Erlijio doktrinamendua eskolatik kanpo

Erlijio doktrinamendua eskolatik kanpo –

Aurreko legegintzaldian Geroa Baik sinatutako akordio programatikoan jasotzen zen erlijio saioak murriztea legeak ezartzen duen gutxienera, baina 2018an, Hezkuntza kontseilari Maria Solanak, erabaki zuen saio kopurua bere horretan uztea, gobernukideen irizpidearen kontra. Aldiz, urte hartan Geroa Baik eskatu zuen, halaber, indargabetzea Espainiako konstituzioaren 27.3 artikulua: “Botere publikoek gurasoei dagokien eskubidea bermatzen dute, hauen seme-alabek heziketa erlijioso eta morala har dezaten, beraien uste sendoei dagokien bezalaxe.” 

Erlijio doktrinamendua eskolatik kanpo

LOMLOEren ezarpenak bi saiotik bakarrera pasatzea dakarrenez erlijio ikasgaia Haur eta Lehen Hezkuntzan, Navarra Sumak lege proiektu bat aurkeztu du erlijioko irakasleen kontratua blindatzeko. Horren alde agertu da Geroa Bai, bere ustez irakasle horiek lan eskubideak galduko dituztelako. Era berean, Koldo Martínez senatariak 2022ko apirilean galdetu zion Espainiako gobernuari ea noiz onetsiko zuen Estatuko laikotasuna eta erlijioekiko neutraltasuna bermatzeko legea. Izan ere, aipatu legea PSOEren 2015eko hauteskunde programan jasoa zegoen. Programak biltzen zituen ondoko neurriak: konfesio guztien autofinantzaketa, erlijioa eskola curiculumetik kanpo egotea, kultuari atxikita ez dauden ondasunen gaineko fiskalitatea, eraikin publikoetan erlijio ikurrak kentzea, estatu ekitaldietarako protokoloak, hilerri ez konfesionalak, Elizak immatrikulatutako ondasunak berreskuratzea eta Vatikanoarekin egindako itunen bukaera.

Lehen esandakoa gutxi balitz, Nafarroako Kontseiluak erabaki du ez dela legezkoa erlijioko irakasleak blindatzeko lege proiektua. Horrekin loturik, Maria Solanak adierazi du Nafarroako Kontseiluaren irizpena aurkakoa bada, aztertuko dutela eta erabakiko dutela zer egin. Berriz ere esan du erlijioak ikastetxeetatik kanpo egon behar duela, baina inork ez dituela lan eskubideak galdu behar. 

Tamaina horretako kontraesanak ulertezinak dira: diotenez, eskola eta estatua laikoak nahi dituzte, baina agintzen dutenean edo bozkatu behar dutenean, erlijioko irakasleen alde lerratzen dira beti, gainerako irakasleen kaltetan. Bada garaia erlijio saioak murrizteko eta oinarri sendoak jartzeko, eskola publiko laikoa eraiki dezagun. Utikan azpijoko zikinak!

Erlijio doktrinamendua eskolatik kanpo