Errealitatea zer?

MjEwNg==

Asteburu honetan ospatu zen atxikimendu franko bilduta Pausoz-Pauso, euskal presoei eta haien senideei elkartasuna adierazteko ibilaldia. Zarautzen zen amaitzekoa, baina Rodolfo Ares eta Ertzaintzaren debekua zela medio, Zestoan eman ziren eman beharrekoak. Ibilaldia egiten zen bitartean, Zarauzko Kale Nagusian PSOE bere egoitzaren ber inaugurazioan ziharduen; han ziren besteak-beste, Arriola, Buen eta Elola (Zarauzko alkategaia) bera. Eta noski haien bizkartzainak. Asko. Horrelaxe doa gure herria bada, batzuek ezin haien maitasuna eta elkartasuna adierazi euskal presoei, eta besteek bizkartzainarekin ireki behar haien egoitza. Eusko Jaurlaritzak behin eta berriz aipatzen du ditxosozko pluraltasuna, identitate aniztasuna, baina inoiz ez errealitate aniztasuna. Errealitatea bakarra da haientzat. Sufrimendua bakarra da haientzat. Alde bakarreko biktimak daude soilik. Jaurlaritzak legealdi honen lehenengo urtean argi erakutsi du “errealitatea”, haiena, inposatzeko intentzioa eta baita inposatu ere. Bide horretatik etorri dira ezker abertzalearen eta euskal presoen senideen elkartasun ororen kriminalizazioa eta abertzalegoaren deslegitimazioa. Bide horretatik alde bakarreko biktimak errekonozitzea eta gainontzekoak arbuiatzea. Ildo horretatik doa Isabel Celaa hezkuntza kontseilariak aurkeztutako hezkuntza plan inposatzailea. Doktrinatzailea, errealitate bakar bat absolutu bihurtzen duen heinean eta erlatibismoari tarterik uzten ez zaion heinean.

Jaurlaritzarentzat errealitatea bakarra da, sufrimendua bakarra da eta indarkeria ere bai

Zarautzen gertatua da jarraitu behar ez den bidea. Pausoz-Pauso ekimenari jarritako oztopoek ez dute gatazkaren konponbidea hurbiltzen, horren ordez, preso eta senideen samina eta gorrotoa areagotzen dute. Errealitate espainolaren inposaketa bilatzen duten horrelako bortxa politikek, herritarron mespretxu osoa merezi dute. Argi eta garbi esan beharra baitago: Hori ez da bidea.

Irudia | Euskal presoak | larrabetzutik.org | Creative Commons By SA
elkartasun bideak, elkartasuna, euskal presoak, ezker abertzalea, PSE, PSOE
Oier Aranzabal

ZuZeuko erredakzioko koordinatzailea. Ekaitza bainuontzi batean.

Zer duzu buruan “Errealitatea zer?”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude