Erlijioko irakasleak: Frankismoaren inposizioa

Erlijioko irakasleak: Frankismoaren inposizioa – 

Erlijioko irakasleen kontratuak blindatzeko lege proiektu bat aurkeztu du Navarra Sumak Nafarroa Garaiko Parlamentuan. Koalizio horrek aipatu du irakasleak kontratatu direla konkordatuaren eta indarra duen legeriaren arabera. Hori dela eta, komeni da oroitzea nondik datorren azken konkordatua. Estatu espainiarrak 1850ean sinatu zuen azken-aurreko konkordatua, eta bertan behera gelditu zen II. Errepublikan. Jakina denez, 1936ko estatu kolpe faxistak ito zuen errepublikak hasitako bide berritzailea Nafarroako Hezkuntzan eta, gerra bukatutakoan, estatu guztira hedatu zen errepresioa.

Erlijioko irakasleak Frankismoaren inposizioaErregimen frankistak interes handia zuen kontrol soziopolitikoa bermatzeko, besteak beste, erlijio katolikoaren bidez. 1956an sinatutako konkordatuan jasotzen zen Eliza Katolikoak eskumena izanen zuela irakasleak hautatzeko eta erlijo ikasgaiaren edukiak ezartzeko. Diktadorea hildakoan, konkordatuaren oinarrizko irizpideei eutsi zitzaien 1976an eta Vatikanoarekin 1979an sinatutako akordioetan. Frankismoaren nacionalcatolicismoak jarraitu zuen, beste hainbat inposiziorekin batera: Borboien monarkia, diktaduraren epaileak eta poliziak, elite estraktibistaren babesa, etab. Eliza Katolikoak pribilegioak mantendu zituen, esate baterako, finantzaketa publiko oparoa, zergak ordaintzetik salbuestea eta doktrinamendu katolikoa izatea ikastetxe publikoetan. Diktaduran erruz handitu ziren ikastetxe pribatu erlijiosoen dirulaguntzak, eta finantzaketa publikoaren bermea lortu zuten 1985ean, itunen bidez.

Artzapezpikutzak agintzen dio Hezkuntza Departamentuari zein irakasle kontratatu eta, haren iritziz, irakasleren bat ez bada egokia, bertan behera gelditzen da kontratua. Ustezko egokitasun hori ematen edo kentzen da irizpide matxista eta atzerakoien arabera, adibidez, sexualitatea edo itxura. Edukiei dagokienez, gogoratu behar dugu doktrina katolikoan hau irakasten dela: “ekintza homosexualak arauz kanpokoak dira berez, Naturaren legearen aurkakoak, sexu ekintzari ukatzen diote biziaren dohaina eta ezin dira inola ere onetsi”. Jakina, hori osotara bateraezina da Nafarroako LGTBI+ Berdintasun Legearekin.

Bestalde, Elizak inposatu zuen eskola ordutegi orokorrean egotea erlijioaren ikasgaia, kalifikatua izatea eta ordezko ikasgai “parekagarria” nolakoa izanen zen, hau da, hutsaren hurrengoa ikasteko zer edo zer. Hala ere, erlijioan nota altuagoak jarri ohi dira ikasle gehiago erakartzeko batik bat, eta nota horiek DBHko edo Batxilergoko batez besteko nota igotzeko balio badute, LOMCErekin gertatzen den bezala. Gainera, ez dago erlijio katolikoaren ikasgaia ordezkatzerik, ez badira eskaintzen ikasleen erlijio, sinesmen edo ideologia guztiak, ateismoa eta agnostizismoa, konparaziora. Hori ezinezkoa da eskola publikoan, gero eta askotarikoagoa baita; hortaz, irtenbide bidezkoena da eskola laikoa eraikitzea, non erlijio doktrinamendua ezabatuko den eta erlijioen kultura integratuko kurrikulum orokorrean.

LOMLOEk erlijioko saioak murriztuko ditu. Horrela, erlijioko irakasleen kontratuak blindatzen badira legez eta ikastetxeko beste lan batzuk hartzen badituzte, murriztuko dira merezimenduen bidez sistema publikoan sartutako beste irakasle batzuen kontratuak, edo desagertuko dira. Hatzez kontratatutakoak gailenduko dira, alegia. Gainera, LOMLOEk argi xedatzen du erlijio ikasgaiak ez duela ispilu ikasgaiarik izanen. Beraz, lege hori aintzat hartuta, logikoena litzateke erlijioa eskolaz kanpoko jarduerekin batera jartzea, ikasleen ordutegian arazorik ez sortzeko.

Kontraesan gaitzean eroriko dira memoria historikoa aldarrikatzen dutenak, babesa ematen badiote horrelako lege zital bati. Hobe lukete argitan jartzea ikastetxe erlijiosoetan izandako abusuak, eta galaraztea Eliza Katolikoaren pribilegioak, behin betiko.

Raul Lopez Ekai eta Araceli Montes Calvo

STEILAS sindikatua

Erlijioko irakasleak: Frankismoaren inposizioa

STEILAS sindikatua, Hezkuntza

3 pentsamendu “Erlijioko irakasleak: Frankismoaren inposizioa”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude