Eroskin arrotz

Eroskin arrotz –

Ana Urkizak Deia egunkarian.

Eroskin arrotzAsteko erosketak Eroskin egiten ditut. “Hemengoak direlako” dela esaten du etxeko gazteenak. Hala izango da, beraz. Produktuaren kalitatearen eta prezioaren arteko orekak, beherapen kanpainek, Eroski klubak eta gizarteko hainbat sektoreri lagun-tzeko bere egiten dituzten kanpaina anitzek ere izango dute zerikusirik. Bai eta euskararen erabilerak ere. Informazio oro bi hizkuntzatan izaten du jarrita eta bozgorailuz jakitera ematen dituzten oharrak ere, lehenbizi gaztelaniaz eta gero euskaraz, bi eletan ematen dituzte. Aurreko larunbat honetan, ordea, ohi bezala Eroskin egin nituen asteko erosketak. Sarrerako segurtasun zaindariak gaztelaniaz agurtu ninduen, astero bezala. Fruta eta barazkien gunera abiatu nintzen lehenbizi eta han, ananak eskaintzen ari zen neska gazte bat hurbildu zitzaidan. “¿Quiere probar, señora? Está fresquita-fresquita!”. 22 urte ez zituen izango. “De Ud.”, “señora”, eta “fresquita-fresquita”, nire barrenean, txirikordatu egin ziren. Ezezkoa eman nion euskaraz. “No le apetece en estos momentos, no pasa nada, que tenga un buen día”. Norbaitek ezezkoari nola aurre egin behar zion erakutsi ziola pentsatu nuen baina ez, ordea, euskaraz erantzuten. Gero, kafeen eta txokolateen gunera joan nintzen eta han, atzerriko gizonezko bat zegoen bonboiak dastatzeko eskaintzen. Hark ez bide zekien euskaraz eta gaztelaniaz ari zen. Ondoren, arrandegitik pasatu nintzen. Han ari ziren, astero lez, txanda-zenbakiak gaztelaniaz errezitatzen. Nik euskaraz eskatu nuen behar nuena eta euskaraz artatu ninduten. Eta, azkenik, kutxan, “¿necesita bolsa?” galdetu zidanari ezetz erantzun nion euskaraz, banuela eta. Handik aurrera euskaraz egin zidan kutxakoak.

Arrotz sentitu nintzen Eroskin. Hemengoak izango badira ere, eta ni ere hemengoa izanik, arrotz sentiarazi ninduten. Ez nintzen ni beraiek lehenesten zuten bezeroa. Ez eta bezeroarekiko harremanetarako euskararen erabilera lehenestea, beraien jomuga.

Ez dakidana da, gainontzeko bezeroek ere “Eroski hemengoa delako” egiten ote dituzten erosketak bertan. Eroskikoek hori ba ote dakiten.

Eroskin arrotz Eroskin arrotz

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

2 pentsamendu “Eroskin arrotz”-ri buruz

  • Jose Inazio Lopez de Luzuriaga 2018-12-22 21:33

    Eskerrik asko Ana Urkizari salaketa hau egiteagatik. Dena den, euskaldun legez zelako bakardadea sentitzen dut une hauetan. Goian Paul Bilbaoren artikulua irakurtri dut eta bai, Europako lege hori Espainiako konstituzioaren gainetik omen dago. Eta zer? Non aplikatzen da hierarkizazio hori? Nire sentimendua da euskal Herrian inork ez duela babesten euskaldunok euskaraz bizitzeko dugun eskubidea, ez alderdi politikoek eta muturrean jarrita, eguneroko bizitzari dagokionez, ezta Kontseiluak ere. Esaterako, ez dugu euskal kontsumitzaileen elkarterik.

  • Eroski baino, Erosqui ematen du gehiago. Dagoeneko ez da kanpotik etorritako beste azalera handiko denda batzuk baino “hemengoagoa”. Langileak ezagutu ezean, ez dago jakiterik euskaldunak direnentz, lehen hitza erdaraz egiten baitute beti. Produktuen salneurria erakusten duten itsaskinak español hutsez, duela 40 urte bezala.
    Eroski hemengoa? Bai, baina erdalduna.