Emakumeak eta kirola

Emakumeak eta kirolaDuela aste batzuk, kirolgune bateko aldagela batean, bi gizon eztabaidan aritu ziren artikulu honi izenburua ematen dion epigrafe horren inguruan. Nik, isilean, hitzez hitz jarraitu nuen eztabaida, eta, interesgarria aurkitu nuen nonbait.

Bitako batek argudiatzen zuen kirol guztiak ez zirela emakumeentzako aproposak. Naturalki ez zeudela prestatuak fisikoki asko exijitzen duten hainbat kiroletarako. Adibide bezala, eskupilota ipintzen zuen honek. Emakumearen eskuak ez baitu, bere ustez, pilota horiei erresistentzia egiteko sendotasunik. Besteak, haserre, gogor erantzun zion esanez argudiatzen zuen zekenkeria guzti hori, gizarteak buruan sartu dion emakume ideiaren ondorio besterik ez zela, eta, emakumeak, beren mailan bada ere, gizonen lez, edozein kirol egiteko gai zirela.

Eztabaida ez zen bertan gelditu, eta lehenengo subjektuak bigarrenari erantzun zion esanez  baietz, beregatik emakumeek kirola egin zezaketela, baina berari kirola egiten zuten emakumeak ez zitzaizkiola erakargarriak egiten. Gelditzen zaien gorputza ez zitzaiola ikuspuntu sexualetik gustukoa egiten.

Azken argudio honen ondoren, eztabaida, gutxi gora behera, itxitzat eman zen, azken baieztapen honek eztabaidaren hasierako funtsa zertxobait desbideratzen zuelako. Gainera, aldagela hartan nireak bukatu nituen eta alde egin nuen, bi subjektuak han utzita. Ez dakit eztabaidak jarraituko ote zuen.

Gauzak horrela, zer esan honi buruz. Nik behintzat ez dut uste inork esan dezakeenik emakumeak ez direla gai kirol bat edo beste egiteko. Buru bat, bi beso, bi esku, bi hanka eta bi oin dituzte, gizonek bezalaxe. Beraz, hasteko, planteamendu hori, gizartearen estigma baino, erridikulua iruditzen zait. Hala ere, gauzei zergatia aurkitzea nire erronketako bat izaten da beti, eta lehendabiziko subjektu horren argudioen azpian, ezkuturik, matxismo seinale nabarmen eta, seguruenik, inkontzientea aurkitzen dut. Ustez gizonek abantaila  daramaten hainbat esparrutan gainetik gelditzeko behar kontrolaezin eta irrazional hori, alegia. Ez dut beste esplikaziorik topatzen.

Emakumeak eta kirola