Entreescritores, crowdsourcing-ean oinarritutako argitalpen leihoa

EntreEscritores-en aurkitu daitezkeen euskarazko bi libururen azalakEntreescritores plataforma sare sozial bat da, egile, idazle eta editorialak harremanetan jartzeko asmoz sortu dena. Idazleek argitaratu gabeko obrak igo ditzakete irakurleen komunitateak irakurri eta baloratu ditzan, eta paperean argitaratu ahal izango dituzte liburu baloratuenak.

Kontuan harturik sarean dagoen eduki kopuru izugarri handia, idazleentzat gero eta zailagoa da ezagunen zirkulutik ateratzea eta balizko irakurleengana iristea. Gainera, editorialek hainbeste eskuizkribu jasotzen dituzte, sarritan ezin izaten dituztela denak aztertu. Entreescritores plataforma literaturako hiru hanken (autoreak, irakurleak eta editoreak) arteko topagune gisa sortu zen, auto-publikazioaren beste eredu bat sustatuz.

Espazioa irakurle eta autoreen komunitate bezala sortu zen. Idazleek argitaratu gabeko obrak igo ditzakete, 9,99 euro ordainduz atarian jartzeagatik. Trukean, bere obra irakurleen esku jartzen da, zeintzuek dohainik lortzen dituzten bertsio digitalak, irakurri eta baloratu ahal izateko. Plataformaren helburua da balioan jartzea erabiltzaileek autore ezezagunen alde egiten duten apustu hori; horregatik, puntu sistema baten bidez saritzen da irakurleek emandako boto eta egindako kritika bakoitza. Espazioak, gainera, ranking bat egiten du komunitateak emandako botoen arabera.

Entreescritores proiektua Lotura enpresa donostiarrak abiarazi zuen aurtengo martxoan. Irakurle eta idazleen artean 3.000 erabiltzaileko komunitatea sortu du sei hilabeteren buruan, eta 160 obra inguru argitaratu dira. Bestalde, zazpi editorialen laguntza lortu du, konpromisoa hartu dutenak irakurleen boto gehien jasotzen dituzten kategoria desberdinetako obra batzuk argitaratzeko. Hala, Tropo Editores etxeak sarituko du gazteleraz idatzitako nobela onena, Ediciones del Serbal etxeak  gazteentzat gazteleraz idatzitako nobela onena, Letra Clara etxeak 30 urtetik beherakoentzako obra onena, Mandal Ediciones etxeak gaztelerazko poesia liburu onena eta istorio liburu onena. Azkenik, Ediciones Gaumin eta Club Editor etxeek euskaraz eta gazteleraz idatzitako nobela onenak sarituko dituzte hurrenez hurren.

Zer duzu buruan “Entreescritores, crowdsourcing-ean oinarritutako argitalpen leihoa”-ri buruz