Errazena gutxitan erraz egiten da

“Inork ez zuen esan erraza izango zenik” zioen Berri Txarrak taldeak. Aldaketei buruz ari ziren kantatzen naparrak, baina ezetz esateaz ere mintza zitekeen abestia, “ezetz esatea” baino gauza zailagorik ez baitago. Umeetatik hartzen diogu beldurra ezetz esateari eta “ez” esan beharrean, “ez daukat” edo eufemismo/ aitzakiren bat botatzen dugu “ezetza” dela aditzera emanez. Berbarako, eskale batek dirua eskatzen zigunean “ez” esan baino, “solterik ez dugu” edo horrelako aitzaki merke bat erabiltzen dugu sarri.

Arrazoia zein den ez dakit. Susmoa daukat “ezetza”-k bazterketarekin lotura zuzena daukala, hau da, pertsona bati ezetz esaten zaionean, pertsona ukatzera ere ailegatzen dela pentsatzen dugu. Umeak eta jolastokietako futbol partidak etortzen zaizkit burura, zeren eta jolasteari utzi ez zitzaion umea koadrilatik kanpo geratzen baitzen. Unibertsitate batean sartzeko eskaera errefuxatzen digutenean ere baztertuta sentitzen gara. Horregatik, bide okerra dela badakigu ere, isiltasuna hautatzen dugu askotan, ostrukarena egiten eta mina eragiten. Koldarrak gara nolabait.

Oso kuriosoa da hitzen atzetik ostontzeko dugun trebezia, aterpe gisa erabiltzen baititugu sarri. Konplexuak garela erakusten du joera honek. Dena den, batzuetan gauzak aurpegira eta gordinean — betiere errespetuz– esatea komeni da. Errazena ez da beti erraz egiten eta ezetzari diogun beldur kosmikoak hori erakusten du. Noizbait gainditu beharko dugu, mina ekiditeko bide onena baita mugak ezartzea eta tinko jarraitzea. Nahiz eta diruditen aukera onak galdu, hobe da aurrez ezetz esan, eskuen artean lehertzen utzi baino; hauxe da eskarmentuak irakatsi didana.

Lycée Fabert- Cour de recréation Quentinv57-k egina

APURKA APURKA Iritzi xelebreak, gogoeta alderebesak etabar. 1988an sortua eta 1989an jaioa. Ikasketez giza-zientziak eta komunikazioan lizenziatuta. Egun Berbaizu Euskara Elkartean lanean, bihar batek jakin.