Epikarik gabeko errutina

Epikarik gabeko errutina –

AmatiƱok Euskadi Irratiko Albiste Faktorian.

Berrogei urte dira erreferendumez onartu zela Gernikako Estatutua. Orduan sekulakoa zena, orain ez omen dago ospatzeko moduan.

Tira, demagun ezetz. Baina, orduan, zer betekizun beharko luke herri-adostasun batek ospakizunik merezi lezan? Gure esku leudekeen erreferendumak eskatzearen zale garenez, ez dakit ba nik berrogei urteotan bozkatu dugun bakarrenetakoari zelan arraio uka dakiokeen osperik.

Bestalde, ez dut nik ulertzen gure bizitza ezer gutxi aldatu duten gertakariek zergatik merezi duten Estatutuak baino txalo ozenagorik. Ez nuke inor mindu nahi baina, 1931ko apirilean Eibarren Errepublika iragarri izana ez al da anekdota folkloriko samarra Estatutuarekin alderatuz gero. Eta, epikaz aparte, zer zentzu du Amaiurko gazteluaren defentsa ospatzeak edo Berpizkunde Igandean Aberri Eguna goraipatzeak?

Ez dinot, aipatu hiru egunek ospatzerik merezi ez dutenik baina, zergatik gara honen zazpikiak, kakalarriak eta lotsatiak gure azken hiru belaunaldien onerako izan den arautegia haintzat hartzerakoan?

Epikarik gabeko errutinaGogoan dudanez, Eusko Kontseilu Nagusiaren kultura-aurrekontua 16 milioi pesetakoa izan zen 1978an. Eurotan eta IPCren igoera kontuan izanda, gaur eguneko 700.000 euro inguru. Jaurlaritzaren Kultura Sailaren aurrekontu berria, ostera, 276 milioikoa izango da. Orain berrogei urte baino laurehun aldiz gehiago. Hau da, diru-balio berberaz, laurehun bider gehiago!

Kulturaz gainera, ezarri, hurrenez hurren, azpiegiturak, gizarte-ekintza, hezkuntza, segurtasuna, ingurumena eta gainerakoak. Edonork beretzat nahi izango lituzkeen Foru Diputazio ahaltsuen eskuduntzak kontuan hartu gabe, 6 milioi euro biztanleko. Segurutik, Nafarroarekin batera, Estatua izan gabe munduko gizarterik autonomoenetakoa gara.

Hala ere, eguneroko errutinak ez duela epikarik? Noiz arte jarraitu behar dugu daukaguna gutxietsiz eta ez daukagunaren inbidiaz?

Gai izango al gara aurrerantzean Estatutu hoberik adosteko?

Eta, azkenik, gurea, aldarrikapen sotila baino, egonezinezko ihesa balitz?

Epikarik gabeko errutina

Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude