Emakumeek gutxiago irabazten dutela eta…

Emakumeek gutxiago irabazten dutela eta… –

Amatiñok Euskadi Irratiko Albiste Faktorian.

Gizonen eta emakumeen arteko etorkizun bateratua nahi badugu, zergatik jartzen ditugu neskak eta mutilak ikasketa diferenteak egiten? Zer egin behar dugu neskek industria, teknika eta teknologia gustuko izan ditzaten?

Azken bolada honetan irratiz zein telebistaz zabaltzen ari da Eusko Jaurlaritzaren spota non salatzen den gizonezkoen eta emakumeen soldaten arteko arrakala. Hau da, emakumeek hamar ordutan egin behar omen dute lan, gizonezkoek zortzitan irabazten duten beste irabazteko. Ez dakit ba nik hori ez ote den… nolabaiteko erdipurdiko egia.

Nahiz Jaurlaritzak besterik aditzera eman, euskal gizartean andre eta gizon guztiek berdin kobratzen dute lan berdina egiteagatik. Hori segurtatzen dute enpresetako hitzarmen kolektikoek eta hori bermatzen dute enpresek, sindikatoek eta kontrol ofizialek.

Inork uste al du Irratitelebista honetan, Osakidetzan, Ertzaintzan, eskoletan, automozioan, siderometalurgian, ikerkuntzan, merkataritzan zein beste edozein sektoretan emakumeek gizonezkoek baino gutxiago irabazten dutenik, lan berdina egin arren, emakume izateagatik? Lan berdina eginez gero gizonezkoak emakumeak baino garestiagoak balira, enpresek emakumeak kontratatuko lituzkete, ez gizonezkoak.

Egia da, oro har, emakumeek gizonezkoek baino gutxiago irabazten dutela, baina ez lan berdina egiteagatik, ezberdina egiteagatik baino, hain zuzen ere. Adibidez, soldatarik altuenak ordaintzen dira industrian, non %25 baino ez diren emakumeak. Eta, ingeniarien artean, berriz,  %10 besterik ez, emakumeak.

Arazoa kulturala da eta, behin irrati-telebistan iragarkiak egiteari ekinez gero, zergatik ez ditu Jaurlaritzak neskak animatzen teknologiaren aukera egitera, lan teknikoetara abia daitezen? Zergatik ez Lanbide Heziketa teknologikoa burubelarri suspertu, nesken artean bereziki?

Azken batean, gizonen eta emakumeen arteko etorkizun bateratua nahi badugu, zergatik jartzen ditugu neskak eta mutilak ikasketa diferenteak egiten? Zer egin behar dugu  neskek industria, teknika eta teknologia gustuko izan ditzaten?

Hasteko, Jaurlaritzaren 2020rako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren iragarkian 12-13 urteko neskatilaren argazkia agertzen da. Ea ba.

Emakumeek gutxiago irabazten dutela eta...

Emakumeek gutxiago irabazten dutela eta…

Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

5 pentsamendu “Emakumeek gutxiago irabazten dutela eta…”-ri buruz

  • Arraioa Amatiño!! Edozein aukera aprobetxatzen du jaurlaritza peneuverori xaboia emateko.
    Oraingo honetan soldata arrakalaren mitoa probestuz…

  • Eta zergatik egin behar da zerbait neskak zientzia eta teknologia gustuko izan ditzaten? Non da erabakitzeko askatasuna? Emakumeak ez dira umeak eta badakite euren kabuz erabakiak hartzen.
    Hainbeste ahalduntze eta askatasuna aldarrikatu gero estatuak emakumeak zer egin behar duten esateko…
    Neopatriarkatua (estatala) elikatzen duzue.

  • euskaldun bat 2019-12-16 21:41

    Ezagutzen dudan neska gazte batek (17 urte ditu) ez du ulertzen nola pertsona batek Ingeniaritza ikas dezakeen: “hor makinak, olioa eta zikina eta ahhjjjj… ze nazka ematen duen! Nola ikas daiteke hori? Itsusia da eta!” esaten du. Ni saiatzen naiz irudi polit bat proiektatzen, mekanika ordez elektrizitatea edo elektronika edo informatika saltzen baina ez dago modurik. Fabrikak ez zaizkio gustatzen. Alfer-alferrik da Eusko Jaurlaritzaren kanpaina neska honentzat. Zer gustatzen zaion ez dauka garbi baina zer gustatzen ez zaion garbi baino garbiago dauka. Eta zer? Eta hori ez da izan hezkuntza matxista izan duela eta ez da gutxiagorik ere. Ez zaio gustatzen eta kito… eta ondo pentsatzen jarrita, batzutan pentsatu izan dut agian arrazoi duela, makina mundua ez dela hain polita, eta begirada luzatuz gero lanbide askoz interesgarriagoak (itxura batean behintzat) badaudela. Bere anaia gazteagoak ere makinak ez ditu ikusi ere egin nahi. Beraz, utz ditzagun tontakeriak alde batera. Gazte hauek badakite zer nahi duten eta zer ez. Beste guztia Eusko Jaurlaritzaren, unibertsitateen, lanbide heziketaren etab-en interesak dira kupoak eta plazak betetzeko orain feminismoaren karrora igo dira hauek ere eta. Izango du honek buelta, izango duenez!

  • Amonamantangorri 2019-12-16 22:40

    “Berdintasunaren paradoxa” izenekoa ba omen da: zenbat eta handiagoa izan gizon-emakumeen arteko berdintasun maila, orduan eta nabarmenagoa da haien arteko desberdintasuna lanbide eta ikasketak aukeratzean.

    Esaterako, proportzionalki, Aljerian emakume injeniari gehiago omen da, demagun, Euskal Herrian baino, eta paradoxa hau gure inguruan baino are nabarmenagoa omen da Europa iparraldean.

    Gaur egun, medikuntza ikasleen %80 emakumeak diren arren, zirujau eta espezialistetan gizonezkoak dira nagusi; familia-osasunean, aldiz, emakumeak.

    Informatikarien artean, aldiz, ia denak gizonak. Informatikaren hasieretan ikasle gehienak emakumeak ziren, orduan idazkari lanbidearekin lotzen zelako. Ekonomia eta Enpresa administrazioan gehiengoa emakumeak. Injeniaritzetan, bi salbuespen dago emakumeen presentziari dagokionez: ingurumen eta nekazaritza injeniaritzak.

    Badirudi berdintasun maila altuagoak dituzten herrialdeetan ez dakitela honekin zer egin. Zergatik ote? Kulturagatik edo biologiagatik, edo biengatik? Eta zer inporta dio? Zergatik ez dugu jendea bakean uzten?

  • Gai honi buruzko dokumental interesgarria (erdaraz):
    https://www.youtube.com/watch?v=Q5rj4ZKAGEQ

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude