Dragoi bolen bidetik, energia burujabetza

Dragoi bolen bidetik, energia burujabetza / Dragoi bolen bidetik, energia burujabetza

Kontzientzia ez da, normalean, egun batetik bestera bereganatzen dugun bertutea, ezta kontzientzia politikoa ere. Haurtzaroan pare bat ideia aski garbi nituela oroitzen naiz: bat, aberatsak eta behartsuak daudela, eta hori lapurretaren eta aprobetxategien errua zela; bi, Goku eta bere jendea justiziaren eta eskuzabaltasunaren ikur nagusia zirela, eta jarraitu beharreko eredua.

Dragoi bolen bidetik jaso ditugun irakaspenen zerrenda luzea da oso, baina bat aipatze aldera justiziaren oinarrizko ideia bat barneratu genuela iruditzen zait, tiraniaren aurkako halako sen bat; hala ere, urteen poderioz betaurreko moreekin begiratuz gero, ikaragarrizko zirraraz irensten genituen marrazki bizidunek transmititzen zizkiguten faktore negatiboez ohartu gaitezke (gune aske batean Mutenroi maisua lintxatu egingo lukete, eta nik txalo). Dragoi Bolarena oinarrizko ideien adibide bezala aipatu dut, haurtzaroan zer den ona eta zer txarra barneratzeko modu bat. Gure bizitzako une jakinen batean oinarrizko tesi bat gure egiten dugu, eta tesi hori janzten eta eraldatzen joaten gara gure bizitzan zehar.

energia burujabetzaDragoi Bolan, Zazpiak Bat eginda lortzen da egitasmoa, gurean bezala. Euskal Herria independentea. Noski baietz. Baina independentzia guztiak ez dira berdinak. Marokok 1954an lortu zuen independentzia, tiro bakarra jo gabe, Frantziak oparituta; Aljeriari, ordea, zortzi urteko gerra eta milioi eta erdi hildako kosta zitzaizkion, aldamenean egonda eta kolonizatzaile beraren esku. Hemen beranduago barneratu nuen kontzeptua dator: burujabetza.

Beraz, independentzia eguna iritsiko da bai, eta Unai Apaolazak arrazoia balin badauka, mugitu ipurdia lau urte baino gutxiago geratzen dira eta (ez badugu mugitzen ahaztu, noski)! Baina dakigun bezala, burujabetza ez da egun zehatz batean iritsiko, ez ditugu urteurrenak ospatuko, egunero landu beharreko esparruak dira, mila fronte, aldakorrak eta mota askotarikoak.

Oso ondo laburbildu du, ene iduriko, Beñat Irasuegik aste honetako bere txio batean:

energia burujabetzaBa Ormaiztegin, gako horri jarraiki, energia burujabetzaren aferari heltzen hasi gara gazte koadrila bat, burujabetza eta naturarekiko errespetuak bultzatuta. Besteak beste, GOIENER energia kooperatibarekin.

Irabazi asmorik gabeko kooperatiba herritarra da, energia modu arduratsuz kontsumitu nahi duten lagunez osatua. Iturri berriztagarrietatik soilik eskuratzen dute erabiltzen duten energia; ekonomia iraunkorragoa sortze aldera, NafarKoop sortu berri dute, energia berriztagarria sortuko duten proiektuak Euskal Herrian eraikitzen hasteko.

2011n 33 laguneko lan taldeak ekin zion egitasmo honi, eta gaur egun 4200 bazkide dira (datorren astetik aurrera gure etxea bat gehiago); norbanakoez gaindi, hainbat udal bihurtu dira GOIENER-en bezero, baita enpresak ere. Ordizian, Goierrin, daukate egoitza nagusia, baina badituzte informazio guneak hegoaldeko lau hiriburutan:

  • ARABA: GASTEIZ  BIOALAIren egoitza
  • GIPUZKOA: DONOSTIA EMAUS.eko EkoShopean
  • BIZKAIA: BILBO EKA-OCUVen egoitzan.
  • NAFARROA: LESAKA ETA IRUÑEA BIDAZI.

Izan ere, Ipar Euskal Herrian I-ENER dago duela bi urtetik hona. Frantziar estatuko legedia probestuz, ekoizleak izatera bideratu dituzte beren indarrak; GOIENER, aldiz, energia berriztagarria merkatuan erosi eta saltzera mugatzen da oraingoz, espainiar estatuko legedia dela eta. Irabazi dezente inbertitu behar dira energia berriztagarrriak ekoizteko gai den instalazio bat bideragarri egiteko, PP-ren gobernuak laguntza guztiak kendu baititu, eta hanka sartzen ari ez banaiz, zergak jarri eguzkiari.

energia burujabetzaEnergiaren esparruak lau fase nagusi dauzka: ekoizpena eta kontsumoa liberalizatuta daude (lehen eta azken zatiak), estatuaren araupean aldiz garraioa eta banaketa (bigarrena eta hirugarrena). Oligopolioa bost erraldoien artean banatzen da, gehienak aski ezagunak guretzat: Iberdrola, Endesa, Union Fenosa, HC Energia eta EnelViesgo. Ikusten duzuen bezala, ate birakarien kontua hobeki islatzen duen sektoreetako bat da energiarena: Jose Maria Aznar, Felipe Gonzalez, Josu Jon Imaz…

Euskaraz egiten da lan, eta euskaraz dira harreman guztiak.

Kooperatibaren beste indargune bat energiaren demokratizazioa da. GOIENER-en ez da bultzatzen bezero hutsaren profila, baizik eta bazkide bihurtzean, eredu energetikoaren eta kooperatibaren martxaren inguruan bakoitzak bere hitzan eman eta erabakia gauzatzea; bazkide bat, boto bat. Mundu berri batean, herri berri batean bizitzeko lanean gabiltzanok hauspoa eman behar diegu horrelako proiektuei, une honetan Euskal Herriak kontsumitzen duen energiaren %95a inportatua baita; xantaia eta menpekotasunarekin zilbor hesteak hausteari ekin behar diogu, egunero, poliki baina geldiezin.

energia burujabetza
Jaitsi potentzia freezerrari

Desazkundea ere gakoa da. Zero Zabor filosofiaren antzera, hemen ere energia onena kontsumitzen ez dena da. Ordutegi diskriminazioa eta potentzien egokitzea ere eramaten ditu aurrera, eta horiek dira une honetan faktura gehien arindu dezaketen faktoreak; hau da, egunean zehar energiak ez du berdin balio, eta hor aldaketak egin daitezke, gure eguneroko erritmoaren arabera sakelari mesede egiteko. Horretaz gain, kasu askotan behar den potentzia baina askoz ere gehiago kontratatzen dute etxebizitzek, eta berezi, bizilagun komunitateek; duela gutxi %90 jaitsi zioten potentzia GOIENER-era aldatu den etxebizitza bloke bati.

Zuen etxean daukazuen kontsumoa eta kontratatutako potentzia alderatzeko, webgune interesgarria da www.bajatelapotencia.org

Pasa den astean Zalduondoko udaletxeak erabakitakoak pisu handia dauka; eragin handia izan dezakeen pausu txiki bat dela iruditzen zait. Baina instituzioek eman ditzaketen pausuez gaindi, norbanakoak gaude. Informatu lehen eskutik zer den GOIENER, eman bizkarra oligopolioari eta egin apustu energia berriztagarrien alde. Ormaiztegin, pixkanaka, ari gara gure bidea egiten. Oraingoz, norbanakoak; egunen batean, espero, Udalak.

energia burujabetza

Informatzeko edota bazkide bihurtzeko, jo GOIENER-en informazio guneetara edo bere webgunera.

“Bihotzean badut nik amets on ederrik, eta ez da eguzki distiratsuagorik, goazen bihotza betean, aurki dezagun, GOAZEN, GOAZEN, GOAZEN!”

Dragoi bolen bidetik, energia burujabetza / Dragoi bolen bidetik, energia burujabetza

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.

2 pentsamendu “Dragoi bolen bidetik, energia burujabetza”-ri buruz

  • Oso polita eta luzea testua, dragoi bola, burujabetza, mugimendu marginalak, ekologia……….eta “euskal herriaren” esistentzia eta superbibentziaz? Burujabetza? norena?

  • Lemonizen eraikitzen hari zen nuklearrean izan gendun aukera aparta honetarako:

    _Autosufizientzia energetikoa izateko
    _Energia nuklearran inguruan jakituri eta zerbitzuak garatzeko,
    _Elektrizitate merke eta ugaria izateko; Zenbat altzairutegui hari dira horain itxitzen? Zenbat ez dira zabaldu energia garestiagaitik?

    Baino agertu ziran sovietarr sudvertzioaren semeak, eta euskal herria txirotasuena eramaterako bideari ekin zihoten. Oiuka, nahiago dugu euskadi txirotua eta baltzitua, euskadi estatu funtzionarizatugabearen goitik.