Entitate ezberdineko identitatea

IMG_5717

Zer da delako euskal identitatea? Egia etimologikoari zor, euskarak, euskal hizkuntzak euskal hiztunen komunitateari emaniko talde batasun sentimendua. Etimologiez haragoko mundu garaikide konplexuan, berriz, gauza anitz. Badira euskaldun izan gabe euskal identitatea bere- bere sentitzen dutela erraten dutenak. Badira, halaber, euskaldun izanki euskal identitateak berekin zerikusirik ez duela aldarrikatzen dutenak. Nahasmen honen erdian, identitate mota berezi batekin egin dugu topo: borrokak izanarazten duen identitatea.

Beñat Sain Sebastian. Ziburun sortutako arrantzale familia umileko semea. Euskal herritarra sortzez, euskalduna egitatez. Phillippe Lasalle. Pariseko auzo aberats batean sortutako familia aristokratiko bateko semea. Frantsesa sortzez, euskal herritarra ekitez. Bi ekai arrunt ezberdin, arruntetik ezer ez duen bidegurutze berean bat eginik. Helburu bat: Euskal Herriaren askatasuna. Identitate bera: borroka.

Bere aurrekoek egin bezala, olatu eta uhin artean ekin zion Beñatek lanari. Arrantza eta San Sebastian familia binomio banaezina baitira. Atun, bakailao eta legatz artean bizitzeari utzi gabe, gazte-gaztetik ekin zion Beñatek engaiamendu politikoari, komunistekin batera, Donibane Lohizunen. Goiz-goizik, ordea, Euskal Herriaren alde zerbait egin beharra ziotson harra ernatu zitzaion, harik eta ETA erakundeko kide izan nahi ote zuen galdetu eta begi kliskarik egin gabe baiezko biribila eman zuen arte.

Phillippek, familia aberatseko seme izanagatik, oparotasun material orotatik lekora bizitzea erabaki zuen, odol urdinak zemaion pribilegioei bizkar emanez. Bere identitatearen xerka zebilela, 68ko maiatzak bete-betean harrapatu zuen. Istilu eta harri-jasen erdian ezagutu zuen Jean Paul Sartre filosofo ezaguna, aurrerantzean lagun izanen zuena. Phillippe, gizon jantziaren hizketa jario dotorearen jabe izanik ere, ez zen eztabaida intelektual-zalea. Borrokaren eta akzioaren xarmak liluraturik zegoela, Frankoren diktadura garaiko euskal iheslarien egoeraren berri izan zuen. Herri zahar haren zanpaketa ankerrak jakin-mina piztu zion, baita sekula itzaliko ez zaion elkartasun garra ere. Hura izan zen Euskal Herriarekin eta bere askatasunerako mugimenduarekin estu-estuki lotuko zuen katearen hasiera.

Bi adiskide, bi gerra-lagun, bi kartzela-kide. Bi identitate eta bi istorio; historia bakarra.

IMG_5868

Ibai Agirrebarrena

1989 Bidaxune (Baxe Nafarroa) - JAUZIA

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude