Erantzunak axola ez duenean

MTM2OQ==

Angela Murillo epaileak akusatuek baino protagonismo handiagoa izan du egunotan bere ateraldiekin. Epaile bati ez dagozkion komentarioak entzun ahal izan dira Auzitegi Nazionalean.

Otegiri lehen egunean epaileak eginiko galderan jarri zuten arreta hedabideek. Eta erantzunean, edo erantzun ez izanean, hobeki esanda. ETAren indarkeria gaitzesten ote zuen galdetu zion eta honek ez zuela erantzungo esan zuen.

Ondoren, epaileak horixe erantzungo zuela bazekiela gaineratu zuen. Otegik, modu beretsuan, galdera horixe egingo ziotela ere bazekiela esan zuen ahapeka.

Eta galderaren aurrean isilik geratze hori Otegi zigortzeko froga ez bada ere, fiskalaren aburuz, ez erantzun izana kontuan hartu behar du auzitegiak, “ETAren terrorismoa gaitzesten ez duen bitartean ETAko bortizkeria indartzen ari baita”.

Zertarako erantzun ordea, entzun nahi ez duenari?

Zertarako azaldu bide politiko eta demokratiko hutsen bidez bultzatutako proposamenak defendatzen dituela, halakorik entzun nahi ez badute?

Zerbaitetarako balio al du ezker abertzalearen proposamena bortizkeriaren bidetik ez doala esateak?

Zertarako, erantzunik nahi ez badute?

Irudia | Galdera | marco belluci | Creative Commons By SA
angela-murillo, Arnaldo otegi, auzitegi nazionala

3 pentsamendu “Erantzunak axola ez duenean”-ri buruz

  • Beharbada epaileak ez zuen aditu nahi izango, baina erantzunaren zain zegoena ez zen epailea bakarrik.

    Onartuta ere Arnaldok eskubide osoa zuela isilik geratzeko, asko eta asko gara Euskal Herrian galdera horrek erantzuna merezi duela pentsatzen dugunak. Kontua, iruditzen zait, beste bat dela: ausardia falta dela erantzun borobila emateko.

    “Gaitzesten duzu ETAren biolentzia?” BAI, gaitzesten dut. Edo EZ, ez dut gaitzesten. Erantzun klaroak, razonatuak, argumentatuak, dudarik gabekoak, guztiok jakin dezagun behingoz isiltasunaren atzean ze pentsamendu izkutatzen den.

    Ezker abertzalearen baitan sekulako beldurra dagoela iruditzen zait geure biolentzia propioa kondenatzeko, eta, aldiz, sekulako prestasuna gainontzekoena kondenatzeko. Noski, beste aldean ere, Estatuaren aldean alegia, berdin-berdina gertatzen da, ETArena kondenatu bai baina torturei buruz txintik ere ez. Alde horretatik jokabide berdina, identikoa dute ezker abertzaleak eta Estatuak, mila berean daude. Oso maila behean, portzierto.

    Barkatu txapa.

  • muxilarri:

    benetan, zer aldatuko du erantzuna baiezkoa edo ezezkoa izateak?
    Konponbidetik hurbilago? benetan?

  • Aitor Etxebarria 2010-02-01 15:11

    Neu ere erabat ados nago muxilarrirekin. Otegirentzat berarentzat bere etorkizuna baldintza lezake. Eta erantzute ala ez eranztute soilak, zer erantzuten duen baizik. (Eta hemen argi utzi nahi dut ez dudala inolaz ere onartzen erantzun horren arabera erabakitzea pertsona bat (Otegi, kasu honetan) aske uztea ala atxilo izatea)

    Baina hau ez litzateke auzi honen arlorik garrantzitsuena. Eta hori mutxilarrik oso argi azaldu du. Ni, beste euskaldun asko bezala, zain nago ezker abertzale historikoak ETAri noiz planto egingo, hori, seguruenik, sekulako aurrerapausua izango litzatekeelako hainbat sufrimenduri amaiera emateko.

    Edozein kasutan, pausu hori eman zein ez eman, Otegi eta ezker abertzalea libre ikusi nahi ditut; libre espetxetik, libre hauteskundeetan parte hartzeko… eta libre ETArengangik berarengandik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude