Eroskitik Erosquira

Euskal zeneko herrian ere, kosmopaletotze prozesu batean murgildurik bizi garela iruditzen zait, eta prozesu hori azkartuz doala azken urteotan.

Eroskitik Erosquira

EiTBren bilakaera erdaltzalea nabaria dela uste dut, komuneko markoari (Espainiarekin komunean omen daukagun horri) gero eta atxikiagoa, bereziki ETB2 eta Radio Euscañi, non adibidez, historiari eskainitako saio bat ematen hasi diren, “benetako historiaz” jardungo dutelarik  saioaren arduradunen arabera, eta hara non! Andaluziako Tartesotik hasi ziren kasualitatez, baskoiei edo barduliarrei ezgauza eta bazterreko iritzita seguruenik… benetako historia Espainiako  historia baita Radio Euscañitarrentzat, antza denez.

Eroski denda katea ere
, gero eta kosmopaletoago ageri da, nire ustez. Duela 20 urte emandako urrats lotsati haietan geratu da Eroski (produktuak lau eletan, consumer aldizkaria ere bai… eta kitto), eta apurka-apurka atzeraka egiten hasi dela dirudi.

Langile gehienak erdaldun puru-puruak izan ohi dira; bakarren batek euskaraz (ere) badakien bezeroak asmatu behar izaten du; produktuen etiketak, guztiak, erdara hutsez; megafoniatik ere euskararik ez (Gasteizen, Iruñan edo Altsasun behinik behin)…  Hori bai, sabaitik zintzilik izan ohi dituzten kartel handiak ele bietan ageri dira, itxura jatorragoa emateko edo.

Eroskiren Nafarroako egoitzetan “gure lurreko produktuak” izeneko txokoa eskaintzen digute, “productos de Navarra” espainieraz, UPNtarren gozamenerako.
Errematerako, “gure” Eroskiren webgunean sartuta, espainierazko bertsiora sartzen zara zuzen-zuzen, besteak beste euskarazkoa oraindik ere ez daukatelako prest, eta euskara aukerari emanez gero, honako oharra ageri da: “estamos trabajando para ofrecerte lo antes posible las versiones en catalán, euskera y gallego. Disculpa las molestias”…

Mondragón taldeko enpresa izanik, beste jokabide bat espero genuen benetan.

Eroskitik Erosquira

21 pentsamendu “Eroskitik Erosquira”-ri buruz

  • Tolosako lagun batek oraintxe esana: Tolosako Eroskiko megafoniatik ere, mezuak espainiera hutsez.
    Negar egitera noa… (txantxa da Irala, txantxa da…).

  • Lagun horrek berak helarazitako iruzkinak ere badu mamia:
    Merezi duguna jasotzen diagu. Enpresak ez zeudek txorakeriatarako, merkatuak eskatzen duena asetzeko baino, eta kasu honetan, Eroskiren merkatua ez dituk erakundeak, ez dituk korporazioak, ez dituk enpresak: Hi eta ni bezalako herritarrak dituk, gizartea duk. Hago zihur bezeroek eskatzen dutena betetzen saiatzen direla. Ez bezero bakanek eskatutakoa noski, bezero kopuru aintzat hartzeko moduko batek eskatutakoa baizik. Zergatik dik erru handiagoa EROSKIk, atzo batere axolarik gabe isilik geratu ziren bezeroek baino?

  • Peru Dulantz 2013-09-18 14:55

    Tira, ez gaitezen gaiztoak izan. Ez esan ondo egindako gauzak “itxura jatorragoa emateko” direnik…

    Eroski alde batera utzita, ez dut uste inork salatu duenik “Aguas de Alzola, Basque Water” delakoak etiketa berriarekin egin duena. Ez nago guztiz seguru, baino esango nuke lehengo etiketa (XIX. mendeko itxurako irudiz apaindua) elebiduna zela. Oraingo modernorako, berriz, euskara sobran, espainol konstituzionalaren eta ingeles kosmopaletoaren mesedetan…

  • Eroskik zeharo galdu du iparra eta aspaldi herriarekiko zuen lotura. Hori nabarmena da hizkuntza alorrean eta aportazio subordinatuen bidez 40.000 langile eta pentsiodunei egindako iruzurrean. Eta ordaina jasotzen hasia da.

  • Eroskik eta beste kate batzuek, ele bietan jartzen dituzte kartek handi gutxi batzuk erdarazko itsasoa ezkutatzeko soilik.

  • Itzain, begitu idi ezkerrari, dagoeneko asperrak jota daukazu eta, eskuinak aspaldian egin zizun alde (zirtoka nabil, lasai gizona-andrea!). “Tolosan, gaztetan, jendaurrean DEN-DENA egiten zen erderaz, euskaraz inguruko herrietakoek bakarrik egiten zuten” Amonarriz jaunak dixit. Beraz, aurreraka edo atzeraka ari dira Tolosan? Neronek ez nuke esaten jakingo. Esan beza dakienak. Bien bitartean, nik, Bilbon, 6 denda berri deskubritu ditut euskaraz parra-parra egiteko modukoak; umeak bi aste euskara hutsezko pasa ditu Campus programaren barruan (Bilbotik irten barik); gure lagunartera hiru euskaldun oso hurreratu dira, bilbotarrak denak ere; aldizkari baten harpidetza egin dut, hainbat euskarazko crowfundinetan parte hartu eta Bilboko Aste Nagusian egon naizen lehiaketa-joko-agerpen ia guztietan gure hizkuntza aditu ahal izan dut , Santiago plazako bertsolariez gain. etab , etab. Agian bakiotar-mungiar horiek Bilbora sariago gerturau beharko zenukete, ea nagiak behingoz ateratzen dituzuen, Baina ez ba…itxoin, mungiar guraso talde bat elkartzen hasia omen da azken hileotan euskara eskualde horretan suspertzeko (eskumuinak Ruiz de Egino, Larrauri, Eizmendi eta enparauei). Ikusten denez dena ez da beltz, ez zuri, euskaldun batzuk itzain egoteaz gain, itaurren, idi gainean trostan eta idiari zirika edo akuiluka gabiz. Nork esan zuen erraza izango zenik? GURE ESKU ERE BADAGO.

  • tolosaldetik 2013-09-18 18:58

    Tolosako gaur egungo errealitatea salbuespenekin noski baina orokortuz, gehien-gehienek euskaraz badakitela baina gehien gehienek euskararik ez dutela erabiltzen da.

  • Epa Irala:

    zure inpresioarekin bat nator. Azken hilabeteotan Bilbon nire lantokiaren inguruan (eremu ustez %100 erdaldunean) hiru taberna berritan euskarazko arreta eta harreman osoa egitea lortu dut esfortzu handirik gabe. Guztiz bat nator Itzainekin ere Eroskiri zein beste empresa handi guztiei egin behar diogun kritikan eta salaketan (Carrefour, Telepizza, Orange, Movistar, Ikea, Iberdrola, Naturgas.. ezin bukatu). Orain, kalean nagusiki denda txikiek dute lekua, eta hor nabarmen egin du euskarak Bilbon (ezagutzen dudanaz baino ezin hitz egin). Eta askoz gehiago egingo luke Udalak zer edo zer egingo balu. Kontua da axolagabekeriaz, utzikeriaz zein esango nuke mespretxu osoz, Bilboko Udalak ez duela euskara komertzio arloan sartzeko (edo dagoena azaleratzeko) ezertxo ere egiten. Beste arlo askotan ere ez (polikiroldegietako ikastaroak, udalaren komunikazioa, Bilbao aldizkaria, azpiegitura berrietako politikak, euskarari atxikitutako prestijioa…), baina komertzioa gakoa da hizkuntza hirian agertzeko eta utzikeria kronikoa da Udalean dutena. Urteetako kontua da gainera, eta oso gauza larria da. Eta ez da inondik inora onargarria. Jendearen martxan zer edo zer egin badezakegu, pentsa Udalaren politika aktibo eta indartsu batekin noraino heldu ahalko genukeen.

  • Duela urte batzuk Eroskik merkatal gune bat ireki zuen Ribabellosan, Araban dago, baina Miranda Ebro begira, hori dela eta, euskara ez da existitzen, ez megafonian, ez apalategietan, ez langileen artean. Bere garaian inguruko euskaltzaleek protestak egin zituzten euskararen presentzia aldarrikatuz baina ez zuten ezer lortu. Hori gutxi izango balitz, nire lagun bat harrituta geratu zen Eurokoparen garaian megafoniatik “Que Viva España” abestia entzun zuenean. Badirudi Eroskirentzat Arabako hegoaldea ez dela Euskal Herria.

  • Badirudi lana pilatu zaizula, nire jarraitzailerik fidelena zaren Irala hori. Edonola ere, egoteabsolvo nire testu “beltzak” irakurtzeaz… Bidenabar, nik ez dut Tolosari buruz tutik ere esan. Tolosako Eroskiren adibidea bertako lagun batek helarazi dit. Eta orain barka, idien bila joan behar dut eta…

  • Iñigo Fernandez Ostolaza 2013-09-19 10:12

    Eta inork ez du ezer esan nahi gure Kutxabanken euskararekiko atzerapausoei buruz?

  • Nik neuk La Caixak euskaldunoi ematen (ez) digun tratu lotsagarriaz mintzatu naiteke, nahi baduzu. UPPSNkoen CANekoa baino askoz iraingarriagoa. La Caixa y cierra España!
    Dena den, ez ginateke saiatu beharko hemendik bertatik ekimen bat edo beste antolatzen? Jende dezente dabil zuzeun, eta sareak aukera asko ematen ditu… Horra bonberada bat: zergatik ez kopla batzuk zuzendu Eroskiri, Kutxabankeri, La Caixari, Moviestarri…? Gutako bakoitza eta gure inguruko batzuk mugiarazi ezkero, zer pentsatua emango lieke…

    • Enpresa pribatuekin ez dakit, baina niri gustatuko litzaidake zerbait egitea alderdi politiko abertzale guztiek hizkuntza plan bat izan dezaten, beren burua euskalduntzeko. Horiei bai, eska dakieke, ez da hala?

      Horrela ebitatuko litzateke gaur egun ikusten ditugunak: EAJk EAEko legebiltzarrean %25 bakarrik egitea euskaraz, Geroa Bairen web orria erdara hutsean izatea, Iruñeko Alkartetxean ingelesak eta frantsesak bai baina euskarak lekurik ez izatea, Bilduk Nafarroako lehendakaritarako erdaldun bat proposatzea…

      Garai batean Herri Batasunak izan zuen horrelako plan bat; ez dakit ordutik beste norbait animatu den. Hizkuntza-planekin, alderdi politikoa bera euskararen arnasgune bihurtuko litzateke.

      Ni animatuko nintzateke zerbait egitera.

      • Eta enpresa pribatuan zergatik ez? Euskaldunok erdaldunek bezalatsu kontsumitzen dugu… Ezin diegu exijitu euskaraz egin dezaten, baina baldintzatu bai. Aukeratu ditzakegu euskarazko zerbitzua bermatzen diguten dendak eta zerbitzuak, eta egiten ez dutenei ohartarazi beste horien aukera egingo dugula…
        Bestalde alderdien euskara planena ondo dago, baina planak ez du ezertxo ere bermatzen. Ikusi besterik ez dago Jaurlaritzako euskara planak zertan diren… Bazen esaera xahar bat, horrelako zeozer zioena: “arazo baten aurrean zer egin ez dakizula bazaude, eta arazoari ekiteko asmorik ez baduzu, egizu plan bat”… Nahikoa egia da, bai.
        Edonola ere, alderdiei koherenteak izan daitezen exijitu dakieke, hori bai.

  • Nik neuk… mintzatu naiteke (horror)!

  • Kar-kar, Itzain. Gorago “ziHur” idatzi duzu (letra larria, nirea).

    Hori bai HORROR, gero eta maiztuago! 😉

    PD: Bide batez, “EiTB nahieran” kasua aipatu nahi nuke. Hilabeteak eman ditut euskarazko edukiak klikatzen, eta atzo entzun nuen aurreneko aldiz euskarazko iragarki bat.

  • Somorrostro Harana 2013-09-19 15:39

    Arazoa da guk geuk ez dugula euskara euskal izaeragaz lotzen gaur egun. Euskara guztiz berreskuratzeko gizartearen eremu guztietara heldu behar da eta beste hizkuntzen eremuak ordezkatu eta hau guztia euskaldunen inongo konplexu barik egin behar dela deritzot. Gero eta basko gehiago dira Euskal Herrian baina gero eta euskaldun gutxiago.

  • Hori da arazoetako bat, bai. Beste bat, oso potoloa, da euskaldun-konzientziadun asko eta askoren paralisi sinestezina. Egoerarik lotsagarrienetan ere, burua jasotzeko gauza, protesta egiteko gai ez den euskaldun asko eta asko dago. Gehienetan, egoera irentsi, eta ez unean bertan, ez gero ere ezer eraginkorrik egin ez, eta kasurik onenean lagunei kexa azaldu eta kitto, hurrengora arte.
    Otzankerian hezi gaituzte, eta edozer irensteko prest gaude gehienak, eguneroko bazterketarekin ohituta.Menpekotasunean ohitu gara.
    Jakina, alderdi unionisten jokabide zikinaz eta alderdi abertzaleen ardurarik ezaz, EAJren epelkeriaz bereziki, baina baita ezker abertzalearen erantzun erkinaz ere, luze hitz egin dezakegu .

  • Fagor España 2013-09-20 00:39

    Mondragon Cooperativa larrutuko duzue bideo hau ikusi eta gero. “Nuestro país: España”

    • Bideoa ikusi dut eta…. ezin dot besterik esan: jo-der. Qué fuerte!

  • Peru Dulantz 2013-09-20 08:54

    Tira, eta Txinan saltzeko, “Gure herrialdea, Txina” esango lukete… (Jarriko nuke hori txineraz, baina ez dut uste ulertuko zenuketenik 😉