Eneritz Borinaga: “Indarrak agortzen zaizkizunean, estrategia da salba zaitzakeen bakarra”

Bi urte eskasean Euskal Herriko boxeoan erreferente bihurtzeko denbora izan du Eneritz Borinagak. EAEko txapelduna da boxeo olinpikoan, 54 Kg. arteko kategorian.

Testua: Aitor Abaroa (@abaroa37)Eneritz Borinaga

Argazkiak: Galder Izagirre

Erandion eta Urdulizen entrenatzen dira Basakick taldeko boxeolariak. Guk Urdulizko Iparralde Kiroldegian egin dugu hitzordua Eneritz Borinagarekin (Plentzia, 1988). Kirol instalakuntzetan dagoen giroa ikusita, ez dirudi 3.600 biztanle pasatxotako herria denik. Frontoian gaztetxoak pilotari ematen, probalekuan sokatiralariak beroketa ariketak egiten, igerilekua beteta… Herri askotako biztanleek nahi lukete horrelako kirol aukera euren kiroldegian.

Eskularru kolpe hotsik ez da entzuten ordea. Ate batetik barrena eskaileretan behera eraman gaitu Eneritzek, behinola biltegia izango zenaren lekura. Eta han bai, entzuten dira boxeo kolpe samur batzuk, pisuak altxatzeko dauden hiruzpalau makinetatik haratago. Hala ere, kolpeen gainetik entzuten direnak umeen barreak dira, korridore luzean zehar, hainbat tatamiren gainean, bi neska entrenatzaileren esanetara ukabilak luzatzen ari diren gaztetxoenak. Ahalik eta gutxien molestatuz, eskuak zintaz babestu bitartean lehenik, eta eskularruak jantzita ariketa ezberdinak egiten gero, Eneritzi argazkiak egin dizkio Galder Izagirrek. Eta konturatu orduko, jolasean ari ziren umeen lekua hartu du neska-mutil gazte talde zabal batek. Disziplinaz, irakasleak adierazitako mugimenduak egiten ari dira ispilu aurrean, dantza klase batean egingo luketen antzera. Binaka jarri dira ostean, eta orduan bai, kolpe hotsak, eta hatsak, sendotu dira. Lasaitasun bila igo gara gora.

Nola hasi zinen boxeoan?
Futbolean zazpi urtez aritu nintzen, gero snowboardari ekin nion, baina belaunean min hartu nuen, eta orduan erabaki nuen boxeoa probatzea, eta Basakicken sartu nintzen. Entrenatzea beste asmorik ez nuen, baina otsailean hasi eta uda heldutakoan entrenatzaileak intergym bat egitea proposatu zidan. Intergyma entremenduaren eta borrokaren erdibideko zerbait da, ez da indar guztia erabiltzen, eta ez dago irabazlerik. Baietz esan nion. Hori irailean izan zen, eta abenduan lehenengo borroka egin nuen.

Nolako da zure ohiko entrenamendua?
Normalean borroka bat prestatzera bideratzen dira entrenamenduak, eta egun bakoitzean gauza ezberdinak lantzen ditugu. Ia beti errepikatzen dena zakuarekin entrenatzea da, hori da nire ustez gogorrena, eta bestela pisuak altxatzea, korrika egitea, igeri egitea, eta abdominalak eta flexioak. Labur esanda, ariketa kardiobaskularra, pisuak altxatzea eta zakua. Hori alderdi fisikoari dagokionez. Baina alderdi teknikoak ere berebiziko garrantzia du, eta beraz, teknika landu eta borrokarako taktika prestatzeko entrenamendu saioak ere egiten ditugu.

Eneritz Borinaga

Zakuarekin entrenatzea baino dibertigarriagoa izango da beste batekin entrenatzea, ezta?
Bai, eskuzorroak erabilita binaka ere entrenatzen dugu. Baina

desabantaila bat du, eta zera da, eskuzorroak dituena aditua izan behar dela, zuk gogor jo eta ganoraz entrenatu ahal izateko. Baina aditu batekin entrenatzerik baduzu, ezin egokiagoa da, borrokaren simulazioa egiteko egokia baita. Nire borrokak bi minituko lau asaltokoak izaten dira, eta horren simulazioa egiten dut, batzutan zakuarekin eta besteetan eskuzorroekin.

Gantxoa, krotxeta… izen teknikoak ikasteko ikastaro teorikorik egin behar al da?
Ez, praktikarekin ikasten da. Are gehiago, lehenengo egunean jada kolpe guztiak zein diren ikasten duzu, ez dira asko eta: zuzena, krotxeta, gantxoa eta gantxo eta krotxearen erdibidekoa dena, hook bezala ezagutzen dena.

Boxeoa pisuaren arabera mailakatzen da. Zu zein tartetan sartzen zara?
Emakumezkoetan, amateurretan, 51 eta 54 kilo artekoan nago nik, oilar kategorian. Azpitik, 48 eta 51 kilo artekoa, euli kategoria da, eta gainetik, 54 eta 57 artekoa, luma kategoria. Kontua da norberari komeni zaionaren arabera erabaki behar dela zein pisutan sartu. Niri oilar kategorian lehiatzea komeni zait, neskak nire altuerakoak direlako. Goragoko mailetan altuagoak dira, beso luzeagoak dituzte, eta beraz, nik eurei kolpeak sartzea zailagoa da. Nire gorpuzkeragatik asko kostatzen zait 54 kilotik gora ez joatea, eta txarto pasatu izan dut mugan mantentzeko, baina lehiaketari begira komenigarria zait. Norbere ezaugarri fisikoen arabera aukeratzen da tartea, eta baita momentu horretan zure tartean edo goian eta behean nor dagoen kontuan hartuta ere. Ziur badakizu goragoko mailan garaituko ez duzun norbait dagoela, komeni zaizu pisua jaistea eta beheko mailan aritzea, adibidez.

Elkarrizketa osoa GAZTEZULO.COM-en

Eneritz Borinaga: “Indarrak agortzen zaizkizunean, estrategia da salba zaitzakeen bakarra”

Euskal Herri osora hedatzen den euskara hutsezko gazte hilabetekaria da Gaztezulo. 2000 urtean hasi zuen bidea aldizkari gisa, baina egun askotariko euskarriak dituen proiektu komunikatibo osoa da. Gazteen topalekua.