Elkano, oroimenaren leku

Elkano, oroimenaren leku – 

1984tik 1992ra Pierre Nora historialari frantsesak oroimenaren lekuen ideia (fr) definitu zuen hiru liburukiko Les Lieux de memoires idazlanean. Zer da herrialde baten ondarea? Badira ondare materiala eta ez-materiala. Hor kokatu behar dira oroimenaren lekuak,  herri oroimenaren erreferentziazko mugarriak, objektiboak ez direnak. Euskaldunok, baina, ez ditugu gureak definitu, aldameneko historiografia ofizialek eta utzikeriak ospeldurik. Egungo euskal autoestimu kolektiboaren gainbeheran eta autonomismoaren goraldian, nahiago dugu geure burua zigortu. Kontrako aldean, euskal kanal ofizialetan, ipuinen moduko kontakizunak entzun-ikusten ditugu gehiago, goxatuak, ia eztiak.

Elkano, oroimenaren lekuBai, bete dira 500 urte, heldu da Elkanoren mundubiraren efemeridea, eta hauts batzuk ere harrotu dira. Elkano ez da modakoa euskaldun askoren artean. Baskoen artean beharbada bai lasaiago, zeinek (autonomista, espainiar nazionalista edo euskal abertzale izan) erreka bere errotara ekarriz, baina zail egiten zaigu euskaldunoi Elkano aldarrikatzea. Egungo “Ze gaiztoak izan ginen” kontakizunaren beste atal bat. Jan ote dugu Elkano inperialistaren amua?

Historikoki anglosaxoiek Francis Drake jo izan dute lehen mundubiraren protagonistatzat. Mito hori baztertuta, Magallaes bihurtu zen mundubiraren protagonista, haren babespeko Pigaffeta ontzikidearen egunerokoan oinarriturik (Magallaes Filipinetan hil zuten arren). Espainian, berriz, Elkano aintza inperialez jantzi zuten gaur arte. Nazioartean Elkanoren protagonismoa argitara etorri denean eta haren irudiaren zabalkundea inoiz baino gehiago gure eskuetan dagoenean, Elkano larrutzeari ekin diogu.

Bitartean, ordea, zaila dugu testuinguru batzuetan esatea Elkano euskalduna zela ere (kantabriar naziokoa, bizkaitarra, XVI. mendean esaten zenez). Ingelesezko Wikipedian, aspertzeraino luzatzen dira edizio borrokak, ez gutxitan Espainia marka hedatzen duten soldatapeko erabiltzaileek hauspotuak. Duela mende erdi baino gehiago, Jose Artetxek, 1936ko estatu kolpera lerratuak, separatista akusazioak jaso zituen Elcano “El Cano” ez zela azaltzearren. Hargatik, egun, badirudi nahiago dugula Elkano berriz arroztu eta haren eta espedizioaren gaizki eginak nabarmentzea. Hargatik, Elkano eta inperial partitu zen espedizio hori, beren bihurrian, gure historia dira.

Elkanoren irudiaren espainiar apropiazio kulturala (1976)

Amaiurko Gazteluaren Setioa (1522ko uztailean) oroimenaren leku dugu, Juan Iturralde Suitek XX. mende hasieran ongi identifikatu zuenez; aldi berean, berriz, espainiar monarkiak muntaturik, Elkano buru zuen Espezieriaren Espedizioa heltzen ari zen San Lucar de Barramedara, Nafarroako independentzia gerrak puri-purian zirela. Espainiar monarkia kolonialarentzat itzela izan zen propaganda aukera, Hondarribia setiaturik zutela. Hargatik, Elkano, espedizio hori (bere itsasontziak tartean) gure oroimenaren leku dira.

Euskaldunon pertsonaia eta gertaera historikoak nekez dira soilak edo tolesgabeak, gehienak konplexuak, bihurriak dira, historikoki herri okupatu gisa egokitu zaigun bezala. Ez, gehienak ez dira argitsuak, grisak baizik: gogotsu aldarrikatuko ditugu Amaiurren 1522an gotortuak, argitsuak dira; ekimen kolonialetan parte hartu zuten euskaldun asko grisagoak ditugu. Gero, ilun beltz batzuk ere badira. Merezi ote du, esate baterako, Blas Lezo espainiar militarrak zirrikitu bat gure herriaren oroimenaren leku gisa? Argi eta garbi, ez.

Nazio orok behar ditu bere oroimenaren lekuak, eta dudarik gabe Elkano eta mundubiraren espedizioa, hain luze nazioartean gutxietsiak eta Espainian manipulatuak, dira horietako bat, ezinbestean. Elkano arroztu digute luzaroan, eta orain irudi du, barrutik, berriz arroztu nahi digutela Elkano, oraingoan antikolonialismoaren gorabeheran. Aldiz, horixe eskain dezake euskaldunen historiografiak: heroitasunaren kontrako diskurtso poliedrikoa, argiak eta itzalak dituen herrien historiaren irudi kritiko bat, kontraesankorra eta bihurgunez (oinazez) betea, baina gurea eta munduan toki bat merezi duena.

Elkano, oroimenaren leku

Euskal Wikilarien Elkarteko kidea, itzultzailea

Zer duzu buruan “Elkano, oroimenaren leku”-ri buruz

  • Gustatuko zaigu edo ez, baina Blas de Lezo, Kosme Damian Txurruka, Lope de Agirre, Martin de Gerri eta Juan de Urbieta (eta beste milaka asko: Paviako batailan 3000 mertzenario euskaldunek hartu zuten parte, garaiko Euskal Herriko populazio osoaren %1a!) euskaldunak ziren, eta gure historiaren parte dira. Ez dute lekurik “merezi”, lekua bai baitaukate jada. “Gure patroi handi” Iñaxitok, Loiolako bortxatzaileak, baduen bezala.
    Historia ez da leku polit bat, ongiaren eta gaizkiaren arteko errelato bat. Historia gauza zikina da, trixtea, nazkagarria. Bestea mitologia da.
    (Eta argi izan dezagun, egin behar ez den “what if” ariketa eginda, gaur jaio izan balira, Blas de Lezo eta Juan de Urbieta abertzaleak lirateke).
    Baina noski, hemen erdi aroko erresuma frantses bat estatu-nazio euskaldun bilakatu dugu, eta gure historiako pertsonaia asko iluntasunera kondenatu, gure herriaren historia montatu dugun errelato mitologikoan kabitzen ez direlako.
    Eta horrela gabiltza: munduari bira eman zion bigarrena (lehenbizikoa Enrike Malaka-koa izan baitzen, inork gogoratzen ez duena, Elkanok baina sei bat hilabete lehenago) euskalduna, eta gu lotsaz. Munduaren historian eragin ikaragarria izan duen Jesuiten Konpainia bi euskaldunek sortu zuten, eta gu lotsaz. Ameriketan entzun zen bigarren hizkuntza europarra euskara izan zen, eta gu lotsaz.
    Baina aldi berean, XVII. mendean “eubalaena glacialis” bale espeziearen ia erabateko desagerpena eragin izanak harrotzen gaitu.
    Noski, egitate honek ez du montatu dugun mitologia apurtzen, eta beraz, ongi dago…
    Ikasiko dugu mitologia gauza bat dela, eta historia bestea.
    Horrek ez du esan nahi, Elkanorekin egiten ari diren zuriketa gauza ona denik. Pertsonaiak beren garaian ulertzen saiatu behar gara, absurdua da Elkano multikulturala edota Lope de Agirre iraultzailea.