Epaile espainiarrek justiziari iskin

Epaile espainiarrek justiziari iskin –

 

Epaile espainiarrek justiziari iskin

1980ko hamarkadan, espainiar estatuak bere menpeko nazio gutxitu nagusioi (Hego Euskal Herria, Hego-Katalunia eta Galizia), gure hizkuntzen normalizazioaren aldeko araudiak osatzeko, baldintzapeko aukera eman zigun historian lehen aldiz. Horrela, EAEn Euskararen Legea onartu zen 1982an eta Nafarroan “Ley del vascuence” mugatzailea 1986an. Artean, frantziar “demokraziapeko” euskaldunok ez dugu inongo lege babesik. Ordutik emandako urratsei gehiegi deritze epaileen botereak, lortutako urratsak atzera botatzen saiatzen direlarik lotsagabe.

Epaile espainiarren Jurisprudentzia erasokorra

Jurisprudentzia denboraren joanean osatzen joaten den doktrina juridikoa da, epaitegien epai eta  ebazpenen bidez. Botereen banaketaren arabera, legeak aldarrikatzea, berez, botere legegileari dagokio (Eusko Legebiltzarrari,  Nafarroako parlamentuari, Espainiar eta frantziar parlamentuei), eta ez epaileei. Baina batzuetan, epaien interpretazioaren esku geratzen da legearen ezarpen praktikoa, eta gai baten inguruan interpretazio berbera maiz errepikatzen bada,  interpretazio hori lege bilaka daiteke, legegileek beste lege bat sortu  ezean. Praktika horri deitzen zaio jurisprudentzia.

Nafarroako, Laudioko edo Irungo kasuetan, lanpostu publikoak eskuratzeko euskarari dagokion araudia argia izan arren, epaileek euren interpretazio propioa (eta politikoa) egin dute araudia desitxuratzeko eta euskaldunon kaltetan. Gertakari hauen aurrean ez badugu azkar eta irmoki erreakzionatzen,  euskararen legea berrituz eta zehaztuz gure hizkuntza eskubideak  babesteko, epaile hauen ebazpenen antzekoak ugaritu daitezke eta  jurisprudentzia finkatu.

“Urraketak eta eskubideak: guztienak, guztiontzat”

Esaldia Beatriz Artolazabal, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuari hartutakoa da. Bada, orain arte, ezer gutxi entzun diogu Artolazabal andereari euskaldunok gizaldietan pairatu dugun eta gaur egun ere pairatzen ari garen  hizkuntza eskubideen urraketaz. 1948ko Giza Eskubideen  Adierazpen Unibertsalean eta 1996ean Bartzelonako hizkuntza eskubideen adierazpen unibertsalean daude jasota, begiratu bat eman nahi badie.

Euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzearen aurka dauden eragile politikoek EAEko hauteskundeen bidez lortzen ez dutena, beren ildo politikoa duten epaileen bitartez eskuratu nahi dute: hizkuntza politikak areago murriztea. Eta urte luzez hizkuntza kontuetan emandako urratsak ezabatzea. 

Geure justiziaren behar gorria

Kontuan hartu behar da Euskal Herriko botere judiziala, espainiar eta frantses estatuen menpekoa eta uniformizazioaren aldeko  benetako bunkerra dela, euskararekiko erakunderik iragazgaitzena. Beste erakunde batzuen aldean, “Justizian” euskararen presentzia guztiz sinbolikoa da. Oso gutxi dira fiskal eta epaile euskaldunak eta euskaraz egiten diren epaiketak (eta hauek ere, beti itzultzailearekin). 

Horregatik guztiarengatik, uste dugu premiazkoa dela botere judizial propio eta euskalduna izatea, epaile espainiar eta erdaltzaleen bidegabekeriei azkena emateko. Bien bitartean, ezinbestekoa da euskaltzale oro “justizia” espainiarraren edota frantsesaren bidegabekerien aurka mobilizatzea. Kalera irteteko unea da!



Edurne Alegria, Josu Albero, Oskar Caballero, JJ Agirre
Naziogintza eta Plazara! taldeen izenean

Epaile espainiarrek justiziari iskin

Zer duzu buruan “Epaile espainiarrek justiziari iskin”-ri buruz

  • Artikulu interesgarria. Hala ere, hasi beharko ginateke pentsatzen desobedientzia mekanismoetan… Estatu zapaltzaileekin konfrontatzea besterik ez zaigu gelditzen, bestela, aldaketarik ez