Eman eta eman eta inoiz hustu ez

OTYz

Ezkutuan, baina sekula etsi gabe, euskarazko hezkuntzaren alde lanean aritu ziren emakumezko horiek merezitako omenaldia jaso dute. Foru Aldundia ikasgela bilakatuta topatu zuten andereñoek atzokoan. Arbela, mahaia, ikasleak, eta, batik bat andereñoak ez baitziren falta.

Frankismoko garai ilunetan, egin zuten lanagatik egungo euskarazko hezkuntza sistema ez litzateke posible izango. Euskararen egoera ez litzateke egun dena bezain ona izango haien lanik gabe. Horixe eskertu nahi izan die Markel Olano Ahaldun Nagusiak gipuzkoar guztien izenean. Eta andereñoek, esker onez hartu dute saria.

Elbira Zipitriaren izena eta izana izan ditu ahoan Mari Karmen Mitxelenak. Gerra aurreko eta gerra osteko zubigintza lana egiteagatik. Euskara eta euskal kultura oinarri hartuta, pedagogia berritzailea ezarriz, ikastolen aitzindari izan zelako, hari eskaini diote andereñoek domina.

Garai hartan ikastolen aldeko apustua egin eta euren haurren etorkizuna andereñoen eskutan utzi zuten gurasoak ere mintzagai izan ditu Mitxelenak. Eliza, elkarte anonimo, kultur elkarteak eta herri mugimendua, ahantzi gabe.

Harkaitz Cano idazleak, ikastoletako ikasle izan zenak, era samurrean eskertu die andereñoei eginiko lana. Andereñoen eskuzabaltasuna gogoratu nahi izan du; “Eman eman eta inoiz hutsik ez dira geratzen”.

Urrezko domina ez da nahikoa egin zuten lana eskertzeko, baina aurrerapausu bat da, hainbeste eman zuten horiei, emandakoaren zati bat behinik behin esker onez itzultzeko.

www.eskerrikaskoandereño.com webgunearen bitartez garai hartako esperientzien kontakizunak, argazkiak, anektotak etabar biltzen hasiak dira, guztien artean, euskarazko hezkuntzaren historia osatzeko. Memoria kolektibo baten gordailu izateko asmoz. Eta beste modu batera andereñoen eskuzabaltasuna eskertzeko.

Irudia | Elbira Zipitria | x | Creative Commons By SA
andereño, eskerrikaskoandereño.com, Ikastolak
ZuZeu

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude