“Enpresak eta nazioarteratzea: Nola kudeatu hizkuntza-aniztasuna?” jardunaldia antolatu du Elhuyarrek

elhuyarEnpresak eta nazioarteratzea: Nola kudeatu hizkuntza-aniztasuna?  jardunaldia egingo da asteartean (azaroaren 13an) Gipuzkoako Ganbaran (Donostian), Elhuyarrek antolatuta. Jardunaldi honetan hizkuntza-aniztasunaren kudeaketaren garrantziaz hitz egingo da, gaur egun, euskal enpresak nazioarteko merkatuetan mugitzen baidira, geroz eta gehiago. Hizkuntza ugari hitz egiten dituzte bezeroek, hornitzaileek eta langileek. Langune-Euskal Herriko Hizkuntza Industrien Elkarteak egindako azken azterketak erakutsi duenez, hizkuntzak egoki kudeatzeak negozio-aukerak irekitzen dizkie enpresei. Horretaz jabeturik, duela urtebete proiektu pilotu bat jarri zuen abian Elhuyar Taldeak Elay eta Tecnalia enpresekin elkarlanean. Zer behar, erronka eta arazo dituzte euskal enpresek ingurune eleanitzetan? Galdera horiei erantzuteko lan egin dugu eta, orain, egindako lana gizarteratzeko jardunaldia da hau.

Hau guztiari buruz hitz egiteko, hizkuntza aniztasunaren kudeaketan diren adituak bilduko ditugu jardunaldi honetan. Besteak beste, hauek hartuko dute parte:  Stephen Hagen katedraduna eta Galesko Unibertsitateko errektoreordea (Newport). Europa mailako aditua. Europako enpesetan negozio-hizkuntzak nola erabiltzen diren aztertzen duten ELAN eta PIMLICO ikerketen egile nagusia. Fernando Alana, Langune-Euskal Herriko Hizkuntza Industrien Elkartearen kudeatzailea. Ciara O’Higgings, Tecnaliaren Garapen Korporatiboaren arduraduna eta Santi Agirregoikoa, Elay Taldeko zuzendari kudeatzailea.

Sarrera doako izango bada ere, izen-ematea beharrezkoa da.

Elhuyar, hizkuntza aniztasuna, jardunaldiak, kudeaketa

Elhuyar 1972an jaio zen zientzia eta euskara uztartzeko asmoz. Elhuyarrek Kultur Elkarte bezala egin zituen lehen urratsak eta 2002an Fundazio bihurtu zen. Ordutik, Elhuyar Fundazioak etengabe dihardu lanean zientzia eta teknologia gizarteratzeko eta euskararen garapena bultzatzeko. Elhuyar Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundea da eta hainbat diru-iturriri esker dirau lanean: bazkideen ekarpenak, diru-laguntza publikoak eta Elhuyarrek ekoizten dituen produktuetatik lortutako mozkina. Elhuyarren xedea hauxe da: Euskara zientzian, teknologian eta gizartean sendotzen eta harentzako arlo berriak eraikitzen egiten dugu lan, euskal komunitate aktiboa eta kritikoa helburu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude