Erakunde nazionalen balio erreferentziala

Erakunde nazionalen balio erreferentziala –

Euskadiko Orkestrak Euskal Orkestra Nazionala izan behar zuen, bokazio horrekin sortu baikenuen. Tamalez, amore eman genuen izenean

Carlos Garaikoetxea lehendakariak.

Euskal Herria Europako Nazioa da, gaur egun Europan ezagutzen den Herri zaharrenaren kulturaren gainean eraikitako Nazioa. Euskal herritarren sentimendu nazionala aspalditik errotutako sentimendua da; Aita Larramendiren testuetan sentimendu nazionala eta, are gehiago, Euskal Errepublika sortzeko proposamena dago: Pirinioetako Probintzia Batuen Errepublika, zazpi euskal lurralde historikoak bateratzen zituena. Ildo horretan, euskaran oinarritutako euskal nazioaren izaera eta haren aldeko aldarriak behin eta berriz errepikatzen dira XVIII. mendeko amaiera aldian eta XIX. mende osoan. Ikus ditzagun Asisko Urmenetaren liburutik, “AztiHitza. Xahoren biografikoa”, hartutako bi aipamen: “Libertatearen eta berdintasun perfektuaren sentimendu zoriontsuak islaturik daude nabarmen euskal nazioaren izaeran: ez dut egundaino ezagutu beste naziorik, zeinean populuak berak eta ez elite sozialaren gutxiengo urriak inprimatu baitio bere indarra. Besteetan, populua ez da masa inerte besterik” (Wilhem von Humboldt, Alemania, 1801), (5. or.). “Euskaldunek ikusgai miresgarria eman digute: populuak interes indibidualak baztertu ditu ideal nazional kolektiboaren lortzeko” (August von Goeben, Prusian, 1842) (6. or.). Antzeko aipamen ugari egin genitzake euskaldunok nazioaren eta errepublikaren aldeko jarrera historikoa antzinakoa dela frogatzeko, baina gai hori beste kupeleko sagardoa da.

Eta gaur egun zer gertatzen da? Bada, kosta ala kosta bada ere, euskal sentimendu nazionala oraindik errotuta dagoela populuaren artean nahiz eta haren aldeko ekimen gutxi izan. Izan ere, gogo nazional hori ez da islatzen bizitza sozialean, gure elite politikoak ikusgarritasuna eman nahi izan ez diolako. Kasu, Euskal Herriko Mendebaldeko Gasteizko Legebiltzarrean gehiengoa dute beren burua abertzaletzat jotzen duten alderdiek, baina EAEko Gobernuak egiten duen politikan ez da sumatzen inolaz ere gehiengo hori: Kultura kontsumo- eta turismo- baliabide gisa definitzen du Gasteizko Gobernuaren praktika politikoak, eta hor milioika euro xahutzen ditu ikuspegi nazionaletik begiratuta inolako ekarpenik egiten ez duten enpresetan. Aldiz, Euskal Nazioari ikusgarritasuna ematen dioten ekimenak, Euskal Herriari nortasun nazionala aitortzen dioten ekimenak, hutsaren hurrengoak dira Euskal Herriko Mendebaldean (zer esanik ez Ekialdean eta Iparraldean….)

Gasteizko Legebiltzarraren gehiengoa, beraz, ez da islatzen gure Herriko iruditeria kolektiboan. Elementu eta sinbologia nazionalei dagokienez hutsune nabarmenak ditugulako maila indibidualean zein kolektiboan. Behin baino gehiagotan aipatu du NAZIOGINTZAk elementu sinbolikoen garrantzia identitate nazionala sendotzeko eta indartzeko unean. Sinboloen bidez gure nortasun kolektiboa finkatu, geure burua identifikatu, gure barne-kohesioa ziurtatu eta besteen aurrean nortzuk garen adierazten dugu. Munduko estatu-nazio guztiek erreferentzia sinboliko indartsuak dituzte, beste estatuetatik bereizteko eta tokian tokiko hiritarren lokarri kolektiboak bermatzeko. Nortasun nazional handiko estaturik gabeko Herriek ere (Kataluniak, esaterako) garrantzi handia ematen diote unibertso sinbolikoari, eta arretaz landu dute berezko elementu sinbolikoen hedapena euren gizartearen eta erakundeen esparru guztietan: bandera eta ereserki nazionaletik hasi eta erakunde zibilak izendatzeraino: ANC edo Assemblea Nacional Catalana, adibidez.

Horrenbestez, Katalunian izan garenean, bertako “Teatre NACIONAL de Catalunya” dagoela egiaztatu dugu. Eta baita ere “Museu d’Art NACIONAL de Catalunya” edota “Arxiu NACIONAL de Catalunya”. Era berean, Eskoziako Edinburgon izan ginenean “NATIONAL Library of Scotland” eta “NATIONAL Museum of Scotland” ikusi genituen. Eta Galesen “NATIONAL Library of Wales-Llyfrcell Cenedlaethol Cymru” (Aberystwyth-en) eta “NATIONAL Assembly of Wales-Cynulliad Cenedlaethol Cymru” (Cardiff-en) daudenaren lekukoak izan ginen.

Eta Euskal Herrian? Etsigarria da gure Herrian izendapen nazionaleko erakunderik ez dagoela aitortu behar izatea. Guk ez dugu izaera eta izen nazionaleko museorik, liburutegirik, artxiborik edo erakunderik. Eta ditugun esparru nazionaleko erakunde urriek -zazpi euskal lurraldeak barne hartzen dituztenak- NAZIONAL izendapena saihesten dute, elementu sinboliko indartsu bati uko eginez. Esaterako, Eusko Ikaskuntza, Euskaltzaindia, Udalbiltza, Ikastolen Elkartea, AEK, Bertsozale Elkartea, Udako Euskal Unibertsitatea…. Garena sinetsi ahal izateko praktikara eraman behar dugu: dimentsio nazionala eman nahi baldin badiogu Euskal Herriari, has gaitezen gure erakundeen izena egokitzen. Gu baino aurreratuagoak diren estaturik gabeko hainbat Herrik aspaldi egin zuten moduan.

“Izenak izana du” esan ohi da eta, jakina, erakunde horiek erreferentzialak izan beharko lukete maila teknikoan ere; erakunde bakoitza, dagokion eremuan autoritate nagusia izan beharko luke. Kasurako, Artxibo Historiko Nazionala, ikerketa historikoak egiten dituen pertsona ororentzat erreferentzia-gune nagusia izan beharko luke.

Udako Euskal Unibertsitateari horrelako zerbait gehi dakioke: “Unibertsitate Euskaldun NAZIONALA”. Udalbiltzari, “Euskal Herriko Udalen eta Udal Ordezkarien Biltzar NAZIONALA”, “Futboleko Euskal Selekzio NAZIONALA” etab. Bide batez, Euskal Herriko azken Bertsolari Txapelketa, zergatik izan zen “Bertsolari Txapelketa Nagusia” 2017an? Zergatik ez zen “Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nazionala” izan?. Bizkaiko Bertsolari Txapelketa, Nafarroako Bertsolari Txapelketa edo Arabako Bertsolari Txapelketa kasuetan lurraldea adierazten da, baina ez da gauza bera gertatzen “Bertsolari txapelketa nagusiarekin”, zazpi euskal lurraldeetako ordezkariak biltzen dituenarekin. Jarrera horrek ez al du salatzen ez dugula sinesten geurea nazio bat denik? Klabe nazionalean pentsatu behar dugu eta hori ere islatu behar da gure erakundeen izendapenetan; guk geuri dagozkigun eremu politiko eta administratiboetan ez badugu egiten, nekez egin ahal izango dugu aurrera naziogintza alorrean, eta, espainiar edo frantziar asimilazio kulturala, eta ondoren politikoa, are gehiago areagotuko da.

Erakunde nazionalen balio erreferentziala

Erakunde nazionalen balio erreferentziala

Euskal kontzientzia nazionala lantzen duen taldea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude