea, ezin zaie mezu horretan ukatu: gezur handi horretan sortze beretik lagunkide eta bidelagun diren bi subjektu besterik ez baita sartzen: PNV batetik eta estatuko estoldek jarritako uneko gobernu ustela, bestetik. Egia da: haiek dira pastel kakaztu hori negoziatu dezaketen bakarrak. Horra hor nondik datorren PNVren hitzartzeko gaitasun azkengabearen hotsaeta zergatik ez duten ezertarako ere beste eszena-tokirik nahi; gaitasun infinitoa ezin gauzaez alimalekoa ez ote litzaiekeen bihurtuko bildur dira. Zer esan nahi dute, bestela, “gu ez gaude abenturetarako” esaten dutenean? Edo, zergatik etorri zaie, bestela, unionismoaren alderdi guztietatik jasotako boto zakukada hondogabea. Unionismoaren esparru guztiak erabateko konfiantza du PNVrengan. Nik ere edukiko nuke.

ESTATUS BERRIA

Hasieran esan dugu: kezkagarriena ez da Urkulluren betiko talaka pozoitua baizik eta hari kontra egiten dion ezer ez egotea. Jaio baino lehen ere hilda dagoen eta beste batzuen artean Del Burgo jaunak erredaktatu behar duen estatus berri hori gu entretenitzeko eta despistatzeko antolatu diguten beste ikuskizun negargarria da:

1-Dagoen tokian EGONEAN segitzeko ahalbidetuko dion zerbait besterik ez du PNVk azkenean onartuko, alegia, hutsaren hutsik hutsalena.

2-Oraindik ere, Espainiaren onespenetik pasatzen den ezer, oraindik ere planteatzea, bietako bat, edo inozoetan gu gara munduko txapeldunak, edo ez dago benazko inolako borondaterik herri hau itolarritik libratzeko eta portu onera eramateko.

3-Ekimenaren antzutasun guztizkoa adieraztera datorren beste detaile bat zera da: Espainiaren galbahetik inolako aukerarik pasatzeko ez daukan beste proposamen bat prestatu bai, baina halabeharrez etorriko den saihestezinezko ukapenaren ondorengo egunerako txintik ere ez planteatzea. Hori partida baino lehen porrota sinatzea da.

KONTZERTU POLITIKOA

Jeltzaleek asmatutako beste perla bat: nola ekonomian berrogei urteotan izan dugun lepotik lotutako kate motzago edo luzeagoa Madrilen agintzen zuenaren kapritxoz, halaxeko beste kate bat lotu nahi digute orain, hau ere lepotik, baina oraingo honetan politikoek esparru politiko deitzen dioten horretan. Zein garen gu txakur fidel txintxoak! Madrilen negoziatu litekeen bakarra gure katearen luzea da.

Bukatzeko: Kosta egiten da digeritzea nire ustez azken berrogei urteotan goiko politika mundu horretan gertatu den gauzarik tristeenetako bat digeritzea: Ezker Abertzalea eta ERC, PNVren ildo historiko beretik, Espainiarekiko paktuak eta negoziazioak planteatzen ikustea.

Kosta egiten digeritzea 78an martxan jarri zen zirkua, eskuina oso gaizto eta PSOE berriz ezker eta ireki eta hizketakide egoki moduan diskurtso negargarri bera saltzen ibiltzea, zertarako eta 155. artikulua sinatu zutenak Espainiako gobernu buruan jartzea zuritzeko.

Niri ERCrenak ez nau horrenbeste kezkatzen, batere ebanjelikoa ez den katalanen gizarte pittin bat ezagututa ez baitaukat dudarik oinarriak non dauden eta zertan ari diren. Hango jendea ez da igandero mezetara joaten den parrokiako jendea.

Ezker Abertzale parrokial horretan berriz, ez dakigu oinarriak, jendea non dagoen ere, Espainiako erresumak antolaturiko edozein hauteskundeetan botoa emateko saldoka agertzen direnean izan ezik.

Erregeordek zer esaten duen niri ez zait axola baina hari kontra egiten dion herri parlamenturik ez egotea guztiz kezkagarria iruditzen zait.

Mundu justuago baten eraikuntzan gure aletxo jarri ahal izateko hizkuntza eta kultura ardatz duen jendearen mugimendu sano bat abiatzeko behar larria dugu, makinaria besterik ez diren alderdi nazionalista horietatik oso urrun.

Erregeorde dixit
Erregeorde dixit
Erregeorde dixit   Erregeorde dixit
Erregeorde dixit
Erregeorde dixit

2 pentsamendu “Erregeorde dixit”-ri buruz

  • Ez dago txarto, idazkeraren zabarra gorabehera.

  • Eskerrik asko, garrett. Baina, hori bai, idazketa-ikastaroren bat eman behar baduzu, abisau eta gustora apuntatuko naiz.