Entzungor

http://alteretaego.wordpress.com

75_no me chilles, que te veo

Argazkia: No me chilles, que te veo
Egilea: Mr. Chopski
Artxibo mota: JPEG
Neurria: 5760×3840 px (3:2)
Sortze data: 2013/09/07
Latitudea: 43º 19,259´ N
Longitudea: 2º 00,601´ W
Kamera: Canon EOS 5D Mark III
Objektiboa: Nikkor-S 35mm f/2.8
Distantzia fokala: 35mm
Irekidura: f2,8
Esposizio denbora: 1/350?
Sentikortasun eskala: 100 ISO
Flasha:

Alter dixit.

Geroz eta informazio gehiago maneiatzen dugu, geroz eta irizpide gehiago ditugu gure ondorio propioak ateratzeko, geroz eta gehiago dakigu denok edozertaz eta, besterik ezean, Wikipedia daukagu hala ere geratzen diren hutsuneak betetzeko. Baina, tamalez, geroz eta entzungor gehiago dugu inguruan.

Eta ez diot argazkiko mutikoagatik: pozik dago, kontrakoa dirudien arren, bere horretan eta huts dezagun lasai. Hamar urte barru entzungor egiten jarraitzen badu hasi beharko ginateke kezkatzen.

Dena jakin nahi dugu, baina ez dugu ezer jakin nahi: horra hor gure paradoxa.

Horregatik ez naiz mezu elektronikoak irakurtze baieztapenarekin bidaltzen dituen jendeaz fio. Zertarako egiten dute? Mezu hori jaso dudala jakiteko? Litekeena da. Baina den-denak irakurtze baieztapenarekin bidaltzen dituenak hori bilatzen du, edo nik ez dut zure mezu hori jaso esateko aukera kendu baino ez dit egin nahi? Horrelakoetan, horretarako egiten duela pentsatu ohi dut, eta ez dut gustuko jende klase hori. Are gutxiago, tentatzeko xedez, zuk antzerako bat bidaltzen diozunean eta, ez irakurriarena eginagatik, handik ordu bira berak gaia ateratzen dizunean.

Ezinbestean, geroz eta WhatsApp (edo Telegram) zaleagoa naiz. Ez dut oso ondo kontrolatzen double check-aren kontua: berez, uste dut, aplikazioetako bakoitzean esanahi desberdina duela. Baina dena delarik ere, sekulako asmakizuna dela iruditzen zait. Izan ere, ez dut behar hartzaileak nire mezua jaso duen ala ez jakiterik: nahikoa zait jaso ahal duela jakite hutsarekin, berak ikusiko du zer egiten duen. Erlazioa, modu horretan, ez da hain hierarkizatua, lagunartekoagoa da.

Orain arte, gainera, gozatua iruditzen zitzaidan pertsona bat azkenengo aldiz noiz konektatu den jakiteko aukera izatea. Jakite hutsagatik, hori bai, ez nik bidali diodana ikusiko ote zuen jakiteagatik. Azken konexio orduak gauza asko esan ditzake pertsona bati buruz. Eta ezer ez dioenean ere, polita da ordu horri norberak nahi duen azalpena bilatzeko lanetan hastea.

Goizero trenetan edo autobusetan ikusten ditugun pertsonei begira jarri eta euren bizimodua asmatu nahian hastea bezain polita iruditzen zait. Betaurrekodun tipo hori emazteari SMS bat bidaltzen ari zaio, ez diola garbigailutik arropak ateratzeko astirik eman eta barkatzeko esanez. Alboko neska lagun bati ari zaio kontatzen, Messenger bitartez, bere mutilak atzo gauean sekula eskatuko ez ziola zin eragin ziona egiteko eskatu diola. Atzeko bikotea Instagram-era igotzen ari den argazkia, ziurrenik, atzoko pintxopoteko azken tabernako azken selfie hura izango da.

Argazkiko neska ama ezkongabea da. Audience taldearen kontzertu batean ezagutu zuen mutikoaren aita eta, harrezkero, ez du berriro ikusi. Birako kontzertu guztietara joan ohi da mutil ilehori itxuroso hura berriz aurkituko duenaren itxaropenean. Mutikoak ez daki oso ondo zertara joaten diren, baina belarrietako kaskoak jantzita dagoen bitartean ez zaio bere ama hain mistikoa iruditzen…

Ego dixi.