Enpresaren Gizarte Erantzukizuna eta sinesgarritasuna

Gizarte erantzukizuna enpresa baten irudia hobetzeko era da, komunikazio sailaren esku izaten dena. Azken urte hauetan indar nahiko hartu du honek, eta gero eta gehiago dira horretan inbertitzen duten enpresak. Egun hauetan EITB taldeak gogoeta eramaten ari da gai horren inguruan, eta atzo arte, herritarrek haien ekarpenak egiten ahal zituzten Twitterren bidez, #eitbplus etiketa erabiliz. Baina erakunde batek haren erantzukizun sozialaren gaiari heltzen dioenean, sinesgarria izan behar du, bestela, alferrikako lana da, haren aurka bihurtzen ahal dena.

Zehaztasun gisa, aipatu nahi dut bidalketa honetan alde batera uzten ditudala eragin politikoak, eta ahal den neurrian objektibo izaten saiatuko naizela.

Lehen egunetan Twitterreko eztabaida honek orokorrak eta oinarrizkoak diren gai batzuei buruz jardun du : generoen berdintasuna, euskara, neutraltasuna eta langileen eskarmentuaren kudeaketa. Etorkizunari begira oso ongi iruditzen zait gai hauei heltzea, baina gaurko egunean zer-nolako sinesgarritasuna dauka EITBk gai horiek jorratzeko. Generoen berdintasunari dagokionez, bost zuzendari nagusiak gizonezkoak dira, batek bakarrik daki euskaraz. Neutraltasunari heltzen badiogu, Eusko Legebiltzarrak ezker abertzaleari oihartzunik ez emateko agindua indarrean jarraitzen duen bitartean EITBk ezin du neutrala izan, horren ardura eta arrazoia edozein izanda ere. Eta azkenik langileen eskarmentuaren eta barne sustapenari gaiari erreparatzen badiogu, ohartzen gara bostak beste medio batetik etorritakoak direla, eta erredaktore lanetan daukatela eskarmentu gehiena. Baina ez zait iruditzen erredaktore lana eta medio baten kudeatzea gauza bera direnik. Niri behintzat, haien kargua hartu eta urte batera horietariko hiruk eman zizkidaten klaseek oso ezkor utzi zidaten. Gaiztoa ez nuke izan nahi, baina hirurak klasea prestatu gabe iritsi ziren. Lau orduko klasea izan arren, galderen txanda klasea hasi eta 10 minutura iritsi zen. Barkatuko didazue, eta berriro diot kolore politikoak alde batera utziz, horrelako zuzendariek sinesgarritasun gutxi dute lan horretarako zeukaten prestakuntzari dagokionez. Alta etxe bereko beste batzuek eman izan didate klasea, eta batetik, klasea prestatuta iritsi ziren, eta bestetik, haiek entzun eta gero bazirudien bazekitela zertaz ari ziren.

Egun batzuek beranduago eztabaida horien sustatzaileek ingurugiroa jarri zuten mahai gainean, galdetuz EITBk zer egin zezakeen haren babesaren alde egiteko. Hor ere beste adibide bat etorri zitzaidan gogora, alegia, Zubietako erraustegiaren aurkako Flashmobarena. Nire ustez euskal gizartearen zati adierazgarri batean oihartzun nahiko zabala izan zuen, baina EITBn, oker ez banago, hitz bat bera ere ez. Alde edo aurka izan, ingurugiroaz jardun nahi badugu ekimen horrek tarte bat mereziko zuen nire ustez.

Atzo berriz, euskararen aldeko diskriminazio positiboari buruz jardun zuten eztabaidan, eta Katalanen eredua behin eta berriz aipatu zen. Egia da gaur egun EITB ez dela horrelakorik egiten, kontrakoa baizik. ETB2n euskara hutsezko adierazpenak nekez ikusten dira, ETB1ean aldiz usu. Alegia, euskarazko adierazpenak gaztelerara itzultzeko lana hartzen da, baina gaztelerazkoak euskara itzultzeko ez. Jarrera kontraesankorra iruditzen zait EITB taldearen helburu estrategiko bat denean euskararen garapena sustatzea.

Hala ere kritikak kritika oso aberasgarria iruditzen zait horrelako eztabaidak gizarteratzea, baina oso kezkagarria ordea, EITB taldea sortu eta ia-ia hiru hamarkada geroago horrelako eztabaidetan aritu behar izatea.

Kutxaren adibidea


Enpresen Gizarte Erantzukizunari erreparatuz berriro, egun hauetan Kutxak eramaten ari den kanpainak atentzioa deitu dit. Haren bezeroen laguntzari esker ez balitz minbizia duten pertsona batzuek ez luketela ikasteko aukerarik izanen dio kanpaina horretan. Oso ongi iruditzen zait, baina kasu zehatz honetan zalantza sortzen zait. Kutxa benetan arduratuta dago pertsona horiek ikasten jarraitu ahal izateko dituzten baliabideekin, edo nonbait, pertsona horiek erabiltzen ditu bere irudia hobetzeko gizartearen aurrean. Duela gutxi Euskal Herriko Rugby Txapelketa antolatu dugu Seaskako Integrazioa Batzordearen alde, eta onartu behar dut behin baino gehiagotan zalantza bera pasatu zaidala burutik. Txapelketa Integrazio Batzordearen alde egin dugu edo Integrazio Batzordea erabili dugu txapelketari oihartzun gehiago emateko. Muga ez dago oso argia, eta enpresa baten gizarte erantzukizuna horrelako gaiekin uztartu nahi bada kontu handiz ibili behar da, nire ustez.

eitb, eitbplus, enpresen gizarte erantzukizuna, harriague, Kutxa, xan
Xan Harriague

GAUZA AGERIA

3 pentsamendu “Enpresaren Gizarte Erantzukizuna eta sinesgarritasuna”-ri buruz

  • Egunotako gai bat plazaratuko dut: Xala pilotaria.

    Buruz buruko finalerako meritu osoz txartela eskuratu izan arren, enpresen begirune gutxiko arrazoeingatik finaletik baztertua izango da.

    Hori bai, enpresa euskaldunak goitik beherakoak eta pilota gurea baino gureagoa, eta horiek bere ortozik.

  • Xan Harriague

    Hala da.
    Oraintxe irakuri dut hala ere atzera egin dutela, eta Xalak jokatuko duela finala. Baina afera honetan Aspek eta Asegarcek ez dute haien irudia batere zaindu, eta orain nekez agertu daitezke kirolaren eta pilotaren defendatzaile gisa.

    • Xan, uste dut sarritan inguruneak oinarrizkoa estali eta tapatu egiten duela; edota guk, gizakikoak, ingurunea erabiltzen dugu funtsezkoa albo batera uzteko.
      Esaterako, elkarri zor diogun gizatazuna, begirunea, … ezinbestekoak dira. Horiek kontuan izanez gero ingurunea, “bitartekoak”, bestela erabiliko genituzke.

      Azkenean konpondu da, baina ezin ahaztu Xalak mahai gainean eman behar izan duen ukabilkada.
      Eta, adi esku piloten enpresen aldetik ondoriorik sufritzen ez duen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude