Errausketa eta minbizia. Ikerketa berriak, ondorio zaharrak

2013-01-18 09.36.37

 

Environment International aldizkariak berriki CARLOS III osasun institutuko ikerlari talde batek egindako ikerketa lana ezagutzera eman du. 1997-2006 urte bitartean 8.000 herritik goratan jasotako datuak erabiliz egindako ikerlanaz ari gara. 33 minbizi mota aztertu dituzte eta ondorioa garbia da. Errauste planta batetik gertu bizitzeak gehitu egiten du minbiziaz hiltzeko arriskua. Halaber errauste plantak minbizia eragiten duten konposatu ugariren isurle direla diote txostenean. Dioxinak, arsenikoa, kromoa, bentzenoa… eta beste mordo bat aipatzen dira bertan.

Ez da gauza berria (eta ez da errauste plantetara mugatzen) teknologia berrienarekin aurreko teknologiak ematen zituen arazoak gainditzen direneko mito interesatua. Horrela omen zen Titanicarekin, Txernobil eta Fukushimako zentral nuklearrekin, eta nola ez, belaunaldi berriko errauste plantekin. Pertsonak engaina daitezke horrelako uste faltsuekin, baina sekulan ez errealitatea. Azken hau egoskorra da eta hobe dugu hark zer dioen entzutea.

Artikulu honen helburua ez da ikerketaren alde teknikoan sakontzea. Horretan interesa daukanak honen inguruko informazio gehiago eta jatorrizkorako estekak www.zerozabor.org gure web orrian topa ditzake. Guk azpimarratu nahi duguna ondorengoa da: errausketak sortzen dituen konposatu toxiko guztiak ez dira filtroetan geratzen diren errautsetara mugatzen (Gipuzkoan urtean 14.700 tn izango lirateke hauek), konposatuak tximiniatik kanpora ere zabaltzen dira eta gure gorputzean bukatzen dute bai arnasten dugun airearen bidez, bai elikadura katearen bidez.

Hondakinak errausteak gizon-emakume guztiok inguru osasungarri batean bizitzeko dugun oinarrizko eskubidea urratzen du. Administrazioak eta arduradun politikoek herritarron oinarrizko eskubideak bermatzeko betebeharra dute, eta ez dute enpresa handien interesei men eginez eskubide hauek kaltetzeko zilegitasunik.

Gipuzkoan badago zehaztuta hondakinak erraustu gabe, zero zabor ereduari jarraiki kudeatzeko plan orokorra. Errauste plantaren proiektua behin betiko bertan behera uztea, dauden aukeretatik merkeena izateaz gain, herritarron osasuna bermatzeko modu bakarra da alor honi dagokionez. Berandu baino lehen erabaki ausartak hartzeko eskatzen diegu arduradun politikoei, errauste planta eraikitzeko kontratuak behin betiko bertan behara uzteko, eta zero zabor norabidean joateko beharrezko azpiegiturak eraikitzeko, herritarron eskubideak babestea beraien lehenengo zeregina baita.

zero zabor

Euskal Herrian materialen kudeaketa arrazional eta iraunkor baten alde, hau da, Zero Zabor ereduaren alde eragiteko elkartea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude