Elikadura burujabetza. Nork behar luke buru jabetzan?

Elikadura burujabetza. Baina nork behar luke buru jabetzan? Gauza guztiek omen daukate beren alde ona eta txarra: ying eta yang. Baina planteatu dezagun bi aurpegi atsegin dituen formula propio bat: jin eta jan. Etorri eta dastatu, alegia.

Elikadura burujabetza geroz eta gehiago entzuten dugun kontzeptua da, 30 urte atzera eginez gero etxeko hozkailua hein handi batean inguruko ekoizleek betetzen zutelako. Orain ez dira ez hornitzaile bakarrak ezta nagusiak ere, inondik inora. Batzuetan iruditzen zait erakundeetatik helarazten den mezua kontsumora besterik ez dela zuzentzen. Hori oso garrantzitsua da, baina herri mugimenduak askoz ere balio handiagoa daukan zerbait erantsi diezaioke: auto-eraketa. Ez jin eta jan, baizik eta jin, lan, bizi, goza eta jan.

Hurrengo lerroak irakurtzen jarraitu aurretik, argi gera dadila aitzurra parrandan bakarrik hartutako kale ume purtzil bat besterik ez naizela, baina borondate onekoa, ze demonio.

Vía Campesina taldeak proposatutako bidetik, itzelezko ikastaroa jarri du martxan Hegoak, gizarte mugimenduen eta kooperazio kritikorako ikerketa taldeak. Ziurrenik hurrengo urtean gai honetan askoz ere aurreratuago egongo den lagun talde bat izango dugu, akuilu egokitzen zaion testuinguruan.

Elikadura burujabetza
Elikadura burujabetza ikastaroa

Jendartean dauden egiturazko arazo gehienak bezala, honek ere hezkuntzan du bere sustraia. Gure belaunaldiko gazteok sekulako matraka jaso dugu txikitatik birziklapenaren gaiarekin, eta asko izan dira beren gurasoei horretan kontzientzia hartzen erakutsi dieten haurrak. Oraindik asko dago egiteko (ez naiz Gipuzkoako gai totemikoan sartuko), baina aurrerapauso garrantzitsuak eman dira. Elikadurarekin, tamalez, ez da bertsua izan.

Norabide honetan, herri batean baldintzak eraikitzea da gakoa. Langabetu bilguneak antolatu eta ekin. Ekoizleekin bildu eta ekin. Ekin lanketa eta salaketari, eta ekin aldi berean auto-eraketari eta berau posible egiteko beharrezkoak diren baloreen sozializazioari. Baina ekin.

Gaiak baditu mila helduleku. Ekoizleak eta kontsumitzaileak harremanetan jarri, eta lur publiko zein pribatuak eskuratu. Euskal Herria majo industrializatuta egon arren, landa eremua nagusi da oraino. Bizpahiru hektareak aise eman dezakete 60 lagunentzat, eta lurrak ez du zertan ikaragarri garestia izan behar (beti tokiaren arabera). Tokiko elikagaiak berrindartzea estrategikoa da herri batentzat, ez baita ona ekonomia errenka aritzea sektore batetik. Lehen sektorean abeltzaintza da nagusi hein handi batean. Diotenez, simaurra zabaldu baina ondoren ez bada lurra lantzen kutsadura zabaltzen da, bai lurrean eta bai erreketan. Gorputzaren osasunaz eta lurrarenaz hitz egitea gauza berbera bihurtzen da, finean.

Ekiteak, nahitaez, eztabaida teorikoak ere badakartza, beso zabalik hartu beharrekoak. Nire inguruan duela gutxi elikadura burujabetzarekin lotutako dilema bat dakart esku artean. Herri batean elikadura burujabetza bultzatu nahi duten eragileek non jarri behar dute iparra? Herrian bertan jendea tokiko produktuak erostera bideratzea eta horrela lanpostuak, paisaia, herriaren sare soziala… eraldatzea izan daiteke bat. Bestea, jendeak ahal eta nahi duen neurrian, baratza eta abereak izatea, auto-ekoizpena.

Zer hobetsi behar genuke? Baserritarrak lan gehiago izatea herritarroi jaten ematen, edo herritarrok lanean jarri geure buruari jaten emateko?

Elikadura burujabetzaNiri iruditzen zait bateragarriak direla puntu bateraino; bi lan lerroak oso ongi landuz gero egingo lukete talka euren artean, eta hori, tamalez, ez da epe laburrean gertatuko. Baina non dago muga hori? Baserrien eta lehen sektorearen garapena mugatzen hasi arte, ene aburuz. Norberak bere baratza lantzeak elikadura ohituren aldaketaz gaindi, bizitzeko ohitura aldaketa bat dakar. Dirudienez sentipen hau ere ari da jendartean zabaltzen, bestela ez dakit nola azaldu Jakoba Errekondoren liburuak izan duen arrakasta.

Baina hala eta guztiz ere, jendartean eman diren hainbat aldaketa aintzat hartu behar genituzke geure herrietan elikadura burujabetzarantz pausuak ematerako orduan. Agerikoena, ene ustetan, egunerokotasunaren martxa da. Bai haurrak, gazteak zein helduak goizean goiz etxetik atera eta normalean ez dira arratseraino itzultzen. Elikagaien kontsumo oso esanguratsu bat espazio kolektiboetan kontzentratzen da: eskola zein lantegietako jangeletan, bazkariak ematen dituzten taberna zein jatetxeetan, ospitaletan, zahar egoitzetan… Gakoa gune kolektiboetan dago, eta bertan muturra nola sartu asmatuz gero, lanpostu asko sortzen ariko ginateke; eta jangela horiek dedikazio handia jarriko dioten lagunek soilik hornitu ditzakete.

Lana sortzeaz gain, beste batzuk egun daukaten ogibidean ere eragingo genuke. Irudipena dut askotan baserritar mistoaren profila bazterrean geratzen dela, hau da, etxetik kanpo soldatapeko lana egiteaz gain, baserrira itzultzean lanean jarraitu behar duena. Gure herrietan baserritar mistoa baserritar mota hedatuena dela iruditzen zait, eta oso interesgarria litzateke pertsona hauen egoeraz hausnartzea; onena haiekin egitea da, noski, baina bien bitartean gai honetaz dezente dakien adiskide bati entzundakoa jarri nahi nuke mahai gainean. Demagun 500 langile inguru dituen fabrika bat dagoela gure herri inguruan, bertan beharrean dabiltzan lagunei bazkaltzen emateko jangela batekin; eta langile kopuru horretatik, 25 baserritar mistoak direla. Fabrikan, borondatea egonez gero, aukera batzuk planteatu ahalko lirateke, adibidez, baserritar misto horiek egun erdiz fabrikan lan egitea eta egun erdiz baserrian lantegi bertako jangela hornitzeko.

Astakeriak esaten ari al gara?

Elikadura burujabetza. Baina nork behar luke buru jabetzan?

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.